Manu chao, Bilbotar klandestinoa

By | 2003/03/16

Globalizazioaren aurkako ikonoa gurean izan da egunotan, Jai Alai Katumbi Express goitizenarekin kontzertu klandestinoak eskaintzen. Virgin multinazionalarekin harremanak apurtu ostean, Radio Bembarekin eta Fermin Muguruzarekin burutu du bira txiki hau. Makrojaialdietatik urrun, areto txikiagoetan ibili dira, lagunarteko festa giroan. Bilboko eta Ondarroako Kafe Antzokietan izan da, fan berezi batek lagunduta: sortzez bilbotarra den bere ama. Aretoen kopuru mugatua dela eta, promoziorik ez zuten nahi, beharrik ere ez. Halabaina, Euskal Herrian emandako azken kontzertuaren biharamunean, Ondarroan, Manurekin solasteko aukera izan genuen, gurean eskaini duen elkarrizketa bakarrean.

Testua eta argazkiak: Jabi Zabala

Nola sortu zen Jai Alai Katumbi Express?
Fermin aspalditik ezagutzen dut eta beti izan dugu zerbait elkarrekin egiteko asmoa, baina bakoitza bere planekin, kolaborazio mailan geratu izan dira beti, Negu Gorriak-ekin eta. Orain sekulako aukera zegoen, Ferminen taldekide bat haurdun egonik ezin zuelako bere bandarekin atera. Gu ere zerbait berria hastekotan gaude eta aukera ikusi genuen: orain edo sekula ez, honelako aukera bat ez baita berriz egongo.

Nolakoa da bira zuekin?
Lehenengo lana, gero parranda. Eguneko inportanteena kontzertua da, baina lanean disfrutatuz. Urtero jostailua apurtzen dugu, taldea desegin, ohiturari aurre egiteko. Lokal txikietako bira egiten dugu, prestaketa moduan, behin errodaia egin eta gero jaialdi handietan jotzea txikikeria baita. Egunotan ikaragarrizko parrandak egin eta itzel pasatu dugu.

Galiziatik zatozte, nola aurkitu duzue hura?
Negargarria. Urtarrila hasieran ere joan nintzen Galiziara, egoera ikusteko. Arrantzale herrietako jendeak argi du Kanarietara joan beharko duela baina ez da hain simplea. Askok alde egingo dute baina Argentinako bi milioi galiziar daude itzultzeko gogoz. Beste aukera protesta egitea da. Marea beltzak jende askoren kontzientzia piztu du, tabernetan eta ikusi dut PP bozkatzen duten asko ikututa daudela. Jendea amorratuta dago baina dirulaguntzen bidez isildu nahi dituzte eta asko isiltzen ari dira, kofradiak, arrantzaleak…

EGUNKARIAren itxierak ere berton harrapatu zaitu. Zer iruditzen zaizu?
Fase aluzinagarri batean sartu garela. Batzuetan iruditzen zait fikziozko film bat ikusten ari naizela. Nahi dutena egiten dute eta, gainera, irailaren 11z geroztik denak dira islamista, terrorista… Horrela jarri digute, gurekin edo gure kontra. Bartzelonan ere, okupak ETAkoak ei dira. Prentsa guztiz itsututa dago. Esaterako, katalunian zortzi musulman atxilotu dituzte, Bin Ladenen taldekoak zirela esanez. Denok ikusten genuen pringao batzuk zirela, baina albistegietan ari dira esaten “arriskua ez dago kanpoan, etxean bertan baizik”. Frantzian ere, EGUNKARIA ixtearen aluzine bera da, sorpresaz sorpresa goaz. Duela urtebete esan izan balidate Chirac-en alternatiba Le Pen izango zela ez nuen sinistuko.

Zer egin dezakete musikariek honen aurrean?
Ez dakit, bozgorailua eskuan dugunok bada, hitz egin. Baina gero manipulatzen zaituzte. Kriston ekonomistak izan beharko genuke, azken finean diruaren banaketa baita kontua eta ez naiz mundua aldatzeko gai sentitzen. Iraultza txikietan sinisten dut, ordea. Gazte askok aholkua eskatzen didate eta nik auzo mailan zeozer egiteko esaten diet. Mundu mailan, otsailaren 15eko gerraren aurkako manifestazioak sekulako subidoia eman zidan, baina ez dut uste gerra ekiditea lortuko duenik. Auzo mailan, ordea, emaitzak gehiago ikusten dira.

Ama bilbotarra duzu sortzez.
Bai, Artxandakoa, baina gerra zela eta, hiru urterekin alde egindakoa. Aitonak telefono konpainian lan egiten zuen eta gerran, hiriak faxisten esku jausi ahala, telefono zentralak saboteatzea zen bere zeregina. Bilbo jausi zenean alde egin behar izan zuen familiak. Aitonak hemendik ihes egin eta errepublikaren aldean jarraitu zuen harik eta Valentzia jausi arte. Kondairak dio azkenengo barkuan atera zela. Orduan Aljeriara joan zen eta han kontzentrazio esparru batean eduki zuten denbora batez. Gerra ostean familia bertan batu zen eta ama, esaterako, Aljerian hazi zen.

Sustraien bila etorri zen, baina, duela gutxi.
Bai, duela lau-bost urte ama Bilbora itzuli zen. Ez zen ongi oroitzen, baina azkenean Artxandako etxea aurkitu zuten. Bizilagun berriak zeuden bertan, baina auzokoek gure familia akorduan zuten: “Bai, Ortegatarrak, noski. Zatozte, zerbait daukagu zuena, berton utzi zenutena”. Aiton-amonen baxera, mantelak eta horrelakoak zituzten oraindik gordeta, haiek ezin izan baitzuten dena eraman. Aitonak, bizirik zela, ez zuen sekula bueltatu nahi izan. Hil ondoren bere errautsak ekarri eta Gorbeiako tontorrean haizatu genituen.

Zu, berriz, Parisen sortu zinen.
Txikitatik oroitzen naiz nola gure etxean bazkariak eta festak egiten ziren. Jende asko etortzen zen, argentinar exiliatuak eta. Aita galiziarra da, kazetaria. Pianoa jotzen zuen baina, eskuetako artrosia zela eta, jotzeari utzi zion. Artrosia bazuen ez dut inoiz ulertu nola utz zezakeen pianoa idazmakinari ekiteko.

Musikarena hortik datorkizu?
Tira, aita pianoa ikas genezan saiatu zen, solfeoarekin eta, baina guk futbola nahiago genuen. Oraindik ideia handirik ez dut, baina oinarrizko ezagutza baliagarria suertatu zait.

Sorkuntzan autoprodukzioaren aldekoa ei zara.
Bai, grabaketa estudioak amaitu dira niretzat. Egun, teknologiari esker dirutza ederra aurreztu dezakezu. Etortzen zaizkidan gazteei eta, dirua grabaketa estudioan xahutu barik ordenagailua erostea gomendatzen diet. Gaurko banda batean baxu jole edo bateria jole ona edukitzea bezainbat garrantzitsua da manitas bat egotea. Estudioetan ordutegiak daude, baina duendea etortzen zaizu berak nahi duenean, ez estudioan baizik eta etxean zaudela. Ordenagailuarekin momentuan graba dezakezu eta biharamunean entzunda ez bazaizu gustatzen, dudarik gabe ezabatu. Ezabatzen jakitea oso garrantzitsua da.

Orduan nolakoa da zure sorkuntza prozesua?
Esan bezala, nik estudioa gainean daramat, motxilan. Ideia bat etorri orduko makina piztu eta berehala grabatzeari ekin. Gauza bat grabatzen hasi eta, gauaren amaieran, guztiz bestelako gauzak grabatzen amaituz gero, sesio ona izan dela esan dezakezu. Clandestino-tik hona horrela egiten dut.

Aurten musika multinazionalen azkena izango dela diote. Esaterako, Sony erraldoiaren musika arloa kaltetzen ari da Sony bera, askoz gehiago irabazten baitu MP3ak entzuteko aparailuak saltzen. Hori da kapitalismo basatiak dakartzan makrofusioen arazoa. Multinazionalak jada hibrido erraldoiak dira eta ez dute funtzionatuko kolapsatuko dira. Ez bakarrik musika saltzen dutenak, beste asko ere bai.

Pirateriak musikari kalte egiten dio?
Musikaren arloan pirateriaren inguruko debate faltsua dago. Diskagintza hondatzen ari dela diotenean nik barre egiten dut: etekinak urratzen ari zaizkie erraldoiei, ez musika hondatzen. Gero, SGAEn eta Madrilen denak “pirateoaren kontra”, bilerak egiten… Baina pirateria hemen dago eta ezin izango dute gelditu.

Zer egin behar dute disketxeek?
Pirateoaren kontrako soluzioak oso errazak dira, aplika ditzatela. Diskoen salneurria %40 jaitsiz gero, pirateoarekin konpetitiboak izango lirateke, gehiago salduko lukete.

Top-mantaren aldekoa zara?
Debate guztietan pirateriaren defendatzailetzat akusatzen naute. Ez da horrela, nik etxeko pirateria defendatzen dut, baita auzoko pirateria ere: okinari ogia erosten diogun bezala, auzoan gazte bat baldin badago bildumak osatzen dituena, bada, harengana joatea eta zer daukazu gaur? galdetzea. Patrikan 20 euro dituen gazte bat, CD bat eskuratu nahi badu, oso tontoa izan behar du diskoa erosteko, saretik jaitsi beharrean. Ordea, pirateriaren %70 mafiosoa da eta hori da niri gustatzen ez zaidana. Oso polita da senegaldar bati hondartzan CD bat erostea, baina tipo hori mafia baten esklabu da, berak ez du dirua eramaten. Erostean mafia hori laguntzen ari zarela jakitun egon behar duzu. Saltzailea esplotatua dago, Almerian tomatea biltzen dagoena bezala.

Zelan geldi daiteke hori?
Ez dut ulertzen zergatik ez duten gelditzen, hainbeste diote SGAEkoek pirateria gelditu behar dela eta, ez al dakite non dauden fabrikak? Mesedez! Pixkat bilatuz gero kobazulo horiek bi minututan topa ditzakete eta. Zergatik ez dute egiten? Ez dakit. Hainbeste kexatzen dira pirateriaz… Bada euren legeak dira: eskaintza eta eskaria. Jendeak merkeena erosten du. Nik diodanez, la pepsicola que se muerde la cola.

UK aldizkarian argitaratua.

4 thoughts on “Manu chao, Bilbotar klandestinoa

  1. Diego

    Kaixo:……………………………………………………………………………………………………………………………………………………………………………………………………………………………………………………………………………………….oso ona da!!!
    agur

    Reply
  2. yuki

    nik guztiz aldekoa naz, beintzat dirutza hau eskatzen duten bitartez….

    Reply
  3. tacho

    aup pirateria mutikotes!!!!!!!

    mxxkkkk
    goragora!!!!!!

    Reply

Utzi erantzuna Diego(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.