1999ko abenduak 22, Asteazkena | UNInet |

Piratak: onak ala gaiztoak?

Oihartzun handia izan du gurean ustez pirata informatikoa zen Conan-en atxiloketak.

Ertzaintzak hilaren 1ean I.M.L. atxilotu zuen Errenterian, posta bulegorako bidean zela. Harekin batera beste bi lagun ere atxilotu zituen, hirurok softwarea ilegalki kopiatu eta saltzen zuen Conan taldea osatzeaz akusatuta.

Operazio hau balio izan zaigu Ertzaintzak teknologiarekin eta Internetekin erlazionaturiko delituak ikertzeko sail berezia baduela jakiteko. Bertatik adierazi dutenez, martxoan somatu zuten Conan taldeak berri taldeetan software pirata iragartzen zuela eta haren gaineko ikerketa abian jarri zen.

Ekaina aldean, berriz, webgunea zabaldu zuen talde honek software ezlegalaren eskaintza zabala internauta guztiei erakusteko. Hainbat hedabidetan argitara eman denez, oso katalogo handia eta gaurkotua zegoen bertan. Dendetan nahiko garestiak diren hainbat programaren CD instalatzaileak kopiatu eta postaz bidaltzen zituen Conan-ek. CD bakoitza 1.000 pezetan saltzen zuen, hiruko sortetan, eta bidalketa gastuak beste 1.000 pezetakoak ziren.

Softwarearen salmentarekin erlazionatutako hainbat enpresak Conan-en aurkako salaketak jarri ondoren izan dira hiru atxiloketak. Halabaina, ez dago argi ikerketa salaketetatik abiatu zen ala Ertzaintzak enpresak jakinaren gainean jarri zituen.

Hiru lagunak atxilotu eta miaketa egin ondoren oso salmenta modu aurreratua zutela eta zeregin horretan hainbat baliabide konbinatzen zituztela —telefonoa, e-posta eta posta arrunta— zabaldu da hedabideetan, horiek erabiltzea aurreratu bezain normal eta ohikoa denean.

Ez dirudi, gainera, Conan izkutatzen zenik. Jadanik saretik desagertuta dagoen www.superconan.com domeinuan jarritako webgunearen bidez iragartzen zituen bere zerbitzuak eta nahikoa da InterNIC-en WHOIS zerbitzura jotzea domeinu horren erregistroan Errenteriko helbide bat agertzen dela ikusteko.

Datu honek eta, Conan pertsonalki ezagututa, haren alde agertu diren hainbat internautaren iritziek eztabaida berpiztu dute softwarea baimenik gabe kopiatzearen zilegitasunaren inguruan. EuskaraZ zerrendan Luisma Etxeberriak bidalitako mezuan Conan-en defentsa sutsua egiten du, hark erabiltzaileei ematen zien zerbitzu merkea aipatuz: "Ni bezalako gaizkileok aspaldi ezagutu genuen Iñaki Oreretako pirata eta askotan gelditu ginen taberna batean ez garagardoak edateko...".

Pirateria informatikoa delakoaren ageriko defentsa egiten du Luismak bere alegatoan. Conan-en zereginarekin ados egoteaz gain, "demokrazia eta berdintasun informatikoaren aldeko militante kontsekuentea" izatearen ondorioz atxilotua izan dela dio Luismak.

Egia esan, beldurrik gabe esan daiteke Euskal Herriko ordenagailu gehienetan legez kanpo kopiatutako programaren bat edo beste badagoela. Hala bada, zein kasutan gertatzen dira salaketak? Badirudi software enpresek eta poliziak bi kontzeptu izaten dituztela kontutan pirata salatu ala ez erabakitzeko: kopurua eta erabilera. Kopuru ikaragarri handian programak kopiatzen badira esku hartzen dute normalean, ez norbaitek kopiaren bat edo beste egiten duenetan. Programen erabileratik etekina ateratzen denean ere izaten dira salaketak, ez norberak etxean erabilera komertzialik gabe erabiltzen dituenean.

AMARAUNA: gabonak

Gabonetako jakiak saretik eskatuta

Erosketen sukarra bizi dugu egunotan. Zentru komertzialetara doazen autoen ilarak ikusi besterik ez dago haraino joateko gogorik ez izateko. Internetek ekarri du horren konponbidea, afari seinalatu horientzako gaiak etxetik erostea, alegia. Pernil gozo bat edo erreserbako ardoa eros daitezke, kreditu txartelaz ordainduz, donselecto.com denda birtualean. Garraiolaria garaiz helduko den beste kontu bat da. Hala ere, hori baino harrigarriagoa da todomarisco.com denda birtuala. Bertatik eska dezakegu —generoa ikusi gabe noski— eta zazpi egunen epean jasoko dugu etxean Galizako mariskoa. Garraio sistema berezia daukate denda birtual honetakoek, mariskoa kontserbatzeko. Mariskoarekin batera edateko aproposak diren ardoen gaineko aholkuak emateaz gain, portuan zer gomendatzen den esango digute ziberarraindegi honetan.

Don Selecto
http://www.donselecto.com

Todo Marisco
http://www.todomarisco.com

Laburrak

Elektrotuna
Izen horrekin datozkigu Bilbo aldeko lau musikari. Talde bitxia osatu dute, instrumentu elektrikoekin kalean jotzen duen tuna ibiltaria. Gitarra, baxu eta ahotserako behar duten indarra baterietatik ateratzen dute eta ez dute inongo instalazioren beharrik. Gainera, elektrikoa ezezik elektronikoa eta telematikoa ere bada Elektrotuna, euren artea ziberespazioan ezagutarazteko webgunea ezarri baitute. Talde berria izan arren, musikari trebeak dira euren esanetan. Hala ere, webgunean musikarik jarri ez dutenez, zuzenean entzun beharko ditugu.

Elektrotuna
http://www.jazzfiesta.com/jazz6/elektrotuna


Euskal espioiak
Eusko Jaurlaritzako zenbait kidek, tartean Jose Antonio Agirre bera, FBIrentzako espioitza lanak egin zituzten hemengo gerra amaitu eta gero. Gauza jakina zen, baina orain sarean ikusgai daude FBIk berak desklasifikatutako hainbat agiri PDF formatoan.


FBIren agiriak
http://foia.fbi.gov/sis.htm

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner