Jolicloud, Ubuntu erraza netbookentzat (eta euskaraz)

By | 2010/03/11

Nire eskuetara endredatzeko heldu da Dell Mini 10v bat. Berez, Windows 7 starter sistema dakar 280 euroko Netbook edo eramangarri txiki honek. Diotenez Mac OS X instalatzeko netbook perfektua da, eta hori probatzea da nire asmoa. Baina bitartean, eta Windows ezabatu baino lehen, beste esperimentu bat egitea pentsatu dut: Jolicloud probatzea. Txiki hauetarako egindako Ubuntu Netbook Remix moldaketaren aldaera bat da Jolicloud, barruan Linux-en oso bertsio berria dauka, netbooken ezaugarrietarako egokitua: pantaila txikia, kontsumo gutxiko prozesagailua… Tariq Krim-ek sortua omen da Jolicloud eta, bere esanetan, Netbook gehientsuenekin erabat bateragarria da, hau da, instalatu eta ez da instalazio gehiagorik egin beharrik, denak funtzionatzen du.

windows7 mahaigainaJolicloud mahaigaina (euskaraz)

Gainera, gauzak errazteko Jolicloud express aukera ematen digu ezer hondatu gabe probatzeko. Windows-en gaudela, Jolicloud express jaitsi eta programa bat gehiago bailitzan instalatzen dugu. Prozesua egin ostean ordenagailua berrabiarazi eta kitto, aurrerantzean pizten dugun aldiro emango digu aukera Jolicloud edo Windows kargatzeko. Dell txiki honen ezaugarri guztiak ezagutu ditu eta denak funtzionatzen du: wifiak, soinuak, atsedenak… Bideoak  ikusi eta musika entzun, dena egin daiteke. Euskara aukera daiteke ezarpenetan hizkuntza moduan eta, Jolicloud-en (hodeian klikatuta) izena emanez gero, oso era errazean eguneraketak eta programa berriak eskuratzeko interface batera sartuko gara. Twitter, Facebook, Bittorrent eta horrelako aplikazio berezi asko dakartza ere Jolicloud sortak.

Windows 7 atazak Dell Mini 10vJolicloud atazak Dell Mini 10v

Txiki hauek ekarri ohi duten Windows 7-ren bertsioak, murritza izan arren, RAM memoriako gigabyte horren gehiena hartzen du (625 mega), programak exekutatzeko soilik 300 mega utziz. Aldiz, irudiotan ikusten denez, Jolicloud instalatu ostean, sistemak Windows 7k baino askoz gutxiago jaten du (211 mega). Berriz, Firefoxen bideo bat ikusten eta aldi berean Spotifyn musika entzuten egonda (bai, funtzionatzen du) 330 mega erabiltzen ditu bakarrik ordenagailuak. Beraz, Jolicloud-ekin agur birusei (eta antibirusei), agur buruko minei eta agur Bill Gates jaunari!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.