2001ko maiatzak 2, Asteazkena | UNInet |

Mikel Irizar, bilbotar bat Silizioaren erresuman

Ziberdiasporarekiko zubiarena egiteko prest beti

Mikel Irizar Symantec korporazioan merkataritza alorreko burua da. Kirolak eta zoriak eraman zuten Silicon Valley-ra eta egun hara doazen zibereragile-entzako kontaktua da Kaliforniako San Jose hirian. Iragan astean gure artean izan zen eta berarekin solasaldia egiteko baliatu genuen bere bisitaldia. EEBBetako bizitza, zibernegozioak eta euskal diaspora teknologikoa izan genituen hizpide, Athletic Munduan Zehar elkarteaz gain, noski.

-Nolatan agertu zinen bailaran?
Duela 12 urte, Club Deportivo-n gimnasia egiten nuen eta selekzioan hartu ninduten. Orduan, jarraitzekotan Madrilera edo Bartzelonara joan beharko nuela esan zidaten eta nik ez bata ez bestea: EEBBetan ikasten ari ziren lagun batzuren bidez kurrikuluma bidali nuen eta unibertsitate bitan bekak eskaini zizkidaten. Erakargarriena Kaliforniakoa iruditu zitzaidan eta hara joan nintzen. Bertan enpresan graduatu eta bekako urte erdia geratzen zitzaidanez, MBA (Master of Bussiness Administration) bat egin nuen. Orduan Silicon Graphics-en hasi nintzen lanean. Artean ez zegoen gauza handirik bailaran, Apple eta beste pare bat baino.

-Garai hartan ezagutuko zenuen sarea
Orduan, 1994 aldean, Mosaic nabigatzailea zen onena eta harekin Interneteko web nabigazioa erakutsi zidaten. Ahoa bete hortz geratu nintzen. Silicon Graphics izugarri ari zen hazten eta orduan Jim Clark-ek enpresatik alde egin eta Mark Andersen-ekin Netscape fundatu zuen. Garai hartan Symantec-era pasatzea eskaini zidaten eta orduan hasi zen nire sareko ibilera.

-AMZ taldea orduan sortu zenuten
Sarean bilatu nuen lehendabiziko gauza Athletic izan zen. Hasieran denok egin duguna da, Euskal Herria bilatu ea zer zegoen. Hasi nintzen euskal jendearekin kontaktua hartzen eta Athletic Munduan Zehar sortu genuen. Taldeko bostgarrena edo izango nintzen: Miamiko Fernando zegoen, Niko Vazquez Bilbokoa, New Yorkeko beste bat eta Washington-eko kubatar bat. Geroago gazte asko gehitu ziren, Erasmus-ekin Europan ikasle zebiltzanak eta horrela eratu zen taldea. Hemen ere kontaktuak egin genituen eta ez zegoen interes handirik. Garai hartan sareaz zegoen ezjakintasunaren seinale, 1996an hona etorri ginen Fernando eta biok, Athletic-ekoekin hitz egitera, eta webgunea erakutsi genion orain hautagaia den Uria jaunari. Borondate onez eta ilusioz, webgune ofiziala musutruk egitea eskaini genion eta oraindik gaude erantzunaren zain.

-Bailarako espainiarren elkarte bat ere sortu zenuen, ezta?
Bai, hasieran euskal elkartea sortzeko asmoa nuen baina bailaran hiru baino ez geunden. Ekimen soziala izan zen, parrandarako gehienbat, baina enpresak eta kontaktuak sortzeari begira elkargune ona izan zitekeela ikusi genuen. Horrela, apurka apurka elkartea antolatu genuen. Dena antolatu eta urtebete buruan egon ostean ardura hori utzi nuen baina elkarteak hor dirau oraindik.

-Handik hemen enpresa bat sortzeko ekimena izan zenuen iaz...
Duela urtebete edo, hemen kalitatea, ingurugiroa eta lan arriskuak jorratuko zituen ASP (Application Server Provider) bat sortzeko aukera aztertu genuen handik. Kontaktuak egin genituen, Diputazioak lagundu zigun, baina hemengo enpresak ez zeuden prest oraindik eta bertan behera geratu zen, arrisku kapitalaren apustua ez zuten ikusi eta orduan sareko negozioen puxika apurtzen hasia zen jada.

-Nolakoa da lana bailaran?
Lan moldea oso malgua da, helburuetan oinarritua eta ez moduetan. Beraz, askotan etxetik egiten dugu lana. Aisia ere lanean txertatuta dago, enpresetan ondo senti zaitezen saiatzen dira, futbolinak, txangoak lankideekin, igerilekuak... Baina segurantzirik gabeko lana da, bestalde. Egun batetik bestera kalean egon zaitezke eta hori da azken aldian gertatu dena.

-Igarri egin da asko puntucom enpresen gainbehera, ezta?
Bai, batzuk langabezira joan dira bortxatuak baina badira borondatezkoak ere. Esan nahi dut, lana hain gogorra izan da azken bost urteotan ezen batzuek, diru dexente poltsikoratu ostean atseden hartzea erabaki dute, bizitzaz gozatzea.

-Eta ez ei da zaila hori Kalifornian
Ez pentsa, uste baino zailagoa da bailaran. Adibidez, gure inguruan mendiak ditugu, Yosemiteko parkea, lakuak, hondartzak 40 minutura, San Francisco hiria oso gertu dago eta euskal kostaldearen oso antzekoa da hangoa. Baina oso kultura definituak daude eta kontraste handiak: Berkeley eta Santa Cruz oso hippie-ak dira, sozialki oso inplikatuak, baina bailaran sartzen zara eta Palo Alto-n denak yuppie-ak dira.

-Diasporatik nola ikusten duzu sarea Euskal Herriarentzat, onuragarria ala txarra?
Komunikabide perfektua da gurea ezagutarazteko. Euskal identitatea oso gogorra da, faktore asko dituena: hizkuntza, kirola, izaera... Oso indartsuak ditu eta ni bizi naizen lekuan ez dago berezko kulturarik, kulturen nahastea baizik. Eta izaera indartsua, nortasuna, oso preziatua da EEBBetan. Gu sarritan joaten gara euskal festa eta picnic-etara. Gure aldean euskaldun gehienak Iparraldekoak dira sortzez eta San Franciscon Euskal Etche handia dago, frontoi eta guzti. Bigarren belaunaldikoak ere euskalduntzat dute euren burua.

(despiezea)
Egokiera proiektua

Mikelen etxea harrera lekua izan da hemendik bailarara joandako batzuentzat. Hara doanak bere lurrekoa den norbaiten laguntza izatea garrantzitsua da, bere hizkuntzan mintzo dena. Berak dioenez, «kontaktu ez formal bezala gure burua eskaini dugunean oso erantzun ona izan da. Eibarkoak etorri ziren, Code & Syntax-ekoak, eta kongresu zenbaitera joandako batzuk gure etxean geratu dira». Bere etxearekin egiten duena ekimen antolatua bihurtu nahian sortu du Mikelek Egokiera proiektua, euskal zubia eraikitzeko xedez: «Duela urtebete hasi ginen hemengo Enpresak eta negozioak bailararekin lotzeko Egokiera egitasmoarekin. Ez bakarrik hemengoak baina batez ere bai, zeren eta gu hemengo etorkinak gara eta kontaktua mantentzeko interesa dugu».

Irabazi asmorik gabeko ekimena da Egokiera eta Bilboko Novia Salcedo fundazioaren laguntza du. Irizarrez gain, bere lagun Fernando eta Errenteriako Carlos Miqueo daude, «beti bezala gure lurrarekiko lotura izateko prest».


Egokiera proiektua
www.egokiera.com
Novia Salcedo Fundazioa
www.noviasalcedo.es
Symantec
www.symantec.com
AMZ
www.amz.org
SF Euskal Etxea
www.sfbasque.org

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner