Sindikatzearen garrantzia

By | 2004/05/02

Negu Gorriak taldeak abesten zuenez, “sindikatzea gure buruak antolatzea da”. Sarean ere, gero eta webgune gehiagok euren edukiak sindikatzeko aukera ematen dute eta oso tresna erabilgarria da sindikazioa. Baina zer demontre da sindikazioa? Bada, labur azalduta, webgune baten informazioak formato esportagarri batean jartzeari esaten zaio sindikazioa. Horretarako webgunearen kudeaketa sistemak dinamikoa izan behar du, ez HTML kode estatikokoa. Honek beste galdera batera garamatza, zer ote da webgune dinamiko bat?

Webgune estatikoak HTML kode hutsez eginikoak dira, maketazio programa bat erabiliz edo kodea tekleatuz osatzen den unitatea. Testu artxiboak dira HTML orrialdeak, normalki .htm edo .html amaiera dutenak eta FTP bidez zerbitzarira igotzen dira. Nabigatzaileak web orrialde horiek bisitatzean kodea interpretatu eta guri kodeak eman dion maketazio edo itxurarekin erakutsiko dizkigu datuak.

Baina azken urteotan webgune dinamikoak hedatuz joan dira, batetik web orrialde baten edukia, bestetik itxura edo estiloa eta bestetik txantiloia edo aurkeztuko ditugun elementuak definitzen dituena. Edukiak datu base batean gordetzen dira eta guk nabigatzean beste elementuen arabera ikuskatuko ditugu webgunea bisitatzean. Hiru elementuak independienteak dira, bakoitza bere aldetik alda daitezke eta, haietako bat aldatu ostean webgunea berrosatzen denean, webgunea aldatuta agertuko da.

Adibidez, albiste baten testua aldatzen badugu, hori datu basean egingo dugu, ez maketazio programa batean. Aldaketak gorde ostean webgunea berrosatzen da eta webgunea aldatuta agertuko da nabigatzailearekin bisitatzean. Estiloari dagokionez, demagun webgune osoko albisteen testuen letra mota eta kolorea aldatu nahi dugula. Nahikoa izango dugu estiloak definitzen dituen orrialdean aldaketa txiki bat egitea webgune osoko albisteen testua eta kolorea alda dadin. Azkenik, txantiloiak aldatuz atal mota oso batean agertzen diren elementuak alda daitezke. Nahikoa izango da txantiloian lotura berri bat sartzea edo esaldi bat gehitzea, berrosatutakoan webgune osoko orrialdeek aldaketa hori ager dezaten, HTML orrialdeetan banaka-banaka aldaketa bera mekanikoki egiten ibili beharrik gabe.

Datuak, beraz, datu base batean daude eta txantiloien bidez moldagarriak dira, edozein forma eman dakieke txantiloien bidez. XML esaten zaio eduki berak modu ezberdinez aurkeztu ahal izateari eta datu horiek txantiloi jakin batzuen bidez sindikaziorako estandar diren formatoetan esportatu daitezke.

Blog edo bitakoren hedapenak bultzatuta eta sindikatzeko formatoen garapenari esker sekulako garrantzia hartzen ari da sindikazioa. Azken finean, aldizkarien maketazioan Macintoshak eta autoedizioa agertzean gertatu zen bezala, oraintsu arte programazio informatiko korapilatsu eta garestien bidez soilik lor zitekeen emaitza egun zerbitzu erabilterraz eta merkeen bidez lortzen da. Edonork webgune dinamikoa sortu eta mantendu dezake gaur egun, duela bi urte oso gutxiren esku zegoen ahalmena, eta sistema horiek gure edukiak sindikatzea, esportatzea ahalbidetzen digute.

Aplikazio praktikoak
Sindikazioari esker, nork bere webgunean beste webgune bateko titularrak jar ditzake, webgune hark bere edukiak sindikatuta badauzka. Hori egiteko azalpena sarean.com bitakoran aurki ditzakegu, gaiari lotutako beste argibide zenbaitekin batera. Baina askoz gauza gehiago egin daitezke datu horiekin. Azken aldi honetan oso modan daude news aggregators edo albisteen biltzaileak. Webgune baten bidez edo gure ordenagailuan ezarritako programa baten bidez gure gustoko hainbat informaziogunetako azken albisteak irakurtzea ahalbidetzen digute horiek webgune guztiak bisitatu beharrik gabe. Albiste biltzaileak informazioa eskura jarriko digu era eroso batean, sindikaziotik elikatzen delako. Guk gauza bakarra egin behar dugu: berak arakatzea nahi dugun webgunearen RSS feed-aren helbidea zein den biltzaileari adierazi eta berak eskuratuko du informazioa guretzako. RSS feed-a zera da, datu basearen edukiak txantiloi baten arabera moldatuta sindikatzeko estandarraren arabera moldatuta erakusten dituen testu orrialdea.

Sindikazioaren emaitzak sarean ikusteko Bloglines zerbitzura jo dezakegu, gure ordenagailuan programa bat instalatu barik. Edozein nabigazailetik erabil daiteke, baita PDA eramangarri batetik ere. Bertan edonork zabal dezake kontu berria doan, e-posta helbidea emanda. Nahi dituen beste feed gehitu eta karpeten arabera nahi dugun erara ordenatu ditzakegu. Gero eta euskarazko webgune gehiagok beren edukiak sindikatzen dituzte eta horren erakusgarri dugu Bloglines zerbitzuan norbaitek sortu duen euskaraz izeneko bilduma.

Bitakoren munduan beste aplikazio batzuk baditu sindikazioak. Esaterako, weblogabout.com bilatzailea da, baina gaztelaniazko bitakoretan soilik bilatuko ditu bila gabiltzan kontzeptuak eta hori oso ondo dago azken uneko joera edo gertaerei buruz nork idatzi duen jakiteko. Albiste zer den aurkitzeko sindikaziotik ere elikatzen den beste zerbitzu bat dago, Blogpulse izenekoa. Bitakoretan azken egunotan gehien aipatutako lotura, kontzeptu edo hitzen sailkapena erakutsiko digu, aipatuta agertzen diren orrialdeen helbideak emanez. Webmasterrei beste webgune batetik beraienera norbaitek lotura jarri duela ohartarazten die technorati.com zerbitzuak.

Baina sindikatutako edukien moldagarritasuna ez da bitakoretara mugatzen: BBCren albisteak, eguraldi iragarpenak, Amazon-en produktuen zerrendak, azken lan eskaintzak biltzen dituzten zerbitzuak… Yahook berriki bere My Yahoo! zerbitzuan RSS feed-ak integratu ditu, gure neurrirako ataria ikus dezagun. Noski, Microsoftek ere bere hurrengo sisteman txertatuko dituela diote zurrumurruek. Berriki Atom izenburupean RSS estandar berria sortu da, ahalmen handiagokoa eta datozen hilabeteotan sindikazioa asko garatuko da, ziur.

LABURRAK:

Diasporak albistegi berria
New Yorkeko euskal etxeak informazio webgunea ezarri du Interneten aste honetan. Albistegi txukuna da eeny.org domeinuan aurkituko duguna, ez euskal etxeari buruzko katalogo estatikoa, New York eta Euskal Herria informazio esparrutzat hartzen duen aldizkari digitala baizik. Bertan gaika sailkatuta daude albisteak, hurrenez hurren, New York, Euskal Herria, AEBetako euskal diaspora eta New Yorkeko euskal etxea hizpide duten ataletan. Informazioak euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez idatzita daude eta laster frantsesez ere egongo dira. Bertako euskaldunentzat ezezik, etxeorratzen hiria bisitatzen duten euskal herritarrentzat baliagarria izatea espero dute sustatzaileek.

Google azkenik burtsara
Duela hilabete aurreratu genuen moduan, azkenik Google burtsara atera da. Ostegunean bertan 2.700 milioi dolarreko kapitala osatzen duten akzioak ateratzeko behar diren izapideak egin zituen enpresak. Puntucom-en gainbehera izan zenetik Interneteko enpresa bat burtsara ateratzeak ez du horrelako irrikarik eragin eta, inbertsoreek ezezik, Googleko langileek eurek ospatu zuten hainbeste aldiz atzeratutako erabakia. Orain burtsara ateratzeak enpresaren bidea okertuko ez duela segurtatzen nahikoa lan izango dute Sergey Brinek eta Larry Pagek.

Sukaldaritza online
Sukaldaritzari buruzko webgune interesgarri bi aurkitu ditugu sarean. Alde batetik, Leioako ostalaritza eskolak sortutako Gastronomia Vasca webgunea dugu, euskarazko eta erdarazko bertsioak dituena. Mota askotako errezetak biltzen ditu, argazki eta guzti, bakoitzaren elikadura osagaien informazioa lagunduta. Bestetik, Sukaldeon webguneak oso diseinu txukun eta arina du, euskara hutsezkoa da eta irakurleen esku hartzeari zabalik dago. Errezetez gain bestelako informazioak ematen ditu, euskarazko sukaldaritza hiztegia, jatetxeen gida eta argitalpen interesgarriak kasu.

2 thoughts on “Sindikatzearen garrantzia

  1. Luistxo

    Sindikazioaren garrantzia aipatzen duzularik, Jabi, zure “fotolog” atalean ez duzu XML feedik eskaintzen agerian, baina egon, hor dago:

    https://www.sarean.com/argazkiak/index.rdf

    Hori bai, feed horretan argazkiak ez dira ikustarazten… ez dakit konfigurazio hori moldatzerik egongo ote zen…

    Beste zalantza bat, euskaraz: fotolog, photolog, argazkilog?

    Bide batez, aizu, argazkilari interesgarria ere bazara, 🙂

    Reply
  2. Gork@

    Nik uste dut “fotolog” erabiltzea errezena dela. Bestela “log” ingelesa itzuli beharko zen, “argazki egunkaria” edo holako zerbait lortzen. Luzeegia dirudi.

    Reply

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude