Hegaldi merkeen zoramena

By | 2005/06/01

Oporraldia hemen dugu eta aurten inoiz baino gehiago erabiliko ditugu hegaldi merkeetako konpainien zerbitzuak. Duela gutxi arte ikasle gehienek autobusez egiten zituzten bidaiak Londresera, Bartzelonara edo Parisera… Gaur egun, ordea, oso hegaldi merkeak eskura daitezke Europako edozein hiri handitara joateko. Abilezia eta pazientzia pixkatekin edonora joatea merke aterako zaigu.

Interneten bidez erosten dira hegaldi merkeetako konpainien bidaia txartelak eta hori da bidaiak merkeagoak izatearen arrazoietako bat. Agentziei komisiorik ez eta langilerik ez, bidaiariak zuzenean erosten du txartela, erreserba sistema automatizatu baten bidez. Hegaldian aparteko luxurik ez dago eta catering (janaria) zerbitzuak aparte ordaindu behar dira. Gainera, aireportu txikietan eta gutxien erabili ohi diren ordutegietan izaten dira konpainia hauen hegaldiak. Zergatik? Aireportu baten erabilera ordu tarte jakin batean (slot esaten zaiona ingelesez) aireportuari erosi egin behar diote konpainiek, eta hauek askoz ere merkeagoak dira. Kontinente barruko hegaldiak izan ohi dira, aireportu txikietako slot horiek profitatzeko hegazkinak ere txikiak izan behar direlako.

Interneti esker garatu dira konpainia hauek, izan ere, nork bere txartela erosi behar du eta webguneetan eta euren datu baseekin konektatuta dauden sistema automatizatuak erabiltzen dira horretarako. Lan guztia erosleok egin behar dugu, hegaldien aukera asko probatuz, egokiena eta merkeena aukeratzeko. Horrek abilezia pixkat eskatzen du eta pazientzia, ordutegiak eta egutegiak kontutan hartuz aukera asko probatu behar baititugu.

Normalean konpainia bakoitzak hiri bakan batzuk lotzen ditu, baina ordutegien eta konpainia ezberdinen arteko aukera egokiak eginez, ia Europa osoko txoko guztietara helduko gara arazorik gabe. Euskal Herrian Bilbo eta Biarritz dira honelako konpainiak dauden aireportuak. Bilbotik, esaterako, vueling.com kataluniarrak Loiutik Bartzelonara, Valentziara, Malagara eta Erromara eskaintzen ditu hegaldiak. Easyjet konpainiak Londres Stansted-era egiten du hegaz egunero. HLX alemaniarrak Hannover, Koln, Bonn eta Stuttgart lotzen ditu Bilborekin. Air Berlin ere alemaniarra da eta, Mallorcako Palma lotune moduan erabiliz. Biarritzetik Ryanair enpresak Londresera eta Dublinera egiten ditu hegaldiak eta Dublinera Bilbotik ere hasi da hegaldiak eskaintzen Air Lingus enpresa irlandarra, hegaldien bilaketetan oso interface erabilgarriarekin.

Askoz merkeagoak izaten dira konpainia hauen hegaldiak, baina udan salneurriak igotzen dituzte askok, jakin baitakite data horietan eskaera handia dagoela. Horregatik komeni da erreserbak aurrerapenez egitea, azken orduan geratzen diren leku apurrak garestitzen direlako. Beraz, uztailean edo abuztuan alde egiteko ustea baduzu, hobe duzu ahalik eta lasterren erreserba egitea.

Lemoizko gatazka iruditan
Bizkaiko Lemoiz herrian, Armintzako portutik bi kilometrora, zentral nuklearra eraikitzeko proiektuak sekulako gatazka ekarri zuen gure herrira eta horren lekukotza egiten duen webgunea jarri dute sarean xploit|media taldekoek. Horren kontra izan ziren mobilizazioak eta bestelako gertaerak kronologia batean azaltzen dira eta zuri-beltzezko irudi ugari dago, urteka sailkatuta.

All Jazz Era eta Ortophonk
Funk musika egiten duten bertoko bi talde nabarmendu behar ditugu. Alde batetik All Jazz Era talde gaztea dugu, Gorlizen sortutakoa eta Oilosko, Arkaitz, Urtzi, Itziar eta Karmen taldekideek osatua. Webgune ikusgarria dute, Flash formatoan egindakoa, bideoak, abestiak eta argazkiak erakusten dituena. Bestalde, Gasteizko Ortophonk ditugu musika mota honetan ibilbide luzeagoko taldea. Nando de La Casa eta beste musikari profesional batzuek osatu zuten duela bost urte eta euren webgunean kantak, biografia eta bestelako jakingarriak aurkituko ditugu, idazmahairako fondoez eta Flash irudi ikusgarriez gain.

Ertz jaialdia
Musika aurreratuen Ertz jaialdia izan dugu ekaina hasieran Beran (Nafarroa). Bere burua “Nazioarteko bertze musiken jaialdia” bezala definitzen duen topaketa honen seigarren edizioa dugu aurtengoa eta, aurrekoetan bezala, musika bitxi eta aurreratuen azken joerak ezagutzeko aukera eman du Ertz-ek. Jaialdiari lotuta, hala ere, erakustaldiak eta tailerrak ere izaten ari dira beste leku batzuetan. Besteak beste, Arnold Dreyblatt, Jason Kahn, T�s�ri, Damo Suzuki & Zu, Eric la Casa & Thomas Charmetant, Astra, Xabier Iriondo & Gaizka Sarasola arituko dira Berako Kultur Etxean. Sototik irratsaio eta webzinea egiten duen T�s�rik jaialdiko artistekin elkarrizketak, audio artxiboak eta beste eduki batzuk ezarriko ditu bere e-zinean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude