Eguraldiko gizona eta ni

By | 2004/08/19

irudi batETBn eguraldia aurkezten duen gizonarekin jai daukat. Herenegun asteazkena asteko egunik txarrena izango zela iragarri zuen. Eguna estalita hasi zen, hodei altuekin, baina eguerditik aurrera sekulako eguzkia atera zen. Gaur, Teleberri ostean, emakume sentitzen zela eta hodeirik ez genuela ikusiko esan digu. Bazkalostean abiatu naiz, bada, hondartzarantz. Baina goikaldean dena zegoen erabat estalita. Hondartzan geundela sekulako zaparrada hasi da eta denak aterpe bila karraderan.

Erreparatu duzue eguraldiaren iragarleek inoiz ez dutela biharamunean errakuntzarik aitortzen. Behinola TVEko tipo bibotedun batek (ez naiz izenaz oroitzen) eguraldia iragarri zuen eta honela erantsi zuen: “… eta okertuz gero bibotea kenduko dut”. Hurrengo egunean ez zuen ezer esan, baina bibote barik agertu zen pantailan.

Baina orokorrean, aurreko egunean esandakoaren kontrakoa egiten duenean (eta sarritan egiten du), ezer esan ez balute bezala agertzen dira, aurreko eguneko hankasartzea aitatu ere ez. Hondartzatik etxera heldu bezain laster sartu naiz eitb.com/eguraldia webgunean eta bertan “zaparradak izan zitezkeela” zioen. Hauek beti guapo ateratzen dira, “denbora errealean” aldatzen baitute iragarpena. Horrek 1984 liburua dakarkit gogora, Winston Smith gixajoak gogoratzea komeni ez zen historia zatiak ezabatzen zituen liburuetatik, Egiaren Ministerioan horixe zuen zeregina. Ez ziren gertatu.

One thought on “Eguraldiko gizona eta ni

  1. Patxi

    Hankasartzea norena da ordea, eitb-rena, ala metereologia zerbitzuarena?
    Dena den, nik oraintxe sinatuko nuke horrela segitzea beti. Ze eguraldi egingo duen orduz ordu asmatzen duten egunean asko aspertugo gera. Ezustekoek ematen diote gatz pixkat bizitza honi. Gainera, tristea litzateke, dena zehatz zehatz, ia milimetrikoki, ordubiak eta hogeietan atertuko du, iparraldeko haizea izango dugu hamar gutxiak arte, gero hodei zoro batek lau tanta eskeiniko dizkigu… Eta eguraldi gizonek? Egunero hain gai errepikakor eta aspergarriari txispa eta umorea ateratzeko dohaia duten artista hoiek, langabezira?? Bufff, kita kita. Ni behintzat, eguraldi gizonen alde!

    Reply

Utzi erantzuna Patxi(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.