…Ala Arlote en Bilbao?

By | 2005/12/06

ArloteLehengo egunekoari segida eta amaiera emateko, gaurkoan gure euskal esfera teknologikoaren aitzinamendua galgatzen duen beste ikuspegi bat aipatu nahi dut. Zenbat kalte egin dion euskaldunari Arloteren pertsonaiak! Ezagutzen ez duenarentzat esango dut iragan mende hasieran asmatutako pertsonaia dela. Bilbo erdaldunduaren mundutik baserritar euskalduna umorez irudikatzeko saioa, topikoz eta etnozentrismoz betea. Pertsonaia honen eta historian bere rol bera bete duten beste batzuen inguruan Jorge Echagüek egindako lan bikaina irakur daiteke, edo beste hau, Arloteren gainekoa soilik. Baserritar xelebrea zen Peru Arloteagabeitia, Arlote, Leioako baserritarra (bai, orduko Leioakoa, egin kontu) eta are xelebreagoa bihurtzen zuen bere gaztelania traketsak, oso barregarria iruditzen baizitzaien erdaldunei. Pasadizu asko bizi izaten zituen Bilbon edo beste leku batzuetan, baserritik kanpo. Martinez Soria edo Cocodrilo Dundee-ren bertsio baskoak erdaldunengan euskaldun=aldeano asoziazioa gehiago errotzeko balio izan zuen.

ArloteErdaldun askok euskaldunak horrela ikusteak kalte egin digu, baina onartu beharra dago kaltea ere ekarri duela euskaldun askok erdaldunen Arlote horrek transmititutako irudiaren barneratzeak. Euskaldun guztiok daukagu gure Arlote alderdia barruan, zenbaitetan azaleratzen ahalegintzen dena.

Seguru teknofobo ezin barregarriagoa izango genukeela Arlote gaur egun, teknologia berriekin harremanetan jartzean hamaika pasadizu sortuko litzateke.

Agian gauzak nahasten egongo naiz, baina egunotan erdaldunen artean euskaldunon ikusgarritasunaren inguruan neuk erdaraz egindako ahaleginak eta ondorengo engantxadak erakutsi didate oso zaila daukagula erdaldunengan dagoen topiko hori gainditzea. Lehendabizi geure komunitate euskaldunaren barruan gainditu beharko genuke eta ondoren, koerentziaz eta indarrez hornituta, erdaldunei zer nolako gauzak egiten ditugun erakutsi (arlo guztietan, ez bakarrik Interneten arloan). Gure mundu modernoak topiko horiek nola apurtzen dituen erdaldunei erakusteko, lehenengo gauza beraz, gure mundua eta gure kontzientzia eraberritu beharko ditugu. Ezin gara sartu erdaldunen burmuinetan eta desprogramatu, egin dezakeguna zera da: lehenengo txipa aldatuta (teknofobia gaindituta) gauza asko, gauza on eta txukunak egin eta, ondoren, gure ondoan dagoen baina askotan ikusten ez gaituen erdararen esfera horren aurrean aurkeztu (Arlote lurperatu). Hurrenkera horretan egin beharko dugu, nik uste, lehenengo etxeko lanak egin eta gero autoritate gehiago izango dugu Arlote hil dela sinistarazteko.

2 thoughts on “…Ala Arlote en Bilbao?

  1. gorka

    Antzeko zerbait proposatzen zuen Fermin Etxegoienek “Neurona eta zeurona” saiakeran, euskararen estetika berriak proposatzen zituenean.

    Euskaldun batzuek beraien arlotekeria gainditzeko zailtasunak dituztela argi dago, baina nire ustez azken “reduktoa” izango dira hemendik gutxira (espero dezagun behintzat…).

    Teknofobiari dagokionez, zer esan, batzuei lurrak eguzkiaren inguruan buelta egiten duela esatea probokazioa iruditzen zaie… Apokaliptikoak, enfin…

    Reply
  2. Axp

    Lehengoan lagun batek justifikatzen zidan beste baten komunikabideen aurrean aurpegia emateko jarrera uzkurra (elkarrizketa egin behar zioten eta berak ez zuen nahi) “euskalduna delako” esanez. Nik uste dut hemen nahasten ari garela gure buruaz duten-dugun irudia eta hainbat arketipo oso barneratuta ditugula. Zer egingo diogu?

    Reply

Utzi erantzuna Axp(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude