Milioika abesti zakarrontzira

By | 2003/12/14

Enpresen arteko negozioek musikariei eta musikazaleei inoizko kalterik larriena egin diete egunotan. Azken urteotan musikari independieentzat sustapen zerbitzua eman duen mp3.com domeinua erosi berri dio CNET informatika sareak Vivendi enpresari. Vivendik urte hasieran erosi zituen domeinua eta haren zerbitzariak, baina ez du zerbitzua ematen jarraitu nahi, horregatik saldu du domeinua eta mp3.com-en zerbitzarietan zeuden milioika kantu suntsituko ditu.

Duela sei urte hasi zen abentura Michael Robertson-en San Diegoko etxeko gela batean. Nork bere musika sarean jartzeko zerbitzua eskaintzea bururatu zitzaion. Orduan sortu berria zen MP3 musikaren trinkotze formatoa sustatzeko eta, batez ere, musikari sortu berriek euren musika ezagutarazteko ideia arrakastatsua izan zen. Hasieran oso talde gutxiren musika aurki zitekeen bertan, baina nork bere kontua sortzeko eta abestiak igotzeko sistema automatizatua abian jarriz gero izugarri hazi zen erabiltzaileen kopurua. Lasterrera, 200 talde berrik sortzen zuten euren kontua egunero. Jada 250.000 artistek milioi bat abesti jarri dituzte bertan inork eskuratzeko moduan eta hauetako gehienak ezin dira beste inon aurkitu. Denbora honetan, bertan hasitako hainbat talde ospetsu bihurtu dira eta MP3 formatoa dagoeneko estandarra da musikaren trinkotzerako.

Enpresak gora egin zuen izugarri eta burtsako enpresa teknologikoen Nasdaq indizera heldu zen. Hala ere, MP3.com-en historia gorabeheratsua izan da, epaiketak direla medio. Napster-en aldi berean, antzeko arazotan ibili zen, bere jarduera disketxe handiak biltzen dituen RIAA elkartearen gustokoa ez zelako. Esaterako, Vivendi Universal enpresari 53 milioi dolar ordaindu behar izan zizkion.

Baina 2001ko maiatzean, Vivendik berak MP3.com erosi zuen, 372 milioi dolar ordainduta. Frantziako enpresa erraldoiak MP3.com bere asmoetarako aproposa zela zioen, sarean musika saltzeko. Badirudi azken aldian oso negozio arrakastatsua dela, batez ere Applek bere iTunes ordainduzko deskarga zerbitzua abian jarri zuenetik. Robertsonek asmatu zuen negozioarekin baina eskuetatik kendu zioten MP3.com eta orain beste kontu batean dabil buru-belarri sartuta, Windows eta Linux-en erdibideko alternatiba izan nahi duen Lindows sistema garatzen.

Hala ere, Vivendiren asmoa Robertson-ek garatutako sistema profitatzea zen bere musika saltzeko, konpetentzia ezabatzeaz gain. Vivendik MP3.com-en argitalpen digitalerako sistema integratu du bere negoziorako eta haien harpidetza sistema, orain Vivendirena den Napster 2.0 deskarga zerbitzuaren Pressplay harpidetza zerbitzuaren oinarritzat erabili du. Artista maketeroen promozioak ez zion axola eta milioi pasatxoko abesti mordoa ez zen sartzen bere negozio asmoen barruan. Horregatik, duela gutxi mp3.com domeinua saldu dio Vivendik CNET enpresari, domeinua bakarrik saldu du eta musika artxiboak suntsitzeko erabakia hartu du. Data jakinik zehaztu gabe, egunotan zerbitzarietako edukiak ezabatuko dituela jakinarazi die MP3.com-en musika zeukaten artistei.

Robertson oso haserre agertu da berak hasitakoa nola amaituko den ikusita: “Honek esan nahi du musika hori hilko dela, betirako desagertu. Sareko musika gordailurik handiena da eta, gainera, beste inon aurkituko ez duzun musika aukera dauka. Britney Spears nahi baduzu, makina bat leku dauzkazu hori eskuratzeko. Aldiz, Brittany Bauhaus, Brittany Lacy, Brittany Frompovich, edo Lymp Brittany aurkitu nahi badituzu, MP3.com da leku bakarra horiek topatzeko”. Abenduaren hasieratik haien webguneak ez dira inon egongo. Gordailua beste nonbait gordez salbatzeko Robertsonek eginiko bitartekaritza ahaleginek huts egin dute. Hainbat enpresek ere, Primetones edo Talentmatch.com kasu, euren burua eskaini dute musika hori ostatatzeko, baina ezetz borobila izan da erantzun bakarra. Dagoeneko ondare hori suntsitzen ari direla iragarri du Robertsonek, Vivendik suntsiketa burutzeko aurkitu dituen zailtasun teknikoak gora-behera.

Ondare digitalaren agiritegia

Digitalizazioa liburuen eta diskoen ondarea gordetzeko bidea izan daiteke, baina, zer gertatzen da formato digitalean eta Interneten soilik dagoen ondarearekin? Webgune bat desagertzen edo aldatzen denean, aurreko edukiak ezabatu ohi dira eta hor ondare baten galera izaten da maiz. Horregatik kezkatuta, Brewster Kahle izeneko aberats amerikarrak archive.org proiektua sortu zuen. Agiritegi honek, aldiro, webguneen pantailakadak hartzen ditu, haien itxuraren irudiak gordetzen ditu, historia harrapatzeko asmoz. Irudiak ezezik, testuak eta filmak ere biltzen ditu archive.org-ek, beti ere egileek horretarako eskubidea eman badute edo eskubide horiek iraungi badira. Horren bidez, datozen belaunaldiek Interneten bilakaera ikusi ahal izango dute irudi horien bidez. Diseinua, edukiak eta joerak nola aldatu diren ezagutuko dute eta jada izango de ziren webguneak ezagutuko dituzte. Zientzia museo eta liburutegi arteko nahasketa moderno horrek, tamalez ezin izango du MP3.com webguneko musika gorde, Vivendik ez baitu horretarako baimenik eman. Michael Robertsonek, etsipena gorde ezinik adierazi duenez, agirien suntsipena gauzatzearekin “museo digital itzela galduko dugu, berau berreskuratzeko aukerarik gabe eta mundua aurrerantzean musika gutxiagoko lekua izango da”.

LABURRAK

Ehun e-mailukada
Aste honetan ehungarren emailua bidali dute Susa argitaletxekoek. Posta elektronikoz banatzen da astero Literatura emailuak albistegi elektronikoa eta bertan albisteak, efemerideak, aipamen literarioak eta jakingarri interesgarri ugari irakur daitzeke. Azpimarratzekoa da hainbat libururen zatiak eta liburu osoak irakurtzeko loturak etorri ohi direla emailu hauetan. Ehungarrena ospatzeko, sei poetaren errezitaldiak jarri dituzte sarean, MP3 eta Real formatoetan entzungai. Harpidetza doakoa da eta berau egiteko Susa argitaletxearen webgunean dagoen formularioan gure e-posta helbidea eman besterik ez dugu.

Susa
www.susa-literatura.com

Buber sariak
Iragan astean jakinarazi zituzten aurtengo Buber sariak irabazi dituzten webguneen izenak. Internet&Euskadi elkarteak Bilboko Euskalduna antolatutako ekitaldian, arlo bakoitzeko sariak banatu zituzten. Euskarazko webguneetan, gure hizkuntzaren alde gehien egin duena Bizkaie aukeratu zuten, @Euskadi berripaper digitaleko harpidedunen botoek hala erabakita. Orotara euskal webgunerik onenari saria Aupaathletic.com-entzat izan zen, Athletic-en inguruko webgune ez ofizial honek aurrea hartu baitzion bozketetan klubaren webgune ofizialari. Internauta euskaldun batzuren haserrea eragin du “Euskal webgunerik onena” erdara hutsean dagoen bat aukeratu izanak, Sustatun irakurri ahal izan dugunez.

www.bizkaie.com
www.aupaathletic.com
www.cybereuskadi.com
buber.interneteuskadi.org

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude