Alexaren datuekin zoratuta

By | 2005/04/25

Alexa bilatzaileak bere nabigazio barra erabiltzen duten internauten nabigazio ohituretatik emandako sailkapenean oinarrituta, orraztapen partikularra egiten du Cybereuskadik, web baskoen ranking-a egiten. Ondoren, batzuek eta besteek aprobetxatu dute nork bere webak sailkapen horretan duen tokia nabarmentzeko. Alexaren sailkapen honek, ordea, ez du inolako fidagarritasunik. Hori esateko, nik ongi ezagutzen ditudan datuetan oinarritzen naiz: editatzen ditudan zerbitzarien estatistikak.

Bataz beste, 200 bisitari (session) hartzen ditu egunero sarean.com domeinuak azkenaldion eta 683.000. tokian dago sailkapen horretan. Bestalde, kafeantzokia.com editatzen ditudan webguneetan bisitatuena da, egunero 600 bat bisitari sartzen baitira. Alexaren arabera, ordea, sarean-en baino askoz gutxiago sartzen dira eta sailkapenean 1.514.937. tokian dago. Ondorioz, Cybereuskadik ateratako rankinean 784. tokian ageri da.

Ondorioa argi eta garbi dago: sailkapen horrek ez du ezertarako ere balio, guztiz azientifikoa eta okerra baita hortik ezer ondorioztatzea. Horri norberak egiten duen liseriketa partikularra gehitzen badiogu (Cybereuskadik baskoak zeintzuk diren kalkulatzeko zer metodo erabili duen edo erabili.com-entzat Argia eta Berria euskara hutsezkoak ez izatea), benetako esperpentoa daukagu sailkapena baino. Uste nuen iaz nahiko argi geratu zela, baina.

Alexa ez du ia inork erabiltzen, are gutxiago gurean. Nahikoa izango litzateke, beraz, erabiltzaile gutxi batzuek barra instalatzea eta webgune bat sarritan bisitatzea berau sailkapenean igoarazteko. Nork bere webgunearen propaganda egiteko arrazoi merkea deritzot ranking horretako kokapena nabarmentzeari. Horretan jausi dira, elkarren arteko lehian, nire eskualdeko ukdigitala eta ukberri.net. Baina, zintzoki informatu nahi izanez gero, nire iritziz, estatistika horien balio oso erlatiboa nabarmendu beharko lukete informazio horietan.

Alexaren sailkapena ez litzateke onargarria izango inolako estatistika seriorik egiteko, gehiegizko errakuntza ematen duelako. Akaso gure webguneetan zenbat amerikar sartzen diren edo… Hori ere ez, zenbat alexaren barradun internauta sartzen diren eta kitto. Hortik Ibarretxek Patxi Lopezen gainean duen aldea ondorioztatzeari gehiegikeria deritzot.

Askoz ere interesgarriagoak izango lirateke benetako zentralitatea duen Googleren sailkapena ikustea (eta haren barrarenak ere, askoz jende gehiagok erabiltzen baitu).

BTW edo bide batez (autobomboa), sarean.com-ek web baskoen sailkapen horretan gora egin du, 654. tokitik 333.era, euskaldunetan 26. tokitik 10.era šŸ˜‰

6 thoughts on “Alexaren datuekin zoratuta

  1. asier

    Alexa ez da oso fidagarria. Konforme. Baina ez du ezertarako balio?

    Alexa jende gutxik erabiltzen duela diozu, eta horregatik ez dela fidagarria. Baina arrazoi hori sendotzeko, zuk ezagutzen dituzun bi webgune aipatzen dituzu. Hori ere ez da, bada, oso lagin handia, ala?

    Nik beste zenbait webgune ezagutzen ditut, eta beraien estatistikak eta Alexarenak bat datoz. Oso-oso antzekoak dira. Bai, oso-oso.

    Horrek zer esan gura du? Alexa erabat fidagarria dela? Estatistika zehatz eta serioak egiteko balio duela? Ba hori ere ez. Baina gutxi gorabeherako erreferentzia bat dela, nik esango nuke baietz.

    Reply
  2. Jabi

    Nik diodana da erabat fidagaitza dela eta hori berresten duen datu bat ematen dut, baina datu hori gabe ere, inondik inora fidagaitza da, datuak biltzeko duen iturriagatik ez delako batere hemengo internauten nabigazio ohituren adierazgarria eta, beraz, ezin delako hortik atera hemengo webguneen sailkapenik.

    Bestalde, zuk ezagutzen baina aipatzen ez dituzun webgune zenbaiten datuekin bat datozela Alexarenak. Txiripaz asmatzearen aukera baztertu gabe, zeri esaten diozu bat etortzea? Batek beste batekiko duen aldea islatzeari? Bisita kopuru erabatekoari? Intuizioz web bakoitzak sailkapenean izan beharko lukeen tokiari, Alexako sailkapenean duenarekin alderatuta?

    Azken hau kontutan hartuz gero (intuizioa), badira sailkapenaren fidagarritasun falta agerian uzten duten webgune dexente sailkapen horretan. Web ezezagunak eta trafiko gutxikoak goikaldean eta askoz bisitatuagoak diren batzuk askoz beherago.

    Reply
  3. asier

    Oinarrian bat nator zurekin, Jabi. Hala ere, esan nahi dudana da, Alexa batzuetan erabilgarria dela. Erreferentzia bat dela.

    Alexa eta nik ezagutzen ditudan zerbitzarien datuak bat datozela diodanean, zera esan nahi dut: gure webguneen estatistikak ikusita ranking bat eginez gero, Alexaren datuekin bat datorrela, gutxi gorabehera, behintzat.

    Eta hori denok dakigu. Daturik izan gabe galdetzen badizute zeintzuk diren euskarazko webgunerik bisitatuenak? Zer esango zenuke? Berria, Sustatu, Goiena.Net, Eibar.Org, Argia… Ezta? Eta zer dio Alexak? Ba horixe. Eta Euskal Herriko webgunerik bisitatuenak? Panda? Correo? Diario? Eta zer dio Alexak? Ba horixe.

    Hau da, Alexa ez dela oso fidagarria, baina komunikabideen estatistika guztiak bezalaxe. Liburu-salmenten zerrendak? Egunkarien salmenten datuak? Diskarik salduenak? Telebista-programa ikusienak? Horiek zehatz-zehatzak dira?

    Ba Alexa ere antzera. Ez da fidagarriegia, konforme, baina besterik ezean, horixe onena.

    Bai, bai, txarrena ere bai. šŸ™‚

    Reply
  4. ukberriko lantaldea

    Kaixo, Jabi ta konpainia:

    Alexari buruz mantentzen duzuen eztabaida interesgarriaren inguruan, kontutxo bi, guri dagokigunagatik, biak paragrafo honen inguruan:

    “Alexa ez du ia inork erabiltzen, are gutxiago gurean. (…) Nork bere webgunearen propaganda egiteko arrazoi merkea deritzot ranking horretako kokapena nabarmentzeari. Horretan jausi dira, elkarren arteko lehian, nire eskualdeko ukdigitala eta ukberri.net. Baina, zintzoki informatu nahi izanez gero, nire iritziz, estatistika horien balio oso erlatiboa nabarmendu beharko lukete informazio horietan.”

    Bi kontuak hauek dira:

    1) Ez da inolako “lehia” egon kontu horren inguruan ukdigitala eta ukberri.net-en artean. Argi zegoenez ukdigitalak guk baino irakurle gehiago zituen eta horren emaitza Alexan ere ateratzen zen. Ez da oso azkarra izan behar jakiteko euskaldunak eta erdaldunak gazteleraz irakurtzen dutela eta euskaraz, aldiz, soilik euskaldunak. Gero, informazio trataeran guk euskarazko eta eskualdeko webguneen emaitzak eman genituen. Geroago, Ukdigitalak ere gauza berberaren bere irakurketa egin zuen, eskubide osoz.

    2) “Estatistika horien balio oso erlatiboa”ri dagokionez Ukberrik emandako informazioan erlatibotasuna argi zegoelakoan geunden. Izan ere, paragrafo hauetan ikus daitekeenez ez diegula inolako ziurtasunik ematen:

    “Alexaren sailkapenaren inguruan”

    “Asier Sarasua Eibartik bitakoraren egileak Erabili.com webgunean esan duenez ‘Alexa ez da oso fidagarria bere rankineko 100.000. postutik atzera (beraiek onartzen dute)'”.

    “Era berean, Zuhar Informatika enpresako kidea den Osoitz Elkorobarrutiak pasa den urtean Sustatun idatzi zuenez ‘Alexak nagusiki Internet Explorer 6 erabiltzaileen nabigazio datuak espiatzen ateratzen dituela, gero eta zabalagoa den talde baten datuak kanpoan uzten ditu: Spywarea kentzeko programak erabiltzen dituzten IE6ko erabiltzaileak eta IE6 ez den beste nabigatzaile bat erabiltzen dutenak (W3schools-en arabera, %25-30). Bestalde, gehitu beharko liratezke Alexa nabigazio barra instalatuta duten IE erabiltzaileak, Alexaren informazio iturri ofizial bakarra'”.

    “Horregatik, Alexaren sailkapena ‘benetako datu zehatza baino, gutxi gorabeherako erreferentzia” bezala definitu du Sustatuk behin baino gehiagotan'”.

    Baina, norbaitek oraindik zalantzarik edukiko balu, hori laster konpon daiteke. Jabiren baimenarekin edota CC lizentziarekin eztabaida hau gure webgunera ere eraman nahi baitugu. Mila esker aurretik, Jabi.

    Bestela, Jabi, Asierrekin gaude. Alexa erlatiboa da baina zer edo zertarako balio duelakoan gaude (EAEko hauteskundeetarako inkestetan ere baziren EA-EAJrentzat 34 jesarleku espero zituzten batzuk, baina horrek ez du esan nahi inkestek balorerik ez dutenik).

    Besterik gabe, mila esker egiten duzun bitakora honengatik eta argazki-bitakoragatik benetan irakurtzeko eta ikusteko interesgarriagoak direlako.

    PD: “autobombo”-arena, noski, onartzen dugu. Baina emaitza ez zen triste jartzeko, ezta? Batez ere, gure datuek Alexak emandako tendentzia (uste dut hori dela berbarik aproposena) baieztatzen zutenean.

    PDD: “esperpentoa”-n ez sakontzeko euskarazko webguneen artean berreskuratu genituen Erabili.com-ek baztertutako Argia eta Berria. Ez dugu kritikatzen Erabili.com-en aukera, baina ez geunden ados, besterik gabe.

    Orain bai, ondo izan.

    UKBERRI.NETeko lantaldea

    Reply
  5. ZaPo

    Ez naiz bisita kopuruaz geyegi arduratzen, miƱo kuriosidadez sartu naz beitzea ea gure webgunea zenbatgarren postuan zegoen ta… Sorpresa! Oroitzet beiratu nun azken aldiyan (lengo urtean edo…) 2 miyoigarren postu inguruan giƱela, ta oain ez omen gaude rankiƱean… Egiya san aurreakuna neikua arrittu zian gure webeko norbattek Alexako barra euki izate utxa, miƱo bueno… ez omen gattu iƱork ikusten orduan…

    Nire sorpresaz gain esan ez dudala olako estadistiketan xinisten ze normalean bezela utx itteutela klaro do! Ze ez dut esaten aurreko puntan eon berko zuekin Kamiyoplanet.com webguneak, miƱo nik dakitela egunian 600-700 horrialde ikusten dia… Ta euskalkera utxezko izanda nik uste ez dela gutxi…

    Ez dakit zeozer aportatu dudan betiko modun, miƱo gustoa geau na asi ke ea hurrengo bateako rankin fidagarriren batez itzeiten deun, naiz ta nik uste eziƱezkoa dela oi… Ze interesak beti interes….

    Reply
  6. Pingback: sarean.com » Euskal weben ranking-ak: oker gabiltza berriro

Utzi erantzuna ZaPo(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.