Jabedun softwarearen kontra

By | 2004/04/25

Demagun aurrerantzean enpresa bakar bati ematen zaiola Europan sagar tartak egiteko baimena, edo gure seme-alabek eskolan Pitagorasen teorema erabiltzeagatik ordaindu behar dutela. Sinesgaitza litzateke, ezta? Bada, softwarearekin horrelako zerbait gerta daitekeela salatzen ari dira software librearen aldeko aktibistak. Iragan astean mobilizazioak izan ziren, sarean eta kalean, Europan softwarearen gaineko patenteak onar ez ditzaten. Gizakion garapen teknologikoa dago jokoan.

Gaur egun softwarearen industria oso negozio garrantzitsua da, programak sortu eta saltzen dituztenak zenbait kasutan ordenagailuak egiten dituztenak baino aberatsagoak dira. Microsoft dugu softwarea eginez gehien aberastu den enpresa, baina horrelako erraldoi batek informatikaren garapena lagundu barik oztopatu egin duela uste dute erabiltzaile eta aditu gehienek.

Programa eta sistema eragileak hainbat programatxo biltzen dituzte euren baitan eta patentatutako hainbat kontzeptu baliatzen dituzte. Kasu bitxi batzuek agerian utzi dute gai honen garrantzia eta patenteek ekar ditzaketen ondorio larriak, plug-in delakoen gainekoa kasu. Eolas izeneko enpresa batek plug-in kontzeptua patentatu zuen 1998an eta orain hasi dira horien erabileragatik dirua eskatzen. Sareko nabigazioan nabigatzailearen funtzioez harago doan edozein programatxo kargatzeko erabiltzen da plug-in kontzeptua: flash artxiboak, java applet-ak, RealMedia edukiak… Eolasek Microsoft-i dirua eskatu dio lehenengo, baina edonori eska diezaioke nahi izanez gero, denok erabiltzen baitugu teknologia hori. Baina edozein programatzaile, programa berria sortzen duenean, aurretik garatutako kode zatiak hartu eta egokitzen ditu, ez da inoiz zerotik abiatzen. Software patenteek programa berriak garatzea ia ezinezkoa bihurtuko lukete. Europan patenteen aurkako mugimendua koordinatzen ari den Foundation for a Free Information Infrastructure-ren (FFII) webgunean diotenez, Haydn-ek “sinfonia, soinua sonata zabal baten forman sortutako soinua ezaugarri duena” patentatu izan balu, Mozart-ek arazo legalak izango zituen.

Egun sarean argazkiak jartzeko formatorik erabiliena dugu JPEG, bere konpresio maila onak eta erabilerak estandar bilakatu baitute. Bada, aste honetan Forgent Networks izeneko enpresak 31 enpresa salatu ditu estandar hori bere baimenik gabe erabiltzeagatik. Enpresa horrek AEBetan 4,698,672 patentea dauka, irudien konpresiorako algoritmo bat jasotzen duena. Euren esanetan JPEG estandarrak patente hori baimenik gabe bortxatu du. Hurrengo urratsa euren webguneetan jpg irudiak jartzen dituzten guztiak salatzea litzateke eta hurrengoa irudi horiek bere baimenik gabe ikuskatzen dituzten internauta guztiak salatzea litzateke. horrek agerian uzten du software patenteen arazoa zein absurdoa bilaka daitekeen eta nolako galga izan daitezkeen horrelako murrizketak.

Horiek adibideak baizik ez dira, baina askoz gehiago jar daitezke eta are gehiago agertuko dira etorkizunean software patenteak Europan onartzen badira. Europar Batasunean indarrean dago 1973ko patenteen aurkako ituna, ordenagailuetarako programak patentatzea espreski debekatzen duena. Hala ere, jabego intelektuala eta industriala babestu nahi dituzte, azken hau bereziki, eta horretarako dago patenteen bulegoa. Multinazionalak eta patenteetan berezitutako abokatu batzuek presioa egiten ari dira Europak software patenteak onar ditzan. AEBetan dagoeneko giza genoma bera ere patentatu dute eta, noski, software mordoa ere bai. Presio hauen aurrean ezezko jarrera adierazteko, Europako Parlamentuak software patenteen aurka bozkatu zuen 2003ko irailaren 24ean, milaka herritar eta enpresak bultzatutako ekimenari sostengua emanez eta aurten onartu behar den arauari mugak jarriz. Hala ere, erabaki hauen guztien aurka, Europan milaka software patente erregistratu dira dagoeneko.

Gainera, Europar Batasuneko presidentziak iazko irailean onartutako muga guztiak ezabatu nahi dizkie patenteen aldeko enpresei eta direktiba muga horiei jaramonik egin gabe onar dezaten proposatu du. Horrek software librearen aldeko mugimenduaren erreakzioa ekarri du. Apirilaren 14ean manifestazioa izan zen Bruselako kaleetan eta sarean ere protesta ugari izan dira hilaren 5etik 15era, 2.100 webgunetan ikusi ahal izan baitira kanpainiaren bannerrak edo salaketa orrialdeak. Bertan salatzen dutenez, patenteen gaineko direktiba onartuz gero, egun indarrean dauden programen erdiak legez kanpokoak izango dira.

Stallman doan ikusteko aukera bihar

Hemen iragarri genuen moduan, Richard Stallman Bilbon izango da bihar, Euskalduna jauregian, Ciber@RT kongresuan hitzaldia emateko. Programa informatikoen erabilera, kopia, banaketa eta egokitzapen edo hobekuntza librea aldarrikatzen du Stallmanek. Software librearen aitatzat daukate, 1984an sistema eragile librea osatzeko GNU proiektua eta berau babesteko Free Software Foundation taldea sortu baitzituen. Orduz gero munduan harat-honat dabil softwarearen erabilera librea aldarrikatzen eta jabedun softwareak garapenari egiten dion kaltea salatuz. Software librearen zabalkunde lan politikoa egiten du egun, guru moduan hitzaldiak ematen. Goizeko 9.40ean Software librea, kultura librea izenburupean ingelesez emango du hitzaldia. Euskalduna jauregiko hitzaldira sartzeko kongresurako matrikula ordaindu dutenek izango dute lehentasuna, baina arratsaldeko 17.30etan Deustuko unibertsitateko paraninfoan bertako hacker eta ikasleekin bilduko da, denentzako topaketa irekian. Bertan gaztelaniaz emango duen hitzaldia bere klasikoa da: Software librearen mugimendua eta GNU/Linux sistema eragilea.

Patenteen aurka
swpat.ffii.org
Adibide absurdoak
swpat.ffii.org/patents/

LABURRAK

Bitakorak paperera
Gaztelaniazko blogosferan badira erreferentzia bilakatu diren hainbat webgune, Alt1040, eCuaderno, Minid, Tintachina, Zona Geek eta beste batzuk. Duela egun batzuk fenomeno hori aztertzen duen Blogpocket metabitakoran PDF formatoko aldizkaria osatu dute Weblog Magazine, paperean edo pantailan irakurtzekoa. Zero zenbakian hainbat weblogger ezagunen idatziak eta elkarrizketak daude diseinu txukuneko aldizkaria osatuz. Saretik bertatik eskura daiteke Blogpocket-en.

www.blogpocket.com

Bin Laden birusa
Azken egunoan Bin Laden protagonista duen mezu elektronikoa hedatzen ari da, spam-a troiar birusekin konbinatzen dituena. Spam moduan bere burua zabaltzen duen birusak Bin Laden harrapatu dutela jakinarazten die erabiltzaileei, webgune baterako lotura emanda. Loturan klik eginez gero, itxuraz publizitatea duen webgune horretara bideratuko gaitu nabigatzaileak. Bertan sartutakoan, Trj/Small.B izeneko troiar birusa sartuko zaigu ordenagailuan, Explorer eta Windows-en ahulezia bat profitatuz. Nabigatzailea eta antibirusak eguneratuta eduki behar dira eta horrelako mezuei jaramonik egin gabe zuzenean ezabatzea da onena.

Autostop-a sarean
Autoa partekatzeko proiektu interesgarria aurkitu dugu sarean, bidaiak egiteko aspaldi Alemanian indarrean dauden autostop agentzien modukoa. Bidaia bat egin aurretik zure hiriari dagokion lotura sakatu eta agian helburu bera duen norbait aurki dezakezu. Aurkituz gero hainbat ezaugarri irakurri ahal izango dituzu: autorik duen, bidaiaren arrazoia zein den, datak eta bestelako jakingarriak. Posta elektronikoaren bidez kontaktuan jarri eta, nahi izanez gero, bidaia profita dezakezue elkarrekin joanez.

www.compartir.org

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude