Patxiren "paradisu fiskaletan" gustora nenbilen

By | 2009/05/14

Orain jakin dut zerbait gaiztoa ere egiten nuela, gaizki sentitzen naiz EAJk Patxi Lopezen webgune berria salatu eta itxiarazi ostean. Pachi lendacari-ren gobiernodecambioeneuskadi.org webgune abortatuaz ari naiz. EITBren arabera, “EAJk “erabat legez kanpo” dagoela salatu du, horren atzean egoitza Kaiman uharteetan duen enpresa bat baitago”.

Noski, horrela esanda… Berez, Patxiren (edo bere Internet jendearen) pekatua omen zen domeinua erregistratzeko Directnic enpresa erabili izana. Nik azken urteotan dozenaka domeinu erregistratu izan ditut enpresa horren bidez, oraintsu arte egoitza New Orleans-en bazuten ere. Hala ere, kobratzen dituzten 15 dolarrak baino merkeagoa den Godaddy-ra pasatu ditut gehienak azkenaldion, 7 euro inguru kobratzen baititu AEB inperialisten Arizona redneck-ean egoitza duen azken honek. Ez dakit nor dagoen enpresa hauen atzean eta, egia esan, orain arte ez diot erreparatu egoitza karibeko uharte batean zuten, prezioari baino.

Informazio gehiago bilatuz, gero jakin dut ezlegaltasuna edo akatsa Eusko Jaurlaritzaren webgune ofizialak ezartzeko indarrean diren hainbat dekretu eta lehiaketaren gainetik igaro izana dela. Hori beste gauza bat da. “Paradisu fiskalak” aipatuz goiburu ikusgarria bilatzea joera ulergarria da zenbait politikari eta kazetarirengan, baina egongo da zer kritikatu nobelak asmatzen ibili barik. Baten batek erreparatu dio asmakizunari eta abisatu du, paradisu horietan aztertuz gero 15 dolarreko domeinu erregistro baten fiskalitatea baino zuriketa potoloagorik aurki litekeela.

Bide batez: Jaurlaritzaren euskadi.net domeinua, berriz, Euskaltelen bidez Nominalia enpresan erregistratuta dago, EAEko beste domeinu ofizial batzuen moduan. Enpresa honek 34 euro kobratzen du urteko eta domeinuko. Hala, iradoki dutenez delitua domeinu bat Kaiman uharteetan erregistratzea bada, nik diot delitu gehiago duela 2009an domeinu bat erregistratzeagatik 34 euro eskatzeak. Tira, momentuz nahikoa da, beste baterako utziko dugu EJIEk eta edozein hosting enpresak eskaintzen dituzten zerbitzuen (eta horien kostuen) alderaketa.

One thought on “Patxiren "paradisu fiskaletan" gustora nenbilen

  1. Aitzol

    Euskaltelena lotsagarria da. Hala ere, Euskal Herrianba ba dira erregistradore merkeagoak.

    Reply

Utzi erantzuna Aitzol(r)i Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude