Makinek aurrea hartuko digute?

By | 2004/09/08

irudi batZientzia-fikzioko idazleek iragarri dutenez, laster helduko omen da aurrerapen teknologikoak giza adimenari aurrea hartuko dion unea. Amerikarrek singularitatea esaten diote etortzeko den balizko une horri. Giza bilakaeraren ondoan askoz arinago doa makinena eta baliteke laster nolabaiteko adimena izango duten ordenagailuak sortzea. Zer gertatuko zaigu orduan? Iragarpenak ez dira oso optimistak.

Teknologiak milaka urte ditu, artean gizaki ez ziren arbaso haiek tresnak erabiltzen hasi zirenetik aurrerapena etengabekoa izan da. Egungo gizakion adimena, antropologoek diotenez, arbaso haiena baino handiagoa da, burmuinaren neurriek adierazten dutenez. Baina aldaketa teknologikoaren abiadura azkartu egin da azken urteotan, gero eta arinago doa. Zientzia-fikzio idazle batzuek iragarri dutenez, laster hel daiteke une bat non aurrerapen teknologia hain aurrera doan, ezen giza adimena gaindituko duen, gutariko azkarrenena ere.

Zientzialari askori falta zaien imaginazioa daukate idazleek eta horregatik euren nobelak irakurtzen dituzte, inspirazio bila. Nolabaiteko oinarri zientifikoa izan duten idazleen iragarpen asko bete dira, Jules Vernetik hasita. Baina gaurko gaiari dagokionez, denok pentsatu dugu inoiz horretaz, konturatu baikara itxuraz teknologia abailan doala aurrera eta gero eta gaitzagoa egiten zaigula aparailuen atzean dagoena ulertzea, fisika eta kimika elektronika baino ulergarriagoak ziren-eta. Batzuek diotenez, makinek datozen 30 urteotan hartuko digute aurrea, ikasteko ahalmena garatu ahala. Orduan talka imaginaezina gertatuko da, historiaren amaiera modukoa. Vernor Vinge idazleak singularitatea deitu zion, astronomiatik hartutako hitzarekin aurrerapenek gure adimena gaindituko duten momentua izendatuz, eta hainbat liburu eta filmek aurreratu digute nolakoa izango den guretzat.

Zineman ikusitako lehenengo iragarpena 1968ko 2001: A Space Odyssey filmeko Hal ordenagailuaren matxinada izan zen: maitasuna, inbidia eta amorrua zer den ikasi ostean gizakiak akabatzen hasten baita, alegia, benetako gizaki baten moduan jarduten. Terminator eta The Matrix dira historiak egin lezakeen beste bide posible batzuk. Oraino aipatutako guztiak gizakiontzat apokaliptikoak dira, baina zinema negozioa da eta amerikarrei film apokaliptikoak gustatzen zaizkie. Vinge idazleak ere, singularitatea azaltzen zuen How to survive in the post-human era liburuan gizakia desagertu zela iragarri zuen baina ez da oraindik gertatu. Iragarpen ikaragarri horren aurrean gizakion sena matxinatzen da eta makinen aurkako gerrak pizten dira imaginazioan eta denok jartzen gara azken gizaki matxinatuen lekuan.Hain zuzen ere, cyberpunk azpigenero horretako idazle asko singularitarioak dira, horrelako ideia batean oinarritzen baitira euren etorkizuneko munduak imaginatzeko, eta gogoeta erakargarria da. Izan ere, duela gutxi Blade Runner inoizko zientzia-fikziozko film onena izendatu dute internautek bozketa batean.

Agian makinek ez dute inoiz urrats hori emango baina guk bai, akaso giza adimena handitzeko txipak txertatuko zaizkigu, cyborg-aren irudi zinematografikoa egia bihurtuz. Agian gure ezintasunak garapena galgatuko du eta berau moteldu egingo da. Agian pilula bereziak hartuko ditugu burmuinaren adimena suspertzeko, azken finean kimika kontua baita neuronen arteko dantza. Kontua da dagoeneko informazio saturazio handia badaukagula eta gure Homo Sapiens memoria urriekin barneratzeko gai ez garen jakintza teknologiko mordoa dagoela. Internetek bere sare egiturarekin marraztu digun adimen banaturantz goaz, ordea, gizakiok gero eta inurriago sentitzen gara, gizartea inurritegi handia bihurtuta. Determinismo teknologikoak ez dauka, momentuz, etorkizuneko gizartea nolakoa izango den iragartzeko erabateko teoriarik, etorkizunean edozer gerta baitaiteke.

Milenarismoa eta ezinegona
Hala ere, gizakion joera izan da beti, ertarotik gaurdaino, norbera bizi den garaia erabakiorra izango dela pentsatzea. Hainbat adibide izan ditugu historian. Milenarismoak 1000. urtean mundua amaituko zen ustea zabaldu zuen eta ez zen ezer gertatu, baina hori izan zen aurki zeozer handia gertatuko zen irudipena gizarte kristauan txertatu zuen lehenengo adibidea. Urteak zenbatzeko daukagun modua arazoaren zati bat da, beti baitago muga biribil bat ostertzean eta bertan ezartzen da etortzeko dagoen zer potolo horren data. Adventistek, mormoiek eta Jehovah-ren lekukoek, pragmatismoz, etengabe atzeratzen dute data apokaliptiko hori, aurretik zehaztutakoa arazorik gabe igaro ondoren.

Baina aldaketa garaian bizitzearen sentsatzioak eragiten du etorkizun hurbilean gertatzekoa denarekiko ezinegona. Grafikoek populazioaren hazkunde etengabea erakusten digute, atmosferako karbono dioxidoaren hazkundea, petrolioaren agortzea, teknologiaren aurrerapena… Denak seinalatzen du mende bukaeraren bueltan gertatzekoa den zerbait, egungo munduaren akabera, dakigunarena, ulertzen dugunarena. Data biribilak igaro dira baina aurki zerbait gertatu behar duen sentsazioa ez zaigu desagertzen, are gutxiago mende berrian gerrek ez dutela zertan desagertu ikustean, bonba atomikoa gero eta herrialde gehiagok daukatela… Eta hori guztia zineak areagotutako psikosiak aipatu gabe: meteorito erraldoiak, martiztarren bisita, pandemiak… Singularitatearena beste bat gehiago dugu, besterik gabe. Agian gertatuko da, agian ez.

Hala ere, Bruce Sterling idazleak singularitateari buruz The Long Now fundazioan emandako hitzaldi batean esan duenez, lehenago ez geneukan segurantzia daukagu 1945tik hona, gizakiok benetan planeta osoko bizitza suntsitzeko ahalmena dugula, horrek gure ezinegona areagotu egiten du.

Vingeren liburua
tinyurl.com/4dyzw
The Long Now
www.longnow.org
Sterling-en hitzaldia

LABURRAK

Eibarko blog gehiago
Blog edo bitakora berriak sortuz doaz eibar.org eibarnauten komunitatean. Coreblog softwareari esker bertako kide guztiek baitute bakoitzak berea sortzeko aukera. Sustaturen itxura berria sortu duen Maite Rementeria kazetari eta diseinatzaileak berea zabaldu du, Etiam izenekoa. Amatiño kazetari eta politikariarena ere aurkituko dugu bertan, baita Matrallako irratiarena, Oier Gorosabelena, Prospektiba, Iturri Blog eta beste batzuk ere.

Erraldoia musika saltzen
Azkenik Microsoft ere sartu da musika online saltzearen negozioan, Apple-ren iTunes edo Napster-en antzera, abestiak banaka eskuratzeko ordainduzko zerbitzua ezarri baitu sarean. Abesti bakoitza dolarreko 99 zentimo kostatuko da MSN Music zerbitzu berrian, iTunes-en bezala, baina zerbitzua oraindik beta bertsioan dago. Duela gutxi Sony multinazionalak ere bere zerbitzua atera zuen, Connect izenekoa, soilik Explorer nabigatzailearekin ikuska daitekeena.

Txetxeniarrak sarean
Errusiarrek Txetxenia inbaditu eta bertako gobernua deuseztu ondoren, Maskhadov-en gobernuak eta kazetari independiente askok Interneten aurkitu dute babesa eta euren mezua zabaltzeko bidea. Erbestean dagoen txetxeniar gobernuaren kanpo arazoetarako ministerioak badu bere webgunea eta gobernu horren albiste agentzia ofiziala chechenpress.info helbidean aurkituko dugu. Informaziogune franko dago ingelesez sarean, besteak beste, chechentimes.org edo caucasustimes.com argitalpen independienteak. Herrialdeari buruzko jakingarriak, berriz, chechen.8m.com helbidean aurkituko ditugu ingelesez. Errusieraz, berriz, askoz webgune gehiago daude.

3 thoughts on “Makinek aurrea hartuko digute?

  1. Patxi

    Nere herriko filosofo-negoziante bati entzun nion behin, hurrengo iraultza, lanaren banaketarena baino, ondasunen banaketarena izango zela. oso fundamentuzkoa iruditu zitzaidan.

    Reply
  2. eneko

    Gustora irakurri dut “Makinek aurrea hartuko digute?” artikulua. Zekulako gaia da gizaki eta makinen arteko hartuemana.

    Gaur egun, zientzia-fikzioa baino gehiago gainean dugun errealitate berria da. Zer esanik ez 10-15 urte barru.

    Ikuspuntu guztietatik ikusi beharrekoa. Baina, konponduko gara. Beste kontu batzuk baino aurre gehiago ez digute atarako makinek. Edo hori uste dut…

    Reply
  3. Mifune

    Makinek gure “joystick”-ak erabiliko dituzte jolasteko. Hori gutxienez :S

    Reply

Utzi erantzuna Mifune(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude