2003ko martxoak 26, Asteazkena | sarean.com |

EGUNKARIA eta euskal sarea

Interneti buruzko informazioak jorratzen lehenengo egunerokoa izan zen EGUNKARIA. 1996tik bere itxieraren eguneraino, hainbat atal finko eskaini zituen sarearen gaineko informazioak argitaratzeko.

Euskal sarearen ingurukoak azaltzen lehenengo orrialdea Nabigatzen izan zen. Luistxo Fernandez lankidearen eskutik agertu zen 1996ko urrian, aitzindaria izan zen, beraz, hemengo prentsan (euskarazkoa zein erdarazkoa hartuta) Interneti buruzko informazioak jorratzen. Geroztik, 1998ko abenduan, horren ardura hartu nuen. Geroago, igandeetako KZ magazinetik azteazkenetako UNI gehigarrira igaro zen orrialdea, UNInet izena hartuta.

Era berean, osteguneroko Barkatu Ama gazte gehigarriak berrikuntza izan zuen 1998ko gabonetan, kolorea sartuz, orrialdeak gehituz eta sareari buruzko Irristatzen izeneko atala sortuz. Geroago, 1999ko urrian, larunbatetako Begia kultura gehigarrian ziberkulturari buruzko atala sortu zen, Kulturnet izenekoa. Azken hauek biak egiten jardun dut aurtengo otsailera arte.

Euskaldunon EGUNKARIA 2003ko otsailaren 20an itxi zuen Goardia Zibilak, espainiar gobernuaren aginduz. Webgune honetan azken sei urteotan EGUNKARIAN Interneti buruz idatzi ditudan testuen gordailua aurkituko duzu.

Zergatik webgune hau?
Aspalditik neukan buruan bueltaka testu horiek sarean ipintzearena. Logikoa ikusten nuen, euskal internautentzat izan zezaketeen interesagatik. EGUNKARIAren bat-bateko itxierak kazetari eta internauta askoren erreakzioa eragin du. Bakoitzak ahal izan duen moduan, bere kabuz edo koordinatuta, bidegabekeria honen salaketa mezua zabaltzeari ekin diogu sarean.

Niri dagokidanez, kazetari eta internauta moduan nire protesta adierazteko era bat da webgune hau. Hemen bildutako testuek, internauta euskaldunentzat baliagarriak izateaz gain, EGUNKARIAN egiten genuenaz testigantza izatea espero dut. Halaber, aurrerantzean, weblog moduan informazio eta artikulu berriak gehitzeko asmoa dut.

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner