1999ko abenduak 15, Asteazkena | UNInet |

Euskal guneen aurkako erasoa prestatzen

Espainiako hacker batzuk eraso informatikoa prestatzen ari dira, berri taldeetan jakin ahal izan denez.

ETAk su etena bertan behera utzi zuenez geroz mezu batzuk agertu dira es.comp.hackers berri taldean. Bertan, "haien zerbitzariak bilatu eta frijitu" egin behar direla diote Acabemos con ETA izenburupean. Mezu horietan diotenez, momentuz, helbideak bilatu eta erasoak prestatzeko deialdia egina dute baina besterik ez. ETAk ekintzarik eginez gero egingo lukete erasoa espainiar hacker horiek, beraien arabera.

Alabaina, iragarpen horrek euskal webmaster askotxo larritu ditu. Izan ere, sarean eskarmentua dutenek badakite zer esan nahi duen "ETAren" horrek. ETAren webgune ofizial baten faltan, 1997ko uztailean eraso gogorra jasan zuten euskal webgune batzuek espainiar internauta ultraeskuindar zenbaiten eskutik. Eraso horren xedea ez ziren soilik izan ezker abertzalearekin lotutako webgune eta e-posta helbideak. Besterik gabe Euskal Herriarekin edo euskararekin zerikusirik zuten askotxok ere jasan behar izan zituzten e-posta bidezko bonbaketak eta mezu iraingarriak.

Eraso haren helburu nagusia Euskal Herriaren berri ezker abertzalearen ikuspuntutik ematen zuen Euskal Herria Journal (EHJ) webgunea izan zen. Miguel Angel Blancoren hilketaren ondorengo egunetan Espainiako berri taldeetan eta Madrilgo prentsan erasorako deialdiak agertu ziren. El Pais egunkariak erasotzeko gonbite zuzena egin zien bere irakurleei, EHJren eta haren interneteko zerbitzari IGCren eposta helbideak emanda. Era berean "ETA eta ETAzaleek beren fede terrorista zabaltzeko" erabiltzen omen zituzten bi helbide eman zituen: bata EHJrena zen eta bestea euskal presoak Euskal Herriratzea eskatzen zuen webgunea.

Ole! bilatzaileak El Paisen proposamenarekin bat egin eta milioika laguni bidali zien erasorako deialdia spam erraldoi baten bidez. EHJk IGCren zerbitzu osoa blokatu zuen erasoa jasaten hasi zen. Egoera larri horretan erabakia hartu behar izan zuen IGC zerbitzariak: 13.000 erabiltzaile zerbitzurik gabe uztea edo erasoaren aurrean amore eman eta EHJren webgunea ezabatzea. Bigarrena izan zen hautua baina erasotzaileen pozak gutxi iraun zuen, handik egun batzutara EHJ berriz agertu zen beste bost helbidetan aldi berean. Ispiluen bidez elkartasuna eta babesa eskaini zioten hainbat zerbitzarik EHJri adierazpen askatasunaren alde.

Presoen aldeko webguneak, ordea, erasoari eutsi zion, posta blokatuta eduki arren. Hala ere, uztailaren 17an erabat itxuraldatuta ageri zen: aldi batez xedez aldatu eta adierazpen askatasunaren aldeko webgunea bihurtu zen, erasoaren eta erasotzaileen berri emanez. Haietan ezagunenak ziren Manos Blancas izeneko taldearen izenean etorritakoak. Izan ere, elkarte horrek egoitza duen Madrilgo Unibertsitate Autonomotik atera ziren erasorik bortitzenak, bertako informatika fakultatetik.

Hackerren beldur
Oraingo honetan, berriz, zerbitzariak frijitzeko deialdiak kezka sortu du. Izan ere, mailbombing edo e-posta bidezko mezuen bonbaketa egiteko ez da beharrezkoa hackerra izatea. Bai, ordea, zerbitzarietan sartzeko eta barruan kalteak eragiteko. Barrura sartzea lortzen duen hackerra webgunearen zein posta zerbitzu osoaren jabe bihurtzen da: webgunea alda dezake, eduki iraingarriak sartuz eta posta kontuak ezabatu edo mezuak irakurri. Webgunearen benetako jabeei sarbidea galaraz diezaieke, pasahitzak aldatuta.

Proposamen ustez leunago batek ere eragin kaltegarria izan dezake. Esaterako, Comm.com portalak Euskal Herritarrok plataformari mezuak bidaltzea proposatu zuen iragan astean, su-etenaren apurketagatik protestatzeko. EHk Ya.com portalaren berri zerbitzuari ordea, soilik abenduaren 3an 7.000 mezu baino gehiago jaso zituztela adierazi zion, haietako gehienak irainez betetakoak. "Zerbait gertatzen denean ohi baino mezu gehiago jasotzen ditugu, baina ez dira mailbombing izaten", jakinarazi dute EHtik. Bestalde, Guardia Zibilak Ya.com portalaren berri zerbitzu horri aitortu dionez, delitutzat har daiteke mail bombing delakoa, "zerbitzaria blokatzea edo bestelako kalterik eragiten badu, edo kalterik eragiteko asmoa bazegoela frogatzen bada".

Mezu asko bidaltzeari, besterik gabe, ez zaio mail bombing esaten, horretarako dauden programak erabiliz era automatizatuan eta kopuru ikaragarri handian egiten denean baizik. Esaterako, berri taldeetan agertu berri diren proposamenetako batek zera dio: "Bakoitzak 10.000 mezuko bidalketa samur bat egingo dugu. Mezu bakoitzan konprimitu gabeko TIF irudi bat sartzea proposatzen dut: esaterako bakearen usoa edo esku zurien irudi bat".

Berri taldeetan
es.comp.hackers
1997ko Erasoa
http://www.freespeech.org/presoak/html/eraso1.htm
Ya.com
http://www.ya.com
Manos Blancas
http://manos-blancas.uam.es

Laburrak

Bogalariak
Boga-Boga izena daramaten bi webgune kausitu ditugu sarean baina arraunarekin ez dute inolako zerikusirik. Bata Iparraldeko informaziogunea da, gehienbat turismoari zuzendua. Webgunea goitik behera frantsesez dago eta euskara adierazten duen ikurtxoa dagoen arren, bertan sakatuta ez zaigu ezer ageriko. Bestea, ordea, euskaraz dago eta Interneteko baliabideen direktorio erabilgarria eskaintzen digu.

Boga-Boga
http://www.bogaboga.com
Boga-Boga
http://www.geocities.com/EnchantedForest/Tower/7105/


Iragarki polemikoa
Oihartzun handia izan du hedabideetan Television Espańolak Guay.com atari arabarraren iragarkia ez erakusteko hartu duen erabakiak. Iragarkian, bapatean kakalarriak jo eta lastategi batean frakak jaisten zituen goardia zibil bat ageri zen, Belengo portalan zegoela ohartu gabe. Orduan jaiotzako pertsonaiak ageri ziren eta no te lo hagas en cualquier portal esaldia. TVEk "ikusle gehienen erligioarekiko sentsibilitatea erasotzen duela" argudiatu du iragarkia debekatzeko. Guay Internet enpresako kontseilari delegatu Rafael Lavinek, berriz, erabaki honen atzean Guardia Zibilaren presioak izan direla salatu du.

Guay.com
http://www.guay.com

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner