Lau urtez blogari

2007ko Apirilak 5
Jabi Zabala

Lau urte igaro dira jada sarean.com hau publiko egin nuenetik. Sarean bertan dagoen garapen abiadura ikaragarrian ematen du denbora gehiago igaro dela, lehenengo euskarazko blog pertsonal hau agertu zenez gero ehunka sortu baitira daborduko. Erabat onartuta daukagu euskarazko blogosfera badela, benetan kontaezinak direlako gure hizkuntzan idatzitako blogak, baina hori pentsaezina zen duela lau urte. Lehengoan irratia.com-en aipatu genuenez, testuinguru bitxian suertatu zen: Iraken inbasioa, Prestigeren marea beltza…

Egunkaria itxi zuten espainiar agintari eta epaileei esker sortu zen sarean.com, baina teknologiaren aldetik Movable Typeri esker abiatu zen asuntua. Egun Wordpress erabiltzen dut, baina MT txiripaz ezagutu nuen Roberto Moso eta Niko Vazquezi esker, Mosoren Flores en la basura liburua sareratzeko Nikok sistema hori instalatu baizuen. Ez nuen nire burua gai ikusten orduan modan zeuden PHP-nuke eta postnuke edizio sistema dinamiko zailak erabiltzeko eta MTk aukera eman zidan edukiak kudeatzeko sistema erraza baizen.

Erraztasun hori eta are handiagoa gerora etorri diren edizio plataformena ere (blogari.net, blogak.com, goiena.net…) blogen loraldiaren gakoak dira. Ikusi da azkenik euskaldunok badugula zeresana eta tresna hau oso baliagarria dela, gainerako 2.0 tresnak bezala.

Buzzin’ in my head: Changes (David Bowie).

4 iruzkin utzi zurea →
  1. 2007 Apirila 6

    Urteak bariku santuan betetzeak zorionak emateko inor ez edukitzea dakar arrisku. Zorionak ba!

  2. 2007 Apirila 6

    Ez da data zuzena, gutxi gora-beherakoa baino, baina eskerrik asko. Izatekotan Txusen (euskaraz Josuren) heriotzaren urteurrena da gaur. Etxetik entzuten ditut nazarenoen tronpetak…

  3. 2007 Apirila 7

    Aupa Zabala jauna. Zorionak aitzindari izateagatik eta zorionak ere blog eder hau egiteagatik.

  4. 2007 Apirila 10

    Blogosferako aitite zaitugu, beraz? Zorionak dena dela ere ;-)

Utzi erantzuna

Oharra: Oinarrizko XHTML kodea erabil dezakezu iruzkinean. Zure e-posta helbidea ez da publikatuko.

Harpidetu RSS bidez iruzkin hari honetara