Zientziarako sarbide librea

By | 2005/03/03

Jakintza unibertsalizatzeko sekulako baliabidea da Internet, aintzinako entziklopedisten ametsa gauzatzeko aukera ekarri diguna. Jakintza, ordea, sarean ipini behar da, jendeak berau eskuratzeko aukera izan dezan. Bide horretan doaz Wikipedia eta eduki libreak sarean jartzen dituzten ekimenak, zein dibulgazioa egiten duten doako aldizkari elektronikoak. Zientziaren jendarteratzean aurrerapausu nabarmenak egin dira, baina zientzia ikerketaren zabalpenean oraindik eskema zaharra da nagusi eta ospe handiko aldizkari berezituek negozio eredua montatuta daukate horren gainean. Edukiak zabaltzea debekaturik dago eta harpidetza izugarri garestiak ordaindu behar dira horiek eskuratzeko. Eredu horren kontra matxinatu dira ikerlari batzuk, ikerketarako sarbide librea aldarrikatzen duen Open Access mugimendua sortuz.

Sareak ahalbidetzen du lehen ordaintzea beste erremediorik ez genuen zerbitzu asko orain dohainik erabiltzea. Informazio orokorrak eta gaurkotasunekoak eskuratzeko balio du, baina jakintzaren arlo askoren hedapenerako ere biderik onena da, XV. mendeko inprimategiarena baino baliabide azkarragoa eta ahalmen izugarri handiagokoa. Kulturaren eta zientziaren hedapenerako ezezik, ikerketaren garapenerako bidea ematen digu, baina batzuk ez daude jakintza berezitu horri sarean bidea zabaltzeko prest, euren negozio eredua ikerketaren salmenta garestian oinarritu dutelako.

Izen handiko aldizkari berezituetan agertzea ohorea da ikerlari batentzat, izena emango baitio. Horregatik aldizkari batzuek ikerlariari berari kobratzen diote bere ekarpena argitaratzeagatik. Beste batzuei agian ez, idazten duenaren ospearen arabera. Edozelan ere, oso lagun gutxirengana heltzen da jakintza hori, aldizkari horietako harpidetzak hain dira garestiak ezen unibertsitate batzuek ezin izaten dituzte ordaindu eta, ondorioz, jakintza ez da behar bezala hedatzen, gizarte osoaren aurrerapena galgatuz.

Bitartean, sarean gero eta gauza gehiago doan egiteko aukera dago eta internautak ez daude zenbait zerbitzuren truke ordaintzen jarraitzeko prest. Telefonoarekin laster gertatuko da, ordenagailua erabiliz lagunekin mintzatzeko programak hedatzen doazen neurrian telefonia enpresek ematen diguten zerbitzu hori erabiltzeari utziko baitiogu apurka-apurka. Diskoak saltzen dituztenak ez daude prest euren bitartekaritza dagoeneko ezinbestekoa ez dela onartzeko eta musikari askorentzat ona dela musikaren banaketa librea. Britannica edo Encarta bezalakoek entzikopedia liburukoteak edo harpidetzak saltzearen gainean eraiki dute euren negozio eredua eta orain ez daude prest eredu hori bertan behera uzteko. Zabalkundearen oztopo bilakatu dira benetan zabalkunde unibertsalaren aukera heldu den garai honetan. Horregatik sortu dute Wikipedia librea jakintza unibertsalaren aldeko ekintzaileek.

Baina aurrerapenak aurrera darrai, oztopoak oztopo. Horregatik ikerle batzuek planto egin dute eredu zaharraren kontra. Ikerketarako sarbideagatik ordaintzeari eskandalagarria deritote, are gehiago, ikerketa denon onerako izango den printzipioan oinarriturik, aldizkari berezitu horietan argitaratzen diren artikuluetarako ikerketa diru publikoz edo babesle pribatuen babesaz ordaindua izan denean. Jakintzaren bahiketa esan dakioke orduan aldizkari horiek egiten dutenari.

Zientzia ikerketa aldizkarietan peer review sisteman oinarritzen da artikuluen kalitatea zaintzeko prozedura: ikerketa artikulu berria argitaratu baino lehen kide batzuek ikuskatu behar dute eta horiek eginiko zuzenketen ondoren berridatziko du artikulua egileak. Hori ez da, hala ere, ordaintzea justifikatzeko arrazoi nahikoa. Hain zuzen ere, software librearen garapenean lan egiteko modu arrakastatsuaren funtsa da hori: beste batek egindako hobekuntzei zuzenketak egiten dizkiete beste kideek eta, zuzenketak egiaztatu ondoren argitaratzen da programaren hobekuntza edo bertsio berria.

Sarbide libreko aldizkarien aurkibidea da Directory of Open Access Journals (DOAJ). Bertan aurkituko ditugu sarean euren edukiak doan argitaratzen dituzten aldizkarien loturak. Public Library of Science (PLOS) izenekoan berriz biologia, genetika eta medikuntza artikuluak irakur daitezke doan, borondatezko harpidetzak eta ekarpenak ere onartzen diren arren.

LABURRAK

Kultura webgune berria
Leioako kazetaritza fakultateko zenbait ikaslek sortu dute eremulauak.com webgune berria. Bertan denetariko kultura adierazpenen gaineko albisteak jasotzen dituzte: musika, literatuta, ikusentzunezkoak, argazkilaritza eta beste. Edonork esku har dezakeen webgune ireki moduan aurkezten dute. Agenda atala erabat irekia da, inolazko bitartekaritzarik gabe, norberak nahi duen hitzordua sar dezake eta eztabaidagunea ere badago. Eztabaidaguneko galdera bati erreparatu: Internet euskaldun bat existitzen da?

Dokumentazioa euskaraz
Dokumentalistentzat edo dokumentazioaren inguruko berriak jarraitzen dituztenentzat webgune aproposa da Dokulan bitakora. Bertan Iñaki Arrieta Barok gai honi lotutako albisteak biltzen ditu euskaraz, gehienak sarearekin lotutakoak daude eta dokumentuak biltzeko, sailkatzeko eta artxibatzeko lagungarriak diren teknologia aurrerakuntzak aipatzen dituzte. Blogspot zerbitzuan hartu du ostatu Dokulanek, haren interfazeko mezuak ere euskaratuta.

Ligatzeko webgunea
Azkenaldion denon ahotan dabilen “euskal arazoa” konpontzeko xedez sortu dute topaleku.com webgunea. Bilbon jendea ezagutzeko zerbitzua eskaintzen dute, aurrez-aurreko topaketak bertako taberna batean antolatuz. Hitzordu bakoitzean, aurretik 29 euro ordaindu duten zortzi lagun ezezagun biltzen dira, begirale batek koordinatuta eta elkar ezagutzeko zortzi minutu izan ohi dute. Lehenengo topaketaren ostean, nahi izanez gero, harremana telematikoki jarraitzeko aukera dute erabiltzaileek. Nos Citamos erdarazkoaren euskarazko bertsioa da webgune hau eta atal batzuk oraindik euskaratu gabe daude.

2 thoughts on “Zientziarako sarbide librea

  1. eneko

    Nere ustez, artxibo irekien adibidea polita da, adibidez, Frantziako CNRS-k bultzatzen ari den,
    Archive Ouverte en Sciences de l’Information et de la Communication.

    Archivesic izenekoa

    Gainera OAI (Open Archives Initiative) -ren bitartez irakurriz informazio hori beste toki askotara banatzen da OAI-PHM erabiliz. (RSS-en antzera funtzionatzen du)

    Oso bide interesgarria da dokumentazio zientifiko edo akademikoa zabaldu eta banatzeko. Honetaz CS-n jardun dugu apur bat OAI izenekoa
    proiektuan .

    Reply

Utzi erantzuna Mifune(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude