1999ko irailak 23, Osteguna | Irristatzen |

Ziberkulturaren orakuloak

Wired aldizkari aitzindariaren bidean doaz

Egun, aldizkari, webzine eta bestelako askok jarraitzen dituzte Interneten sortzen diren albisteak, sarean zer berri den jakiteko makina bat aldizkari ditugu kioskoetan zein sarean bertan. Baina izen bat aipatu behar bada, Wired aldizkaria aukeratu beharko dugu.

Bera izan zen Interneten egungo izaeran zerikusi handia izan duen aitzindaria. Ziberkulturaren paperezko aldizkaria ezinbesteko erreferentzia da egun sarean nor den nor jakiteko, aktualitateaz jabetzeko eta etorkizunaren aurreikuspenak ezagutzeko.

Hasiera batean bakarra zen, baina berak urraturiko bidean segika joan zaizkio beste batzuk geroztik. Hala ere, aldizkariaren izaerak eta gaien tratamendu bereziak eragin du paperean milioi erdi ale ateratzen dituen hilabetekariaren arrakasta. Egun, talde handi baten eraginpean badago ere, gutxi gora behera hasierako lantalde berak jarraitzen du wired-en lema oratzen. Hippie kulturaren zantzu batzuk igarri daitezke, kapitalismoaren Meka berria bihurtu den sareari kutsu progresista bat emanez.

Sarearen eta komunikazioaren inguruko teorien eta berrien topagunea da aldizkaria, teknika erabat bazter utzi gabe. Hackerrak, multimedia artea eta beste hainbat kontzeptuk hemen izan dute lehendabiziko isla. Web-ean, aldizkariaren edukien aukera txiki bat aurki dezakegu bakarrik. Baina Wired-en webguneak paperean eskaintzen ez diren hainbat gauza ditu. Inportanteena berrien atala da, ezinbestekoa aktualitatearen jakitun egoteko.

Wired-en itzalpean sortu dira diseinu abangoardista duten beste batzuk, Zap.com esaterako. Gure artean, Bitniks aldizkariak eredu bera jarraitu nahi du Bilbotik gaztelaniaz.

Wired
www.wired.com
Bitniks
www.bitniks.es
Beste batzuk
www.hotwired.com/
www.globaldrome.org

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner