AEBetako hautagaiak, sareak aukeratuak

By | 2004/02/01

AEBetako lehendakarigaia izateko, lehendabizi, alderdi barruko bozketak batek irabazi behar ditu. Egunotan demokraten arteko lehia bizia ikusten ari gara, hiru hautagai nagusirekin: John Kerry, Howard Dean eta Wesley Clark. Kerryk indar handia duen arren, Internetek beste biak jarri ditu lehia horretan: Clark, sareak aurkeztera bultzatutako hautagai uzkurra eta Dean, sarea ongi erabiliz gutxik uste zuten indarra lortu duen hautagai xumea.

Internet AEBetako politika eztabaidagune nagusia bilakatzen ari da, iritziak eta informazioak libreki azaltzen diren leku bakarra baita. Bere erabateko garrantziaren hasiera 2000. urtea izan zen, John McCain senatore errepublikarrak e-posta eta webgunea bolondresak eta dirua batzeko erabili zituenean. Ez zen nahikoa izan Etxe Zurira heltzeko baina asko ohartu ziren orduan sarearen ahalmenaz.

Azken albisteen arabera, badirudi Kerryk aukera gehiago izango dituela demokraten hautagaia izateko, New Hampshire estatuko hauteskundeetan Howard Dean-ek baino boto gehiago eskuratu ostean. Demokraten baitako lehia horretan, hala ere, diruak garrantzi handia du eta Kerryk gehiegitxo gastatu du orain arteko ahaleginean. Kerryren informazioa sarean aurki daiteke johnkerry.com webgunean eta bitakora edo weblog-a ere badauka. Halaber, haren aldeko ehunka weblog eta webgunetarako loturak ageri dira bere gune ofizialean. Baina Kerryrentzat sarea garrantzitsua izanik, ohiko bideei eman die garrantzi gehiago eta horrek dirutza handia xahutzea ekarri dio. Kerry ohiko hautagaia dela esan daiteke, ohiko bideetatik politikaren finalerdietara heldu dena.

Baina Internet bere indarra erakusten ari da bozketa hauetan eta, berak sortu duen hautagairik badago, hori Clark generala da. Wesley Clark-ek bere burua aurkezteko erabakia sareak duen eragin handiaren froga dugu. Bere aldeko mugimendua Interneten sortu zen draftwesleyclark.com webgunearen bidez 1,6 milioi dolar bilduta eta horrek bultzatu zuen Clark hautagaitza onartzera.

Howard Deanek deanforamerica.com helbidean du webgune ofiziala, baina urrats gehiago eman ditu, Internet bere aurtengo kanpainaren erdigune bilakatuz. Berak eta bere aldekoek meetup.com bezalako tresnak erabili dituzte ekintzaile taldeak antolatzeko, sarean zehar bere mezua azkar eta merke hedatu dutenak. Meetup gai baten inguruko bilerak eta mahainguruak antolatzeko doako zerbitzua da. Norberaren joerak edo gustuak dituen jendea badagoela jakinik, jende horiek biltzea da zerbitzu honen xedea. Nork bere gustoko gaia aukeratu, zerbitzuan izena eman eta harremanetan sartuko da bere hirian gai beraren inguruko interesa dutenekin. Milioi bat lagunek eman dute izena jada, 3.880 gairen inguruan. Dena dela, egunotako top topics edo lagun gehien biltzen dituztenak hauexek dira: Dean (186.900 lagun), Clark (65.900) eta Kerry (34.100).

Bestalde, blog edo bitakoren erabilera azkarra egin du Deanek. Bitakoren ezaugarri nagusia dugu kasu honetan herritarrek iruzkinak eta eskaerak zuzenean egiteko ahalmena izatea, orain arte politikan gaitza izan dena, are gaitzago hauteskunde kanpainetan. Bada, Dean-en aldeko blogzale mordoak bere bitakoretan eta inorenetan haren aldeko idatziak eta iruzkinak izugarri azkar zabaltzen dituzte. Botoetan islatuko denentz ez da segurua, baina kaleko aktibismo politikora bueltatzea ekarri dute bitakorek, telebistaren agerpenetik baztertua zegoen herritarren grassroots partehartze politikora.

Beste baliabide telematiko batzuk ere erabiltzen ditu Deanek, howarddean.tv helbidean eskura daitezkeen audio-bideoak kasu. Deanek botatako zantzoak eta hitzaldi xelebreak sarean azkar hedatu dira, barre eragiteaz gain hautagaiaren ilusioa islatzen dutelako.

Azkenik, Dean-en alde gehien egin duena moveon.org mugimendua bereganatzea izan da. Moveon 2003an sarean izandako mugimendurik handienetakoa dugu, Irakeko gerraren aurka sortua eta Bush gobernutik kentzeko xedez garatua. Inoiz aipatu dugun bushin30seconds kanpainaren bultzatzaileak izan dira Moveon-ekoak. Moveon ez da hautagai baten aldekoa, Bushen kontrakoa baizik, baina bertan antolatutako bozketan Dean aukeratu zuten internauten hautagaitzat.

Bakoitzaren bitakora aztertzen jarrita, nabarmena da Dean-ek duen laguntzaile mordoa eta bitakoran bertan du gaikako weblog-en zerrenda bat, lotura mordoarekin, weblog-ei buruzko atal oso bat eskaintzeaz gain. Wesley Clark-ek ere oso itxura xaloko bitakora pertsonala du, kanpainako blog ofizialaz gain, eta haren aldeko blog zerrenda edo blogroll handia erakusten du. Konparatzeko, George Bushek ere badu bere bitakora bat, baina ez du merezi izendapena. Hasteko, ezin da iruzkinik egin, ez du bere aldeko weblog-etarako loturarik erakusten… Ideologian ere alde ederra erakusten du Bushen gizarte gaiei buruzko atal batek compassion izena edukitzeak.

Beste blogger batzuk ere sortu eta geratu dira lehendakaritzarako bidean, Gary Hart aitzindaria kasu. Baina weblog guztietan ibili beharrean, hautagaien inguruan oso jantzita ez dagoenarentzat badago online test bat, gure iritziak ezagutzeko galdera batzuk erantzun ostean hautagai bakoitzarekiko hurbiltasun ideologikoa eta programatikoa neurtuko diguna.

LABURRAK

Kaia digitala
Euskarazko agerkari digitala ezarri du sarean Juanma Gallego izeneko internauta euskaldunak. Misterioa eta zientziak azaldu ezin dituen gertakariak jorratzen ditu Kaia aldizkariak eta dagoeneko bi zenbaki argitaratu ditu. Besteak beste, euskaldunak XVI. Mendean Polinesiara heldu zirela dioen teoria, Durangaldeko basetxe bateko horman azaldutako aurpegi misteriotsua edo Yeti-aren inguruko azken ikerketak ditu aipagai aldizkari honek eta webgune.net doako ostatatze zerbitzu euskaldunean hartu du ostatu

Kaia digitala
www.kaiadigitala.tk

Txiki Zabaloren lana
Jon Zabalo marrazkilariak eginiko komikiak, afitxak, karikaturak eta bestelako lan mordoa erakusten duen webgunea kausitu dugu sarean. Mende hasierako prentsan eta liburugintzan Zabaloren marrazki eta txiste ugari argitaratu ziren eta webgune honetan aukera interesgarria dago, tartean Xabiertxo umeentzako liburuen ilustrazioak eta publizitate afitxak.

Jon Zabalo
www.txikizabalo.org

MyDoom birusa
Izugarri azkar zabaldu da sarean MyDoom birusa. Adituen arabera inoizko hedapen azkarrenekoa izaten ari da. Funtsean, ez du bere burua exekutatzen, erabiltzaileak mezu batean atxekita datorren artxiboa zabaltzean baizik. Noiz ikasiko dugu atxekitako artxiboak ez direla zabaldu behar? Salbuespen bakarra izan behar dira aurretik jasoko ditugula dakigun mezuak, gure lagun batek bidalia dela erabat seguru gaudenean, telefonoz edo beste modu batez konfirmatuta. Eta hala ere kutsatuta egon daiteke artxiboa edo birusak berak bidalia izatea.

Info gehiago
www.alerta-antivirus.es

One thought on “AEBetako hautagaiak, sareak aukeratuak

  1. Bixente

    Uste dut horretan oraindik oso urrun gaudela amerikarrengandik. Euskal alderdi politikoek adibidez ez dute sarea gehiegi erabiltzen, ez dute aprobetxatzen. Eta blogak oraindik ezer ez…

    Reply

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude