Google erraldoia

By | 2003/07/06

Sareko nabigazioaren erdigunea bilakatu da bilatzaile xaloa baino ez zena. Bilaketa azkarrak, eraginkorrak eginez, azken finean trafikoa kontrolatzen du eta webgune batek bisitariak izango dituen ala ez erabakitzen du.

Google 1998an sareratu zen, zalapartarik gabe, baina emeki-emeki erabiltzaileak erakartzen eta liluratzen joan da. Apaingarririk gabeko bilaketa tresna hutsa izaki, askok galdetzen zuten nola egingo ote zien aurre orduan modan zeuden atari handiei. Baina xalotasun hori izan da, hain zuzen ere, bere arrakastaren gakoetako bat. Izan ere, bi segundutan kargatzen da Googleren hasiera orrialdea. Aitzitik, atari handietako lehen orrialdea kargatu eta pantailan osatu arte itxaron behar genuen Yahoon edo Altavistan bilaketa egiteko. Orrialde gero eta astunagoak ziren zerbitzuz hornitutako bilatzaileenak eta internautok orrialdeak azkar kargatzea estimatzen dugu.

Bigarren ezaugarria emaitzak azkar eta zehaztasunez ematea du Googlek. Denbora galdu barik bila gabiltzana aurkitzea nahi dugu eta askotan bila gabiltzan kontzeptua ulertzen duela dirudi. Emaitzak sailkatzeko duen sistema adimentsu hori da Google onena egiten duena. Horregatik, harrotasuna izkutatu gabe, baietz lehenengoan aukera erakusten du, hartuz gero Googlek bila gabiltzala uste duen orrialdera zuzenean eramango gaituena.

Lerro hauek idaztean 3.083 milioi web orrialde zituen sailkatuta Googlek. Erabilera jostagarriak izan daitezke, nork bere burua bilatzea kasu, emaitza bitxi eta barregarriekin. Beste erabilera batzuk ere eman diezazkiokegu Googleri, hizkuntza arlokoak. Esaterako, diezaizkiokegu hitza bilatzea emaitza bakarra aurkitzeko. Hiztegira jo barik hitz edo esaldi baten egitura ondo dagoen ikus dezakegu Googleren bidez, zalantzarik egonez gero, “esaldi hori” berdin eta komatxoen artean idatzita. Emaitzarik egon ezik baliteke gaizki egotea.

Baina bitxikerietatik harago, garrantzi politiko ikaragarria har dezake milioika lagunen bilaketetan orrialde bat edo bestea lehenengoa agertzeak, haiek bila dabiltzana Donald Rumsfeld edo digital camera denean interes politikoak eta ekonomikoak sartzen dira tartean. Ondorioz, noski, webmaster eta enpresa guztiek nahi izango dute emaitzetan gorago agertzea, bisiten zati ederra Googleko bilaketetatik baitatorkie. Horrek begi asko jarri ditu Googleren barne funtzionamenduari begira.

Coca-Colaren osagarri sekretua bezain ezezaguna da emaitzak sailkatzeko Googlek darabilen mekanismoa. Haren bihotzean PageRank sistema dago, Larry Page eta Sergey Brin sortzaileek garatutakoa. PageRank-en funtsa hauxe da: Googlek A orrialdean B orrialderako lotura egotea boto baten moduan hartzen du, orrialde batek zenbat eta boto gehiago jaso, orduan eta aukera gehiago izango ditu emaitzetan gorago agertzeko. Hala ere, Googlek ez du soilik hori hartzen kontutan. Botoa ematen duen orrialdeak bere sailkapenean duen garrantzia ere begiratzen du eta, horrela, gure orrialdea garrantzitsua izango da bertarako lotura orrialde garrantzitsuetan agertzen den neurrian.

Baina webmaster askoren zoritxarrerako, PageRank, garrantzitsuena izanik ere, Googlek webguneen sailkapena egiteko erabiltzen dituen 100 algoritmo baino gehiagoren artean bat baizik ez da. Horregatik, bada bilatzaileari susmati begiratzen dionik. Esaterako, PageRank-en oinarrituta emaitzetan leku ona lortzea eskaintzen zuen Search King negozioa. Sailkapenean ondo kokatutako orrialdean bezeroen webgunerako lotura jartzean oinarritzen zuen bere eskaintza bertako arduradun Robert Massa-k, harik eta Googlek, tranpaz ohartuta, haren orrialdearen garrantzia jaitsi zuen arte. Googleko eledun Nathan Tyler-en esanetan, antzeko erantzuna jasoko dute beste batzuek «gehiago manipulatzen ahaleginduz gero».

Azken urteotan zerbitzu gehiago sartu ditu Googlek bere webgunean. Duela bi urte deja.com zerbitzua erosi zuen, Usenet-eko berri taldeetan webgunearen bidez mezuak irakurtzea eta jartzea ahalbidetzen zuen zerbitzua. Geroago, irudiak bilatzeko sistema berezia gehitu du, bestea bezain eraginkorra, eta merkatal produktuak topatzeko aurkibidea zabaldu du, katalogoak, gaikako bilaketak… Albisteak topatzeko zerbitzua ere zabaldu du, mundu osoko 4.500 komunikabidetatik albisteak bilduz eta sailkatuz.

Hainbeste bisitarirekin ez da banner bakar bat ere ageri Googlen eta internautek gogotik eskertzen dute hori. Horien ordez, testu bidezko adwords iragarkien sistema du Googlek. Bilaketa baten emaitzen ondoan, baina bereiztuta, bilaketaren terminoekin harremana duten iragarkiak ikus ditzakegu. Bannerrak baino eraginkorragoa da sistema hori eta oso errentagarria dirudi, 100.000 iragarle baititu egun.

Aurten, weblog-ak egiteko milaka lagunek erabitzen duten Blogger sistema erosi du eta horrek beste sistemen bidez eginiko bitakorak emaitzetatik baztertuko dituen beldurra eragin du. Momentuz, hala ere, oso gutxi dira Googlerekin kritikoak eta ez da manipulazioen froga sendorik aurkeztu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude