Blogosferaren boterea

By | 2004/09/22

Blog edo bitakora pertsonal zein kolektiboen fenomenoa gero eta hedatuagoa dago, gero eta kolektibo boteretsuagoa bihurtzen ari da blogger-ena. Iritzi emale aktiboz osatutako gizarte paraleloa osatzen dute, demokrazia eskatzen duena eta esku hartzea galdatzen duena. Sareratzen diren ohiko komunikabideen ondoan, bitakorak oinezko internautarengandik hurbilago daude. Haiek ez bezala, zentsurarik gabeko iruzkinak egitea ahalbidetzen dute eta, esateko asko duenarentzat, adierazpide eraginkor eta eskuragarria eskaintzen dute internauta bere kazeta pertsonalaren editore bihurtuta.

Gurean oraindik oso garatuta ez dagoen arren, blogosfera gero eta indartsuagoa da Espainian edo, zehatzago esateko, Internet hispanoan. Izan ere, muga fisikoak baino hizkuntza da hemen eremua eta blogosfera hispanoan badira leku guztietako erreferentziak: Mexikotik alt1040.com egiten duen Eduardo Arcos ekuadortarra edo Bartzelonatik MiniD.net egiten duen Diego Martin Lafuente argentinarra.

Berriki, hispaniar blogosferaren jarraipena egiten duen bitacoras.com atariak gaztelaniazko bitakoren top 500-a atera zuen, blog horietatik eta horietara doazen loturak kontutan hartuta. Sailkapen horretako erreferentzia nagusiek teknologia, diseinua edo blogosfera bera dute mintzagai. Azken hauek, metabitakorek, fenomenoaren bilakaera hurretik jarraitzen dute, blogosfera.org, bitacoras.org, blogpocket.com edo weblogmagazine.net ezagunak kasu.

Noski, sensu estricto bitakora edo blog-a kronologikoki ordenatuta norberak nahi duena idazten duen eguneroko elektronikoa da eta tontakeriaz betetako milaka bitakora pertsonal erdi ezezagun daude sarean. Baina blogosferako erreferentzia nagusiak ez dira horrelakoak izaten, salbuespenak salbuespen. Bisitari gehien jasotzen dituztenek gizarte gaiak, politika eta teknologia dituzte hizpide. Kazetaritza egiten dute, gehienetan iritzi artikuluen bidez edo interpretazio testuen bidez. Oso gutxitan aurkituko dugu informazio hutsaren generoa bertan, baina irakurlego fidela duten kazetaritza argitalpen garrantzitsuak bilakatu dira escolar.net, isopixel.net eta librodenotas.com bitakorak. Azken finean irakurleak fidagarritasuna eta zintzotasuna estimatzen ditu eta egunkarietan baino gehiago somatzen ditu ezaugarri horiek bere gustoko bitakoretan.

Kazetaritza mota berri honek ezaugarri nagusi bat dauka: azken albisteak eta joerak inork baino arinago harrapatzea eta hedatzea. Husnatzen ibiltzen den internauta multzo aditua du atzean, non bilatu eta zelan bilatu ondotxo dakiena. Horregatik erreferentzia bilakatu dira ohiko komunikabideek gabezia handiak dituzten eremuetan: joerak, teknologia… Eta sareko zein teknologia gaiak jorratzeko daukaten modua ere garrantzitsua da. Esaterako, egunkarietan oraindik gai arrotz bezala hartzen dute beti Internet eta teknologia, sarri topikoetan jausiz edo, garrantzitsua baztertuta, anekdotikoa eta tribiala baizik ez dena nabarmenduz. Bitakorek berriz informazio eta iritzi sinesgarriagoak eskaintzen dituzte arlo horietan.

Ohiko komunikabideetatik bitakorei egiten zaien kritika nagusia profesionaltasun falta da, haietaz zerbait esatera ausartzen direnenan, egunkari eta telebistetan joera nagusia blogosferaren aurrean ezikusiarena egitea baita. Baina egunkarietan ere ez dago objektibotasunik eta hori ondotxo dakite blogosferan dabiltzan irakurle mesfidatiek. Ohiko komunikabideekiko jarrera kritikoa daukate blog irakurleek, hezkuntza maila altua eta euren zirkulo hurbilean eragin sozial handia… Baina, zein da blogosferaren eragina gizartean? Zenbat eta garatuagoa egon, handiagoa izango da, baina bada adibide aipagarririk.

Behinola aipatu genuen moduan, AEBetako hauteskundeetan gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari da sarea, Bushen kontrako moveon.org mugimendu herritarra da adibide baina bitakorak bilakatu dira azken hilabeteotan eztabaidaleku eta albiste iturri nagusiak milioika amerikarrentzat. Azken egunotan Bush-en eta Kerryren soldaduska garaiaren gaineko informazioak eta eztabaidak blogosferan sortu dira eta ohiko komunikabideak haien atzetik ibili beste erremediorik ez dute izan. Slashdot edo Technorati bitakora kolektibo ezagunek txoko bereziak sortu dituzte hauteskundeak blogosferaren ikuspuntutik jarraitzeko eta bitakora batzuek akreditazioa lortu dute demokraten eta errepublikarren bilkuretan. Hautetsientzako dirua batzeko bitarteko ona direla frogatu dute, gainera.

Fenomeno bitxiak ere izan dira, ia denek blogosfera demokraten eremua zela uste zutenean etorri baita bitakora errepublikarren loraldia, blogsforbush.com begiratzea besterik ez dago hori ikusteko.

Blogosfera hispanoan botere kolektibo horren adibide xaloagoa aurkitu dugu azken egunotan, El Pais egunkariak barkamena eskatu behar izan baitu dorre bikien inguruan eginiko iragarki bategatik, bitakora batzuetan sortu eta berehala hedatu den olatu kritikoaren eraginez.

Gurean, are xaloagoa da eragin hori, baina apurka-apurka haziz doa blogosfera euskalduna. Sustatuk akreditazioa lortu du beste komunikabideen moduan Donostiako Zinemaldia kubritzeko.

LABURRAK

Eitb 24 orduetan
Astelehenean eitb24.com informaziogune berria aurkeztu zuen EITBk Bilbon. Etengabe albisteak bilduko ditu webgune horrek gaztelaniaz, euskaraz eta ingelesez. Gainera, irratietako albistegiak, bideo albisteak, eta eztabaidaguneak eskainiko ditu, taldeko komunikabide ezberdinetako baliabideak sarerako egokituz. Aurkezpen ekitaldian BBCren webguneko arduradun Richard Deverell britainiar katearen ereduaz mintzatu zen eta, ondoren, informazioak Interneten izango duen etorkizunaren inguruko mahainguru bat izan zen. Eztabaidan bertsio elektronikoa duten bertoko egunkari nagusietako ordezkariak izan ziren, baina sareko berezko komunikabide digitalik edo bitakorarik ez zen izan bertan.

Fisika eta ekologia
Fisika ikasteko webgune berria ezarri du Interneten eFaber enpresak. DBHko ikasleentzako azalpenak, ebaluazio probak, ariketak eta Flash formatoko simulazio interaktiboak ditu webguneak, gaika sailkatuta. Berriki Ekologistak Martxan taldearen webgunea ere egin du enpresa berak, taldearen gaineko informazioak eta albisteak biltzen dituena.

Weblog Magazine 1.0
Bitakoren mundua PDF formatoko aldizkari baten bidez aztertzen duen Weblog Magazinek lehenengo zenbakia sareratu du eta sarean eskuragarri dago doan. Blogosferaren inguruko gogoeta mamitsuak bildu ditu protagonista nagusien eskutik zero zenbakian arrakasta handia izan zuen argitalpen honek.

One thought on “Blogosferaren boterea

  1. kapt. kurtz

    Eta zer deritzozu gure Borjamari famatuari buruz? Ez dakit beste hizkuntzen blogosferatan gertatzen den honelako pertsonaia bat azaltzea, baina bere iritziez gain, fenomeno bezala ez du parerik. Bai pertsonaia bera, bai iritziek sortzen dituzten ondorioak. Kritika zorrotza eta prentsa arrosako tabloideen arteko zerbait. Konspirazio kutsu batekin. Sasi-Sozio-Psikologia egiteko moduko zerbait.

    Reply

Utzi erantzuna kapt. kurtz(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude