Hispania invicta (domuit vascones?)

By | 2010/07/12

Egunotan, Espainiako selekzioaren rola, horrek euskal gizartearekiko duen sinbolismoa eta atzean igartzen diren asmo politikoak ikusita, eztabaida dago futbola politika ote den eta, politika bada onargarria den. Nork bere ikuspuntutik aztertzen duenez, denetariko iritziak entzuten dira, kirola baino ez dela eta politika ez dela nahastu behar, Espainiaren garaipenak ospatzea ez dela politika… Baina euren leloak eta jarrerak ikusita inori ez zaio eskapatzen Moyua plazan bildutakoek kirol garaipenak ospatzeaz gain, autoafirmazio espainolista egiten dutela, bart gure kaleetan erantzuna nahiko urria izan den arren.

Invictus filma ikusi nuen lehengo egunean, arreta guztia Hego Afrikan jarrita egon den egunotan, oso film aproposa. Mandelak egindako kirolaren erabilera guztiz politikoa kontatzen du, filmak defendatzen duenez, erabilera guztiz onargarria, nazioa batzea eta zuri eta beltzen arteko berdintasuna bultzatu beharreko helburutzat onartzen dugunez gero. Ondo ulertu dute gurean espazio publikoa hartu eta hemen falta den espainiartasuna sustatu nahi dutenek.

Baina gurean egiten den erabilera nonazionalistaz gain, kirolaren erabilera ez da gauza berria masaren arreta desbideratzeko tresna moduan. Aste honetan ere O ano em que meus pais sairam de féiras filma ikusi dut. Brasilen 1970ean kokatuta, herrialdea Emilio Garrastazuren diktadurapean bizi zen bitartean, bertako selekzioak irabazi zuen mundialaren garaia futbola beste kezkarik ez duen haur baten ikuspuntutik kontatzen du. Bere gurasoak oporretan joan dira (guk badakigu militante komunistak direlako alde egin dutela, errepresiotik ihesi) eta herritarrak telebistara begira dauden bitartean, polizia ezkertiarrak arazorik gabe atxilotzen…

Tira, Argentinan ere 1978ko mundiala erabili zuen batzorde militarrak, Francok ere… Mila adibide daude. Erroman errepublika inperio bilakatu ahal izateko panem et circenses erabakigarria izan zen. Zapaterok bere decretazo famatua Espainiak mundialeko lehenengo partida jokatzen zuenean onartu zuen.

Gurera hurbilduz, futbolaren eta politikaren arteko harremanaren analisi zorrotza egiten du Alberto Lacasak Kataluniatik. Jordi Pujolek aipatutako nacionalismo banal kontzeptua dakar gogora, kirolaren bidez hain sotila den nazionalismoa, hain sozialki onartua ezen ez baita nazionalismotzat hartzen. Gero dago norberak ontzat hartzen duen, hori aldez aurreko gure jarrera politikoak zehaztuko du, baina erabilera nazionalista da.

Espainiarren kasuan besteak (euskaldunak) ukatzean oinarritutako selekzioak irabazteak besteak (euskaldunak) bertoko kaleetan are gehiago ukatzeko balio badezake, ez egin zalantzarik, funtzionario eta guzti bultzatuko dutela. Espainiak irabaztean azalerazten dira balio espainiar unibertsal horiek: nazionalismo inperialista, etnozentrismo eta arrazismoa (Manolo Lama kasua). Egia da halaber egungo Espainiako selekzioak ez duela oso soslai castizoa, jokalari gehienak Barça-koak izanik, eta bitxia da gure kaleetan Espainiaren garaipena ospatzen ibili direnetatik asko hegoamerikar etorkinak direla.

Bitxia da, baina Invictus filman Mandelak aitortzen duenez, kirola politikoki erabiltzearen ideia Bartzelonan 92an egin zioten harreran bururatu zitzaion. Liluratuta ikusi zuen Espainiako taldea nola babesten zuten katalanek, madrildarrek… “Inongo politikarik baino sentimendu gehiago mugiarazten ditu kirolak” dio Mandelak filman. Invictus oinarrituta dagoen Playing the Enemy nobela idatzi zuen John Carlin idazleak gehitzen du: “Eta noiz azalerazten da indar handiz harrotasuna, patriotismoa? Gerran, kirolean”.

2 thoughts on “Hispania invicta (domuit vascones?)

  1. Petri

    Hemen ere ikusten da eragin hori, Iker Casillasen ahotik:

    ‘Ya no está mal visto lucir nuestra bandera’

    “Cuando llegue a España de Sudáfrica vi banderas en los balcones de las casas y a muchos niños con las camisetas de España. Creo que antes de que ganáramos la Eurocopa y el Mundial estaba mal visto lucir la bandera de España en nuestro país, pero ya no. Y pienso que eso está muy bien, yo me siento muy español y me encanta”.

    http://bit.ly/aLvdK9

    Reply

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude