Webguneen kudeaketarako beharrak: aukerak eta mugak

By | 2003/11/29

Azaroaren 28 eta 29an Topaguneak jardunaldiak antolatu zituen Zamudioko Teknologia Parkean. Komunikazioaren hainbat arlotako gogoetak bildu ziren bertan, besteak beste, neuk prestatutako komunikazio hau. “Webguneen kudeaketarako beharrak: aukerak eta mugak” herri komunikabide baten ikuspuntutik sareak ematen dituen aukerak gainetik aztertu ditut.

Historia pixkat eginez, 1997 arte egingo dut atzera (sareko denboran sei urte atzera egitea kretazikora itzultzearen parekoa da), nire bizipenak zeintzuk izan diren gogoratu nahian. Sarea aurkitu eta berehala gure herri aldizkaria bertan jarri nahi izan nuen garaira.

Sareak orduan eskaintzen zituen baliabideengatik lilura eta komunikatzeko gogoa ere sentitzen genuen, iluminatuak ematen genuen sarearen aukerak guztiei azaltzen ari ginela, gure erlijio berriaren ebangelista zorotzat hartuko gintuzten seguruenik euskaldun teknofobo peto-petoek.

Edizio moldeari dagokionez, ahalegin boluntarista hura anarkiko xamarra zen. Paperezko aldizkariaren kopia egin nahi genuen. Albiste edo erreportaia bakoitzeko HTML orrialde bat sortu, Quark-etik copy-paste egin eta hasierako orrialdean index edo aurkibidea jarri genuen. Gero, zenbaki berriak agertu ahala, gauza bera egin eta aurkibideen aurkibidea jarri genuen. Bitartean, kontagailua jarri eta… Ene, 27 bisita hilean! Hasi ginen nekatzen (nire kasuaz ari naiz) eta pentsatzen agian oraindik goizegi zela horrelakoak egiteko.

Onartu behar dut une hartan testimonialak izan zirela webgune haiek, balio praktiko handirik ez zuten (Ttipi-Ttaparenak, hala ere, AEBetako nafarrekin komunikatzeko balio izan zuen), irakurlego zabalik ez zuten. Gainera, aurkitzeko zailak ziren (geocities.com/Athens/Acropolis/8022 moduko helbideak zituzten) eta bilatzaileak ez ziren egun bezain eraginkorrak.

Denborarekin balio dokumentala gehitu zaie, hala ere. Orrialde haietako batzuk eskuragarri daude oraindik eta bisita gehienak bilaketa bidez jasotzen dituzte. Sarean jarri zirenean bisita gutxi izaten zituzten. Orduan anekdotikoa zen eta alferrikakoa zirudien ahalegin hura, pentsatu nahi dugu (eta orduan hala pentsatzen genuen) heltzear zegoen egoera baten aurrerapen modukoa izan zela.

Lan molde horrekin azkenean kalipua galdu dugu, oso jende gutxik jasotzeko lan handiak hartzeak erretzen gaitu… Pixkat baztertuta geratu da euskarazko tokian tokiko komunikazioaren garapena sarean… Harik eta edizio sistema dinamikoak heldu diren arte.

Hurbiltasunaren balioa berreskuratu
Egun Interneten balioa frogatuta dago, ez dugu zertan ibili jendeari haren marabillak (ezaugarri nagusiak bederen) azaltzen… Duela sei urte komunikatzaile normal bati ez zitzaion bururatzen bere herrikoentzako informaziogunea sortzea, are gutxiago euskaraz. Denak geunden Australiako lagunekin komunikatzeko aukeragatik harrituta eta, gainera, gure herrian hamar lagun izango ziren Interneterako sarbidea zutenak, horietatik hiru euskaldunak. Nahiz eta herriko informazioak jarri, kanpora begira jartzen zen informazioa, gure herria, gure jarduerak… Kanpokoei erakusteko.

Denboraren porazuz, hurbiltasun geografikoaren faktorea agertzen hasi da apurka-apurka. Internauten kopurua emendatu da, herri guztietan corpus txikia osatua dago, internauta euskaldunen multzoa dago herri aldizkariak egiten diren inguruetan. Jende askok nabigatzen du, e-postaz komunikatzen dira… Herri edo eskualde batean nahikoa euskaldun internauta dagoenean (gogoratu gutxiengo baten barruko gutxiengoaz ari garela), dudarik gabe, ahalegin errentagarria izango da (agian ez hitzaren zentzu guztietan).

SARERAKO EDIZIOA, EDIZIO MOTA BERRIA
Interneten erabilerak eta baliabide berrien agertzeak sarerako edizioaren bilakaera ekarri dute. Edizio moldeak definitu dira, baliabide berriek edukiak sarerako moldatu dituzte. Horrela, paperezko prentsaren ondoan ezberdintasunak markatuz joan dira.

EDUKIAK: lehen HTML bertsioa, orain sarerako edizioa.
MAIZTASUNA: lehen maiztasun finkoa, orain edizio jarraitua edo etengabea.
EDIZIOA: lehen eskuzkoa, orain dinamikoa.

EDUKIAK-EGITURA
Interneterako aldizkari baten edizioaz ari garenean, lehenengo barneratu behar dugu Internet beste komunikabide bat dela, aurreko guztien aukerak biltzen ditu (prentsa, telebista, irratia), baina berezia da.

Edukiei dagokienez, ez luke paperezko aldizkariaren kopia hutsa izan behar. Gure aldizkariarekiko independientea izan daiteke edo elkarren osagarri izan daitezke biak. Hori bai, informazioaren aurkezpena eta antolaketa guztiz ezberdinak dira edizio elektronikoan. Adibidez, prentsa idatzian albisteen hierarkizazioa dago, erredaktoreek albiste bati eman dioten garrantziaz konturatzen gara berehala, eman dioten zutabe kopurua ikusita. Zabalera gehiago (eta argazkiak) = garrantzi handiagoa = testu gehiago.

Berehalako publikazioa da sarekoa, horregatik gaurkotasuneko albisteak eman daitezke, aldizkari batean ez bezala. Maketazioak ezartzen dituen espazio mugak ez daudenez, testuen luzeera ere ez dago mugatuta. Beraz, informazioak ez dira zertan puztu edo moztu behar eta, alde horretatik, garbiagoa izango da mezua. Alabaina, web orrialdeen irakurgarritasunak markatzen dituen neurriak errespetatzea komeni da (2.000-2.500 karaktereko orrialdeak), irakurketa arina izan dadin.

Egiturari dagokionez, zuhaitz baten antzekoa da, derrigorrez enborretik sartu behar da, adarretara joateko. Aldizkari baten azala baino gehiago aurkibidea izango da lehen orrialdea, bere maketazioaren arabera. Baina, batez ere, (edizio etengabeko webgune batean), azalean BERRIENA nabarmenduko da goialdean, ez hainbeste erreportairik garrantzitsuena. Atal finko batzuetarako loturak egon daitezke alboetan, baina bigarren mailako garrantzia izango dute.

MAIZTASUNA
Aldizkariaren zenbakiez hitz egiteak ez du zentzurik sarerako produktua egin nahi badugu. Edukiena eta egiturarena bezala, maiztasunaren kontzeptua ere aldatzen da. Eskemak aldatu behar dira eta, dirudienez, kostatzen ari zaigu hori barneratzea.

Argitalpen elektroniko batek bisitak mantendu behar ditu; hori da bere helburua, egunero bisitarien kopurua lortzea eta hari eustea. Frogatu ahal izan dugunez, internautei AHAZTU egingo zaie gure webgunea dagoenik, berau sarritan bisitatzen ez badute. Normalki internautok oso webgune sorta txikia bisitatzen dugu sarritan. Besteak, noiz edo noiz edo behin bakarrik bisitatu eta ahaztuko ditugu. Horregatik mantendu behar da interesa, egunero edo ia egunero albistez elikatuz eta bestelako baliabide erakargarriak ezarriz. Aipatu dugun beste ezaugarri bat berehalakotasuna da. Ez da aldizkaria etxean jaso arte itxaron beharrik. Denbora errealean argitaratzen da sarean.

EDIZIO DINAMIKOA
Lehengo sistemarekin, HTML artxiboak editatzen ziren banaka eta gero FTP bidez zerbitzarira igotzen ziren. Sistema hori nekagarria zen guztiz, albiste asko editatu behar baziren. Orain, maiz aldatzen diren webguneen (katalogo estatikoak ez direnak eta albisteak eskaintzen dituztenak) ediziorako CMS (Content Management System) sistemak erabiltzen dira, Edukien Kudeaketarako Sistemak.

Lehen, eskuzko HTML edizioan (nahiz eta itxura grafikoko programak erabili), nekagarria izateaz gain, artxiboak (albisteak) ezin ziren eraldatu, ez zegoen iruzkinik sartzeko aukerarik. CMSen bidez, bai.

Gakoa zera da: CMSetan bereizita ageri direla hiru multzo eta haietako edozein aldatzeko ez dira besteak zertan ikutu. :
1. Diseinua edo itxura
2. Maketazioa-egitura
3. Edukiak

Diseinua edo itxura alda dezakegu, fondoen eta letren koloreak, tamainak… Maketazioa txantiloien bidez egiten da, berauek aldatzen dira eta webguneko artxibo guztietan aldatuko dira. Edukiak datu base bati lotuta ageri dira, exportatu, inportatu daitezke, argitarau ostean aldatu… Bisitariak, sartzen den unean, hiru elementuon konbinaketa ikusiko du.

Webgune dinamiko batek bisitariarekin elkar eragiteko ahalmena du. Albisteak edo albisteen iruzkinak sartzea ahalbidetzen dio (sustatu.com), webgunearen barruan bilaketak egitea. Editoreei (eta albisteak gehitzeko baimena duen edonori) edukiak aldatzea ahalbidetzen die nabigatzailearen bidez, formulario errazak erabiliz, bestelako programarik erabili gabe eta edozein ordenagailutatik. Formulario horietan titularra, gaia, sarrera eta albistearen gorputza sartu eta klik baten ostean publikatuta dago.

CMS ezberdinak daude, gehienak PHP teknologia librean oinarrituak. Movable Type edo PostNuke xaloekin webgune informatibo txukuna egin daiteke. Begibistakoa da edonork, edozein gairi buruz eta edozelako itxurarekin argitara dezakeela agerkari bat sarean. Hortik dator egunotan CMS sinple horien bidez argitaratutako bitakora edo weblog mordoaren eztanda. Zope sistemak aukera gehiago ditu eta moldagarriagoa da. Zailagoa da oinezko internautarentzat, baina aproposa aldizkari batentzat.

AUKERAK
Sarea hainbat gauza egiteko suerta dakioke erabilgarri herri aldizkari bati. Hasteko, informazioa lortzeko. Bilaketak eta beste online prentsa oso informazio iturri onak dira. Baina sareko aldizkari dinamiko batekin lortzen den gauzarik interesgarriena irakurleen feedback-a da. Gero eta garrantzi handiagoa ematen zaio eta komunikabide askok aurkitu dute bide ona dela edukiz hornitzeko eta gai berriak topatzeko. Paperezko aldizkari batean oso leku murritza dute irakurleen iritziek, eta eztabaida mamitsuak sortzea ia ezinezkoa da, iritzi baten erantzuna jasotzeko hurrengo zenbakira arte itxaron behar delako.

Sarean (Adibidez, sustatu.com) eztabaida sutsuak piztu daitezke gai baten inguruan eta irakurleek, iritziak emateaz gain, ekarpenak egin diezazkiokete informazio bati, berau osatuz. Radio Euskadin, esaterako, entzulearen telefonoak feedback-aren funtzio hori egiten du, baina Interneten jarri dituzten eztabaidaguneei ere garrantzia ematen diete. Albiste iturri ere izaten dira irakurleen ekarpenak, erredakzioan herriko informazio asko maiz oharkabean pasatzen bazaizkigu, sareak ematen duen anonimatoaz baliaturik informazio asko emango dizkigute herritarrek.

Interaktibitatea lortzeko, posta elektronikoaz eta albisteen iruzkinez gain, beste baliabide batzuk erabil daitezke. Berriketa edo chat-a hor dago, baina zailagoa da internautek une berean bat egitea. Gai baten inguruko eztabaidaguneak eta online inkestak tresna onak dira irakurleen iritziak ezagutzeko eta bisitarien interesa mantentzeko. Posta buletinak informazioa hedatzeko tresna eraginkorrak dira. Sortu ezazue banaketa zerrenda bat, noizean behin albiste garrantzitsuak edo webgunearen aldaketak iragartzeko. Interesa duenak harpidetza egingo du, nahi badu; ez sartu jendea banaketa zerrenda batean baimenik eman ez badute.

Amaitzeko, audio eta bideo artxiboak sartzeko aukera aipatu behar da. Komunikabide multimedia denez, ez dugu zertan mugatu paperak jartzen dizkigun mugetara.

Kazetarien lanerako ere ona da sarearen bidezko edizioa. Argitaratu aurretik, zirriborroak presta ditzakegu, beste leku batean dagoen bati erakutsi, edonondik sar gaitezke albistea editatzeko eta edozein momentutan (etxetik) sortu den albiste garrantzitsu bat online jarri.

ETORKIZUN LIBREA
Etorkizuneko erronken artean software librearena aipatu behar da. Ezinbestean informatika aipatu behar dut nabarmentzeko hemen dagoela euskararen salbabidea telematika eta ofimatika kontuetan. Hau da, programak euskaraz erabili ahal izan ditzagun bide bakarra jaberik gabeko software librea da.

Baina adi, filosofia hau askoz haratago joango da datozen urteotan (hala biz) eta laster Open source mugimendua zientziara, diseinura, zuzenbidera… arlo askotara hedatuko da. Uste dut herri aldizkarioi eta euskaldunoi, txikien filosofia horrekin bat egiten dugulako, egokituko zaigula honen hedapenean laguntzea, berau erabiliz eta bultzatuz.

Horretan oinarrituta eta euskaraz hasieratik, edizio tresnak garatuko dira, euskaraz nabigatuko dugu Mozillaren bidez (birusik gabe), euskarazko edukiak, testuak, bideoak… trukatuko ditugu barra-barra eta libreki.

One thought on “Webguneen kudeaketarako beharrak: aukerak eta mugak

  1. Palenqueko lagunak

    Aspaldi zure digitaldizkaria bisitatu gabe, salto egin neban artikulu hau eta oso ona deritxot. Guk ez dakigu informatikaz tutik ere ez, baina lagun korsikarren http://www.webzinemaker.com doaneko zerbitzuari esker, laster urte bi beteko ditugu sarean, lehen aldizkari ecuaeskualduna eginaz gainera.
    Emoiozu, mesedez, begiradatxo bat sistema horreri, ezertxo ez dakigunontzat oso aproposa deritxot benetan, eta itxurosoa…
    Holako zeozer euskeraz egiterik ez legoke? Zuk gehiago dakizu eta zure eritxia gustora jasoko genduke.
    Zorionak, Jabi, zure lanagaitik Berrian eta sarean.com honetan.
    Aurrera!

    Reply

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude