Eguraldia eta elurra sarean

By | 2005/01/27

Eguraldia bihurtu da azken egunotako hizpide nagusia. Batzuentzat etxean geratu eta lanera ez joateko arrazoi edo aitzakia da elurtea. Beste batzuentzat, ordea, etxetik atera eta eskiatzera irtenaldia prestatzeko zioa da. Gaur, eguraldiari buruzko informazioguneak aipatzeaz gain, elurraz gozatzeko sareak eskaintzen digun laguntza aipatuko dugu.

Irrati eta telebistetan ezbehar handi eta ezustekoa gogora ekartzen duen urduritasunez ari dira jarraitzen frontearen ibilera, gerra frontea bailitzan eta errepideak horren isla dira, beste leku batzuetan aparteko arazorik sortuko ez luketeen lauzpabost elur malutek sekulako kaltea egiten dute hemen, batik bat kostaldean guztiz ezohikoa baita elurra. Etxetik irten aurretik gure ibilbidean oztoporik izango dugun begira dezakegu Interneten.

Esaterako, EAEko trafikoari eta errepiden egoerari buruzko informazioa dago Eusko Jaurlaritzaren euskadi.net berrituan, hasieran agertuko zaigun erdarazko orrialdean euskarazkora pasatzeko eu dioen lekuan sakatu ostean. Nafarroako gobernuaren cfnavarra.es webgunean berriz, are zailagoa izango dugu euskarazko informaziorik aurkitzea, gogoz saiatuta ere, baina gaztelaniaz eguraldiaren eta errepideen gaineko informazioa aurkituko dugu.

EITBn gure inguruko hainbat estazioren webguneetarako lotura zuzenak aurkituko ditugu. Estazio bakoitzaren gaineko informazioa ere badago baina ostiraletan eguneratzen da soilik. Aldiz, skiinfo.fr webgunean, Frantziako ski estazioen egoerari buruzko informazio eguneratua dago: bakoitza irekita dagoen, zenbat elur dagoen, zenbat kilometrotan eskiatu daitekeen eta elurra nolakoa den. Antzeko informazioak eta beste asko aurkituko ditugu Espainiako soloski.net domeinuan.

Munduko edozein bazterretan eskiatzeko prest bagaude, berriz, nahiko interesgarriak dira nevasport.com webgunea gaztelaniaz eta goski.com ingelesez. Nevasport-en, bestalde, hasiberrientzako erreportaiak aurkituko ditugu eta forfait-ak, erremonteak eta bestelako kontzeptuak azalduko dizkigute. Eski mota ezberdinen informazioa eta gure ezaugarrien arabera beharko dugun ekipamenduaz aholku batzuk emango dizkigute eta galderak egiteko eztabaidaguneak ere aurkituko ditugu, gure zalantzak beste internautek argi diezazkiguten.

Baina eski estazio bakoitzak bere webgunea ere izaten du eta hor aurkituko ditugu, inon baino zehaztasun handiagoarekin, bertako egoeraren informazioa. Gure inguruan, esaterako, la-pierre-saint-martin.com edo valdezcaray.es webguneek estazioen gaineko jakingarri guztiak eskaintzen dituzte. Arettekoak, gainera, unean uneko egoera erakusten duen webcam bat du.

Zuzeneko irudiak ikus ditzakegu, halaber, herrialde osokoak eskaintzen dituen andorraonline.ad domeinuan edo mundu osokoak eskaintzen dituen snowpipe.com atarian. Bestalde, soloski.com-en bezala, bidaiak, ikastaroak, egonaldiak eta bestelako produktu asko aurki ditzakegu mundoski.com webgunean. Hala ere, akaso nahiago dugu aldez aurretik leku bat aukeratzea eta ondoren oporraldi osoa biltzen duen duen eskaintzaren bat bilatzea, bidaia, egonaldia eta pistetarako sarbidea bere baitan hartzen duena. Horretarako pirineos.com, guiasesqui.com edo esquinieve.net erabili ditzakegu. Lekua hain garrantzitsua ez bada, hobe izango dugu ohiko bidaia agentzietan dauden eskaintzetako bat hartzea, viajeseroski.com webgunekoak kasu.

Denda moduan hasi eta Interneteko negoziorik arrakastatsuenetakoa dugu aspalditik Barrabes denda. Bere barrabes.com domeinuan, ekipoa erosteaz gain, dagoeneko informazio mordoa aurki dezakegu mundu osoko estazioei buruz. Neguko kirol guztiak kontutan hartzen dituen albistegi txukuna du webgune honek, baita erreportaiak eta aholkuak ere.

Ez da elurrik faltako egunotan, akaso sobera ere izango da. Beraz, bidea ezagutzen ez badugu hobe izango dugu guiacampsa.com edo viamichelin.com erabiltzea. Ondoren, arestian aipatutako helbideetan begiratu, errepidean arazorik dagoen ikusteko eta ez ahaztu kateak eta gainerakoak eramatea.

LABURRAK

Wireless jardunaldia gaur
Haririk gabeko konexioen gaineko jardunaldia antolatu du Araba Enpresa Digitala ekimenak gaur arratsalderako, Miñaoko teknologia parkean. Wi-Fi konexioen funtsa ezagutzeaz gain, bere aplikazioak, abantailak eta arazoak ezagutzea da jardunaldion helburua. Halaber, teknologia hori arautzen duten legeak eta lege horiek aplikatzeko orduan sortzen ari diren arazoen inguruan jardungo dute bertan; izan ere, telekomunikazio enpresei konpetentzia egiten diela argudiatuta, Espainiako CMT erakundea hainbat herri eta hiritako Wi-Fi sare publikoak debekatzen ari da azkenaldion. Trafikoaren kontrola eta enkriptazioa ere izango dute hizpide bertan. Doako hitzaldia izango da baina entzule kopuru mugatukoa.

Doako egunkarien gerra
Aspaldi iragarrita zegoen doako egunkarien gerra heldu da Bilbo aldera. Orain arte webgunerik ez duen El Nervion jaun eta jabe bazen ere, iragan astean Que egunkari espainiarraren Bilboko edizioa agertu zen. Aurrekoan bezala euskararen presentzia hutsaren hurrengoa den Que Bilbao-k zabaldu duen webgunean izena emandako irakurleek idazteko aukera dute, Ohmynews korearraren bertsio mugatuan. Ondoren egunkariak albiste horietako batzuk argitaratzen ditu paperezko edizioaren orrialde batean.

Estatistika interesgarriak
Euskal Herriari buruzko datuak aurkituko ditugu Gaindegiak, Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategiak sarean ezarri duen Datu Talaia izeneko webgunean. KAM enpresaren webgunean ostatu hartuta dagoen webgune honek demografia, ekonomia, gizartea, euskara eta hezkuntza arloko hainbat estatistika, herriz herrikoak, herrialdeka eta Euskal Herri osokoak biltzen ditu. Datutegi honen aurkezpena bere burua ere aurkezteko baliatu du Gaindegia sortu berriak. Gure herriaren sozio ekonomia esparru zabala biziberritzea du helburu eta gaindegia.org izango da elkarte honen webgunea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude