Kontrol sozialerako etiketak

By | 2004/08/25

irudi batTeknologia berriak gero eta gehiago kontrol sozialerako erabiltzen dira eta gero eta zailagoa dugu gizaki arruntok horretaz jabetzea. Horietako bat radiofrekuentzia bidezko identifikazioa da, RFID bezala ezagutzen den teknologia. Oso etiketa txikiak gure arropen artean edo azalean jarrita, gure mugimendu guztiak jarrai daitezke. Hobetzen eta merketzen den neurrian, RFID teknologiak gure pribatutasuna ezerezean utziko du, ez baitugu jakingo zenbat ari diren gure erosketak, ibilerak eta ohiturak zelatatzen.

Funtsean, RFID teknologia identifikazio automatikorako beste sistema bat dira, dendetako lapurretak ekiditeko erabiltzen diren banda magnetikoen modukoak. Baina teknologia honek askoz aukera gehiago ematen du, etiketa bakoitzaren identifikazioa eta mugimenduen jarraipena ahalbidetzen baitu eta eremu handi bat kontrolatzeko erabili daitekeelako. Irrati bidez kontrolagailuak seinalea igortzen du eta eremu horretan dagoen etiketa bakoitzak seinalearen isla moduan oihartzuna bidaltzen du bere burua identifikatuz.

Teknologia honen aplikazio posibleak asko dira. Esaterako, dendetan ordaintzeko eta lapurretak ekiditzeko, RFID etiketek ez dutelako makina batekiko kontaktu fisiko edo optikorik eskatzen. Beraz, supermerkatuan erosketez betetako otzara eskuan kutxa erregistratzailera hurbildu eta momentuan aterako zaigu erositakoaren zerrenda zehatza. Baina agian ordaintzeko geratu beharrik ere ez dugu izango, gure kreditu txartelak RFID izan dezakeelako edo txakurrek egun duten moduan gure azal azpian txertatua izango dugulako RFID etiketa.

Arropa dendetako etiketa magnetiko mardulak ez bezala, RFID etiketek erosketa bakoitzaren erabateko identifikazio berdingabea ahalbidetzen dute, gero eta txikiagoak dira eta askotan izkutatuta daude, lapurrek non dagoen jakin ez dezaten. Gero eta merkeagoak dira eta adituek 2007rako bakoitzak 5 zentimoko balioa izango duela espero dute. Detektagailu baten ondotik igarotzea ez da beharrezkoa, irrati bidez haien presentzia askoz distantzia handiagoan somatzen baita. Etiketa hauek, gainera, pasiboak dira, ez baitute baterien beharrik, jasotako irrati seinalea islatu besterik ez dute egiten baina ez dute iraungitze datarik.

Ezaugarri hauek RFID teknologiaren hainbat aplikazio posible azalerazten ari dira. Esaterako, eskoletan umeei edo bahituak izateko arriskuan diren aberatsei horrelakoak azal azpian jartzen dizkien enpresa bat dago Mexikon. Solusat-ek saltzen duen Verichip hori kentzeko, baina, mexikar bahitzaileek hori jakinez gero biktimei etiketak kentzeko anputazioak egingo dizkieten beldur da, berriz, Privacy Forum-eko Lauren Weinstein. Izan ere, horrelako foroak oso susmati ageri dira teknologia honek jendearen intimitatean izan dezakeen eraginarekiko. Segurtasuna hizpide duen Kriptopolis Interneteko aldizkari espainiarrak atal osoa eskaintzen dio RFID etiketen gaiari, oso joera negatiboa baita Kriptopolisekoen iritziz. Electronic Privacy Information Center (EPIC) amerikarrak ere RFIDen gaineko informazio asko bildu du eta Electronic Frontier Foundation (EFF) famatuak ere gai honen inguruan bere kezka agertu du, RFID etiketen hedatzeak Lee Tien-ek zaintza gizarte baten arkitektura bezala deskribatzen duena ekar lezakeela salatuz.

Momentuz RFID aparailuen erabilera arautzeko legerik ez da apenas garatu, baina legeak gorabehera inoiz ez dugu jakingo espioiek legez kanpoko erabilera egiten ari diren. Horixe gertatu zitzaien Genevan iazko abenduan Informazioaren Gizarteari buruzko Goi Bileran (WSIS) izan ziren agintari eta goi mailako funtzionariei, tartean Eusko Jaurlaritzako lehendakari Ibarretxe jauna zela. Antolatzaileek euren baimenetan RFID etiketak txertatu zituzten baina ez zieten horren berri eman eta euren mugimendu guztien berri izan zuten zelatatuak ezertaz ohartu gabe.

Kriptopolis
www.kriptopolis.com
Privacy Forum
www.vortex.com
EPIC
www.epic.org/privacy/rfid/
EFF
www.eff.org
Verichip
solusat.com.mx

En.Red.Ando itxita
Interneteko argitalpen aitzindarietakoa zen En.Red.Ando aldizkari digital espainiarra itxi behar izan dute duela egun batzuk, arazo ekonomikoak direla eta. En.Red.Ando 1996ko urtarrilean abiatu zen, Luis Angel Fernandez Hermana kazetariaren zuzendaritzapean. Denbora honetan ezagutzaren gizarte digitalaren inguruko makina bat artikulu interesgarri eta sakon bildu eta doan eskaintzen zituen webguneak, baina enpresaren diru iturri nagusia hitzaldiak eta mintegiak ziren. Puntucom enpresen gainbeheratik bizirik atera zen proiektua, baina geroz izan dituen zailtasun ekonomikoek azkenik webgunea ixtera behartu dituzte arduradunak.

Artikulu eta saiakera mamitsuen bilduma mardula zuen webgunea ez da jada ikusgai eta, Fernandez Hermanak baieztatu duenez, ezin izango dira aurrerantzean haren edukiak eskuratu, testu bakoitzaren egileak berriro beste nonbait argitaratzen ez baditu. Honek orrialde hauetan uztailean aipatutako usteltze digitalaren gaira garamatza berriz, digitalizatzeak ez baitakar, berez, edukiak ez galtzea.

En.Red.Ando
www.enredando.com

LABURRAK

Ez gara jokozaleak
Cybereuskadi aldizkariak aipatzen duen Espainiako INE estatistika institutuaren azken inkestaren arabera, ordenagailua jolasteko eta chat berriketarako gutxien erabiltzen dutenak EAEko biztanleak dira. Aldiz, testuak idazteko gehien erabiltzen dutenak dira (%85), baina honetarako gutxien erabiltzen dutenak nafarrak dira (%69). Inkesta beraren arabera, Espainian baino gutxiago erabiltzen dira eskuko PDA ordenagailuak, baina etxean beste inon baino ordenagailu gehiago daude EAEko etxeetan. Aipagarria da, halaber, beste leku batzuetan baino lagun gutxiagok informatika eskolak jaso dituela aitortzen duela, KZguneak gorabehera.

INE
www.ine.es

Bitakorak debekatuta
Atenasko Olinpiar Jokoetan esku hartzen ari diren kirolariek debekatua dute, jokoak amaitu bitartean bitakorarik idaztea. Azken aldion oso normala bihurtu da goi mailako ekitaldi, lehiaketa edo bilkura batean esku hartzen ari diren batzuek weblog edo bitakora pertsonalak edukitzea. Bertan, euren gogoeta pertsonalak, pasadizuak, argazkiak eta albisteak aurki ditzakegu, zuzenean bizitzen ari den pertsona baten eskutik. Horregatik famatuak bihurtu dira, esaterako, Grezian dabiltzan AEBetako Duke unibertsitateko kirolari blogger-ak. Baina NOBek debekatu die kirolariei baimenik gabe idaztea, tartean publizitate kontratu garrantzitsuak babesteko eta komunikazio talde handiekiko dependentzia agerian utziz

Atenas 2004
www.athens2004.com

Asto katalanak
Oso kanpainia bitxia jarri dute abian Kataluniako gazte batzuek, Espainia ordezkatzen duen Osborneren zezena barik Katalunia ordezkatuko lukeen asto baten irudia hedatuz. Planta’t el burro kanpainiaren bultzatzaileek euren bitakoran diotenez, “zezenak edo espainiar matrikulak ordezkatzen duten zentralismo uniformizatzailearen kontrako aldarrikapena” da astoarena. Irudiaren egiletzaren inguruan izandako polemika baino zeresan gehiago sortu du ekimena gutxietsiz Juan Carlos Espartero izenez sinatu duenak astoaren inguruan idatzitako artikuluak, La Gaceta de Salamancak bere orrialdeetan argitaratua denik gezurtatu duen arren.

One thought on “Kontrol sozialerako etiketak

  1. Juanma Gallego

    RFID txipek duten arazorik nagusiena, euren inguruan dagoen ezagutza publiko exkasa da. Dena den, lasai egon, hemendik pare bat urtera denok eroango baitugu horrelako trastetxoren bat gainean, nahitanahiez… sakeleko telefonoarekin batera!

    Reply

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude