Bilbo-Portsmouth-Bilbao

By | 2010/05/09

Pride of BilbaoPortsmouth-Bilbao-Portsmouth ofizialki eta guretzako Santurtzi-Portsmouth-Santurtzi, eskaintza merke bati esker ibilbidea egin eta Pride of Bilbao ontzia ezagutzeko aukera izan genuen iragan astean, lagun batek eta biok. Urte hasieran P&Ok iragarri zuen linea hau kentzeko erabakia, errentagarria ez dela argudiatuta. Beraz, ontziak irailaren 27an azken bidaia egingo du. Bizkaitar gehienok ferryari bizkarra emanda bizi izan gara 17 urteotan, ni neu bai behintzat. Horregatik, eta aukera kentzen digutenean ez damutzeagatik, ontzia kendu aurretik bidaia egitea pentsatu nuen…

Hainbat datu bitxi aurkitu ditut ontzi honen inguruan. 1986an Finlandiako Turku herrian egina, hasiera batean MS Olympia izena zuen eta Finlandiako Viking line enpresaren kolore zuri-gorriak eraman zituen Estokolmo eta Helsinki arteko uretan, bere biki MS Mariella ontziak legez. Baltikoan ibiltzeko egin zutenez izotzerako A klasekoa da, izoztutako uretan ibiltzeko ahalmena ematen dion branka eta krosko lodia dituelako. Zazpi urte geroago, enpresak arazo ekonomikoak zituenez, Irish Continental Group enpresari saldu zion eta honek P&O enpresari alokairuan utzi dio 1993tik hona. Alokairuaren epea irailean amaituko da eta orduan irlandarren eskuetara bueltatuko da ontzia.

Egin zituztenean  munduko ferryrik handienak ziren Olympia eta Mariella, karga, bidaiari eta gela kopuruari zegokienez. Izan ere, ferry esaten badiogu ere, ingelesez cruiseferry deritzon erdibideko kategorian sartzen da: ferrya denez autoak eraman ditzake, baina itsas-bidaia luzeak egiteko gai diren ontzien zerbitzu eta instalazioak ditu, bertan lo egin eta ondo pasatzeko. Horregatik bidaiari askok mini gurutzaldiak egiteko erabiltzen dute Pride of Bilbao, barruan egote hutsaren plazerragatik: Bilbon ordu pare bat eman eta buelta Portsmouthera. Kontrako bidea ere egin daiteke, Santurtzitik abiatuta, baina gutxienak dira hemendik abiatzen direnak, egiaztatu dugunez.

SanturtziHiru egunerako arropak, liburu bat, kamara eta prismatikoak hartuta heldu ginen igandean Santurtzira, minicruise joan-etorria egiteko. Arrantza portuaren atzean dagoen terminalera heltzeko oinezkook gaizki seinaleztatuta dagoen ate batetik sartu behar dira eta terminalean, txartelak hartu ostean, gauzak eskanerretik pasa eta barrura. Handia da ontzia, dendak eta harrera seigarren kubiertan daude eta hortik gora jatetxeak, tabernak eta bestelako zerbitzuak daude. Zortzigarrenean zinetxoak eta brankako begiratokia. Tabernak brankan, tabernak popan, garagardorik ez da falta ontzian. Eguraldi ona izanez gero popa aldean etzaulkiak daude, lasai-lasai irakurtzen edo ostertzera begira egoteko.

Barruan, hainbat kafetegi daude eta hiru jatetxe ezberdin, prezioaren arabera. Txikipark modukoa, supermerkatua, ileapaindegia eta jolas-makina gela. Behean, bigarren kubiertan, saunak, gimnasioa eta piszinatxoa aurkituko ditugu, normalki jende gutxirekin, inglesek gehiago estimatzen baitituzte goiko tabernak. Popa aldean kasinoa eta diskoteka handi xamarra dago, gauero umore eta koreografia ikuskizunak eskaintzen dituena.

Whale & Dolphin WatchingBaina eguraldiak eta zorteak laguntzen badu ikusgarririk onena uretan aurkituko dugu: baleak ikustea. Bizkaiko golkoan barneratu eta berehala sakonera ia 4.000 metroraino heltzen da. Ur horietan baleak ugariago dira, handiak batez ere, eta zaila den arren guk suertea izan genuen arratsalde horretan hainbat ale ikuskatzeko. Fundazio bateko kideak joan ohi dira ontzian Biscay Dolphin Research Programme proiektuak Pride of Bilbao erabiltzen baitu baleak eta izurdeak ikuskatzeko talaia moduan. Zubitik adi-adi, behaketa bakoitza megafoniatik iragartzen dute, jendeari nora begiratu behar duen eta zer animali mota den esanez.

Horri esker zere arrunta edo fin whale (Balaenoptera physalus) bat ikusi genuen urrunean, munduko bigarren animaliarik handiena, haize futzada ikusgarriak botatzen. Geroago pilotu balea talde bat ikusi genuen eta, arratsalde amaieran, brankako begiratokitik kaxalote ama eta kumea ikusi ahal izan genituen, brankatik metro batzutara. Hurrengo egunean, aldiz, izurde bakar batzuk baino ez genituen ikusi, bueltako bidaia osoan bezala.

Review honetan, bidaiaren bideoa egin dute:

Santurtzitik abiatPortsmouthu eta biharamuneko arratsaldean heltzen da ontzia Portsmouth-era, 28 orduko bidaiaren ostean. Bertan derrigorrez jaitsi behar dira bidaiariak eta ordu eta erdi eskas daukate Spinakker tower ingurura taxiz joan eta zerbait erosteko. Te pixkat Tescon erosi eta buelta ferryra. Bueltako bidaia astiroago egiten du ferryak eta gehiago irauten du, 35 ordu, goizeko 8etan Santurtzira heltzeko. Deigarria egin zitzaidan Santurtzira heltzean, antolatutako txango batzuk (zazpi kaleak, Guggenheim, Castro) gorabehera, inor ez doala zombie moduan terminaletik irteten diren heldu berriei ostatu edo aisialdiko zerbitzurik eskaintzera. Soilik tipo bat fotokopia kutre batzuk banatzen, girientzat gosariak prestatzen dituen Baiona tabernakoa.

Pasajearen %95 britishak dira, gutxienak hemengoak. Langileak, aldiz, hemengoak dira gehienak -120 inguru-, beste 20 portugaldarrak eta gainontzekoak Britainia Handikoak. Orotara 200 bat langile doaz bidaia bakoitzean. Zer gertatuko da hemengo 120 inguru lanpostuekin? Harrerako arduradunak esan zigunez, beste linearen bat bilatzen ari omen dira portua eta aldundia. Azken hauek P&Ori erositako bono batzuen bila dabiltza ere eta, bitartean, langile bakoitza bere irtenbidea ari da bilatzen… Euren iritziak ere agertzen dira beste bideo honetan:

P&Ok dio azken urteotan linea honi etekina ateratzeko ahal izan duten guztia egin dutela. Gurean behintzat arrakasta gutxi izan du jendartean. Horren lehenengo arrazoia salneurri altuak izango dira, seguraski, baina publizitate gutxi egon da, presentzia gutxi gizartean. Webgunea ere ez da batere intuitiboa, ez du eskaintza berezirik erakusten, ezta prezio merkeagoak ikus daitezkeen egutegirik, Vueling edo Easyjeten ikus daitezkeenen moduan.

Joan-etorria 350 libera inguru kostatzen da, oso garestia, baina itsasaldien egutegiko datak kontutan hartuta, data ezberdinak probatuta,  joan-etorri merkeak topa ditzakegu ekainaren 8an, 11n, 17an… 96 euroren truke (120 € kanpoaldeko gela hartuz gero). Horiek edo Travelclub-en eskaintza azken aukerak izan daitezke Bilbo-Portsmouth-Bilbo bidea egiteko. Guztiz gomendagarria da, beraz, anima zaitez eta zorte ona baleekin!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.