Bidaia eskuragarriak egunotan

By | 2004/06/30

irudi batGero eta bidaia gehiago erosten dira sarearen bidez, ez bakarrik hegaldi merkeak, edozein agentziatan aurki daitezkeen oporretarako pakete turistikoak ere sarean aurkituko ditugu. Azken egunotan sekulako eskaintza merkeak ateratzen ari dira agentziak, ia behe denboraldikoak, eskaintzen ugaritasunak eta euren arteko lehiak bultzatuta. Astebete Kanarietan edo Ibizan 300 eurotik hasita, Gambian 380 eurotan, Korsikan 290 eurotan, Maltan 400 eurotan… Viajesiberia.com, travelprice.fr, nouvelles-frontieres.fr, marsans.es, halconviajes.com edo viajeseroski.com lehia horretan sartu dira eta ondorioak onak dira erosleentzat, dudarik gabe.

Gero eta zabalduagoa dago, gainera, bidaia agentziara jo ordez oporretako bidaiak zuzenean Interneten erosteko ohitura. Bezeroek webguneetan ibiltzea eta eskaintza ezberdinak sarean ikustea maite dute, euren gogoko bidaia osatzeko. Agian gero agentzian erosiko dute bidaia, baina aurretik sarean dexente nabigatuta.

Izan ere, ordaintzearen azken urratsak oraindik beldur pixkat ematen die askori, ez baitira fidatzen sarearen bidezko salerosketen segurtasunez. Hala ere, TradeDoubler Tracker salmenta bitartekariak eginiko txosten baten arabera, oporraldi eta bidaien Interneten bidezko salmentak %141 igo dira maiatzean, iragan urteko maiatzarekin alderatuta. Goranzko joera honi eutsiz gero, laster sareko lehenengo industria bilakatuko dira bidaiak.

Agentziaren webgunean sartu orduko, normalki hasierako orrialdean agertuko zaizkigu eskaintza nagusiak eta gehiago ikuskatzeko aukera. Leku bakoitzerako aukera ezberdinak agertuko zaizkigu, hotelaren eta daten arabera. Gomendagarriena erabaki aurretik eskaintzetan atzera-aurrera ibiltzea da, konbinaketa ezberdinak probatuz. Hegaldiei dagokienez ere antzekoak izaten dira webgune guztiak: hasierako orrialdean ere bertan agertuko zaigu gure bidaiaren edo hegaldiaren datuak sartzeko aukera, edreams.es webgunean kasu. Hegaldi interesgarriak daude rumbo.es edo travelplan.es webguneetan. Eskaintzak ez dira hain merkeak izaten viajes.elcorteingles.es webgunean, baina hegaldien eskaintza onak izaten ditu eta Amadeus zerbitzuari lotutako hegaldien bilatzaile ona dauka. Beherago, eskaintzen zerrenda dago, azken ordukoa, oso aukera onekin.

Bidaia aukeratu baino lehen arretaz begiratu beharko ditugu salneurriei gehituko dizkiguten gainkostuak, askotan prezioak ez baitaude gure inguruko aireporturako jarrita, Paristik edo Madrildik abiatzen direnentzako baizik. Nahi duguna aukeratuta, gure datuak eta e-posta emateko eskatuko digute. Bertara konfirmazio mezua bidaliko digute guk baiezta dezagun eta ondoren kreditu txartelez ordaindu beharko dugu. Interneten bidez erostea ez da agentzian edo jatetxe batean txartelaz ordaintzea baino arriskutsuagoa eta gure ordenagailua birusez eta spywarez josita ez badago ez daukagu zertan beldur izan.

Interneten, gainera, nahi beste konbinaketa proba ditzakegu, bidaiaren parametroak aldatuz, gustokoena lortu arte. Bidaia agentzian ere bai, baina saltzailea gogaituko dugu eta aukera posible guztiak bururatzeko zailtasun handiagoekin.

Baina dudarik gabe eskaintzarik onenak hegaldi hutsetan aurkituko ditugu Interneten. Sarean bakarrik saltzen duten konpainien artean Ryanair eta Easyjet ditugu ezagunenak. Ryanair-ek egunero Londreserako bidaiak egiten ditu Miarritzetik, Easyjet-ek Bilbotik Londresera eta Bristolera egiten ditu hegaldiak. Hala ere, Bilbotik bestelako hegaldi merkeak egin daitezke: HLX konpainiak Alemaniako Stuttgart, Kolonia/Bonn eta Hannover ditu helburu; Volareweb italiarrak Milan eta Erroma.

Bidaia bitakora katalana
Hego-ekialdeko Asiatik eta Ozeaniatik egiten ari den bidaia kontatzen du Gonçal Perez kataluniarrak bere No Vaig Ser Erasmus bitakoran. Martxoaren 17an abiatu zen eta dagoeneko India, Nepal, eta Hong Kong bisitatu ditu, orain Filipinetan dago. Bitakoraren bidez bere pasadizu eta gorabehera guztien berri ematen du, ziberkafeetatik-eta konektatuz. Bere telefono eramangarriarekin eginiko argazkiak ere bidaltzen ditu bitakorara.

Baina bitakora hau ez da berea bakarrik, askoz ere lagun eta lankide gehiagok esku hartzen duten proiektu kolektiboa baino. Diseinu txukuna duen webgune honetan ibilbidea irudikatzen duen mapa ikus daiteke, Gonçalen egoera animikoa, fisikoa eta pisua adierazten dituen markagailua eta argazki mordoa, besteak beste. Lagunek eta bisitariek ere idazten dute bertan, bidaiaren gainean iruzkinak egiten eta, hemen interaktibitatea sartzen da, bidaiaren hurrengo urratsak denen artean erabakitzen. Adibidez, bisitatuko dituen herrialdeetan Gonçalek egin behar izango dituen proba bitxiak proposatzen dizkiote: Nepalen Katalunia-Brasil futbol partida antolatzea, Indian behi baten gainean bakearen aldeko lelo bat idaztea… Filipinetan egin beharreko proba bozkatzen ari dira orain webgunean eta aukeren artean Preysler familia topatzea edo Abu Sayaf-en gerrilariekin biltzea daude.

Irabazi asmorik gabeko ekimena da No Vaig Ser Erasmus eta, izenak berak adierazten duen legez, bidaia egiteko diruak Perezek berak jarri ditu. Hala ere, Gironako udalak webgune pertsonalik onena saritzeko deitutako lehiaketa irabazi du bitakora honek. Bere lagunek jada bannerrak, idazmahairako irudiak, abesti ofiziala eta kamisetak proposatu dituzte abentura honen propaganda egiteko eta Kataluniako hainbat komunikabidetan agertu da dagoeneko. Eguberritarako Aucklandera heldu eta etxera itzultzeko asmoa du Perezek, baina bitartean bere ibileren berri izango dugu webgunean.

LABURRAK

Blogumentalak ikusgai
Bitakoren mundua edo blogosfera bideoklip bidez aztertzen du Blogumentary webguneak. Chuck Olsenek sortua da bideobitakora moduko hau, berak grabatutako bideo elkarrizketekin. Haietako batean Jeff Jarvis adituak bitakorek Irakeko gerran izan duten rola aztertzen du, komunikabide handien erreferentzia bilakatu baitira Salam Pax eta beste bitakora batzuk. Bestalde, egungo Iraniar gizartean duten garrantzia azpimarratzen du Jarvisek.

Zurrumurruak Microsoften
Bill Gatesek aurki bere bitakora pertsonala aurkeztuko duela aurreratu du Seattle Times-ek. Sareko kontuetan berandu heltzen delako fama du gizonak, baina bere mugimenduek eragin handia izan ohi dute eta bere iritziek seguruenik irakurle asko izango dituzte. Halaber, berandu baina azkenik Hotmail zerbitzuak postontzi bakoitzaren ahalmena 250 Megabytera igoko du, Googleren eta Yahooren eskaintzei erantzunez.

Argazkiak zerutik
Kite Aereal Photography webgunean kometa batetik harturiko argazkiak ikus ditzakegu. Scott Haefnerren argazki bilduma ikusgarria dago bertan, 360 graduko panoramikez osatua eta, beste atal batean, norberak kometa bati kamara digitala itsatsita honelako argazkiak atera ahal izateko jarraibideak aurkituko ditugu.

3 thoughts on “Bidaia eskuragarriak egunotan

  1. erral

    Honen harian EasyJet enpresaren inguruko erreportaia dator gaur El Mundoren Magazine gehigarrian (ala Diario Vasco zan?), nola ez den mugatzen enpresaren lana hegaldi merkeak eskaintzera, enpresak beste alderdi batzuk ere jorratu ditu, ziberkafeak, autobus lineak, … eta telefono konpainiekin lehian hastekoa omen da.

    Nik nere aldetik, hegaldi merke horietako bat aurkitu nuen iaz Bilbotik Bartzelonara abuztuaren bukaeran joateko. Erreserba eta ordainketa Internet bidez Iberiaren orrialdean, eta hegladia 30 €ren truke.

    Reply
  2. joxemari

    kaixo jabi zabala , xp bat diat eta euskaraz jarri nahi nuke , baldin badakik eskertuko nikek.

    Reply
  3. gopal

    no entenc res. només m’agradaria donar-vos les gràcies per un comentari que vau fer fa ja més d’un any sobre ek viatge d’un malalt per àsia. sóc jo, gràcies de veritat per fer-ne ressó i l’interés que vau demostrar.

    ¿euskarrikasko?

    Reply

Utzi erantzuna erral(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude