1999ko abenduak 16, Osteguna | Irristatzen |

Pokémon

Badator japoniarren azken zoramena

Ongi asko erakutsi digutenez, japoniarrak edozein gauzaren zaletu amorratuak bilaka daitezke: Elvis Presley, flamenco-a edo Alaitz eta Maider. Gainera, horrenbeste lagun izanik, gutxiengoen zaletasunekin estadioak jendez betetzeko gai dira. Tarteka, masa kontsumoaren boom-a bihurtzen diren produktu itxuraz inozoak –eta mamiz kaskarrak– ateratzen dira eta hor ez dago inongo logikarik aplikatzerik ezta munduan nahikoa estadiorik milioika sortzen diren erosle-junkie guztiak hartzeko.

Orain, modako joera da bertan denak zoratu ondoren gure mendebalde psikologikoki ustez orekatuagora esportatzea. Eta arrakasta itzela izaten ari dira asmakizun hauek gure artean saltzen. Azkenaurrekoa tamagotchiak izan ziren baina azken-azkena Pokemon dugu. Nintendoren Game Boy kontsolarako bideojoko bat da sortzez, anime itxurakoa, baina hori baino askoz gehiago bilakatu da. Mundu birtual oso bat, unibertso propioa baduen joko honek film bat eta marrazki bizidunen telesaila ekarri ditu, merchandising sorta amaigabeaz gain: galtzerdiak, arkatzak, karta jokoak, arropak...

Akronimoa da Pokemon, esanahia pocket monster da eta izen horrekin identifikatzen dira 150 maskota ezberdin. Bideojokoan maskota guztiak bildu behar dira baina ezinezkoa da beste norbaitekin trukatzen ez baditugu. Izan ere, programaren bi bertsio daude eta bietako maskotak bildu behar dira. Horretarako, beste bertsioa duen norbaitekin konektatzeko, Game Boy link izeneko kablea behar da.

Maskota bakoitzak badu bere istorioa eta bere pertsonalitatea eta denak biltzean zigiluak biltzea bezalako zaletasuna garatzen da. Lagunekin truka daitezke maskotak baina jokoak arcade baten osagarriak ere baditu, berauek lortzeko haien kontra borrokatu beharko dugulako. Ondoren haien hezitzaileak bihurtuko gara, Tamagotchi-aren antzera zaindu beharko ditugu.

Gure artean sukarra hasi baino ez da egin, baina sarean aspalditxotik badugu liburu bat betetzeko haina informazio Pokemon honen gainean.

Pokemon
http://www.pokemon.com/
Nintendo
http://www.nintendo.com

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner