1999ko irailak 29, Asteazkena | UNInet |

Internet2 bizia

Izugarri azkar dabilen Internet2 abian da EEBBetako unibertsitateetan

Interneten egungo ezaugarri nagusiak galdetuta, internauta gehienek erantzungo dute moteltasuna dela egungo akatsik nabarmenena. Etxetik konektatzean erabiltzaile arruntok faktore askoren menean gara: modem-aren abiadura, zerbitzariarena, Infovia edo bestelako bitartekariena, sarearen une horretan dagoen saturazioa eta konektatu nahi garen webgunearen zerbitzariak duen abiadura. Katebegi asko dira, gehiegi, eta polikien dabilena bezainbat astiro jaitsiko da informazio jarioa gure ordenagailura. Horregatik askok web nabigazioari World Wide Web baino Wait Wait Wait esaten diote.

Baina badira askoz abiadura handiagoa behar duten zeregin batzuk. Sarean egin daitezkeen hainbat gauza interesgarrik abiadura ziurtatuta izan behar dute funtzionatzeko. Esaterako, duela aste batzuk Brasilgo unibertsitate batean ikasle eta irakasleek zuzenean jarraitu ahal izan zuten bihotzeko ebakuntza bat, handik mila kilometrora egiten ari ziren aldi berean. Zuzeneko eta kalitatezko bideokonferentzia transmisioak informazio jario handi baten segurantzia behar duten eginkizun batzuk dira.

Horri Internetek duen sare moduko antolaketa emanda Internet2 dugu. EEBBetan ari dira garatzen Internetekin kontakturik izango ez duen sare paralelo hori. Masifikazioa eta saturazioa ekiditea dute helburu, beraz, sarrera murriztuta izango du sare honek. Momentuz unibertsitate batzuek soilik dute berau erabiltzerik. Bestetik, askoz garestiagoa izango da berau erabiltzea eta horrek ere murriztuko du erabiltzaileen kopurua, laster unibertsitate ez diren erabiltzaileei sarbidea irekiko bazaie ere.

Oraingo Internet sarearen sorrera prozesuarekiko antzekotasun nagusia abiapuntu bera izatean datza, unibertsitatea baita sare honen bultzagile nagusia. Hasierako Internet hura sortu zen Arpanet sare militarraren egitura eta kontzeptua erabilpen zibilera igaro zirenean. Unibertsitateak izan ziren orduan sare hori egokitu eta garatu zutenak eta, Internet2 hau bezala, hasierako hedapena ikastegiak elkarrekin lotuz egin zuen.

Internet2 honetan jada EEBBetako 150 unibertsitatek esku hartzen dute, segunduko 622 Megabit garraia ditzakeen sare honetan. UCAID elkartean bildu dira unibertsitateak elkarrekin lotuko dituen Abilene proiektua eraikitzeko. Abiadura handi horiei esker, audio eta bideoa garraia daitezke, aldi bereko teleberriketak egin daitezke hiru edo lau leku ezberdinetako lagunak birtualki elkartuz, laborategi birtualak erabil daitezke edo liburutegi digitaletako liburu mardulak segundu batean kargatu. Arte digitalerako aukerak ere zabaltzen ditu, baina batez ere medikuntzan atarramendu handia atera dakioke sare honi. Hegazkina hartzeko denborarik ezean, arlo zehatz bateko mediku jakintsuak urrunetik zuzen dezake hil ala biziko ebakuntza berezi bat.

Internet2
http://www.internet2.edu

Abilene proiektua
http://www.ucaid.edu/abilene

UCAID
http://www.ucaid.edu


amarauna: indigenak

Maputxeak sarean matxinatu dira

Espainiako Endesa enpresaren aurka matxinatu dira maputxe eta pewentxe etnietako indigenak. Bio-Bio ibaian eraikitzen ari den presa erraldoiak indigenen lurrak urez beteko ditu elektraindarra sortzeko. Hori ekiditeko, mobilizazioak, epaitegietan helegiteak eta sarean web orrialdeak egiten ari dira maputxe-pewencheak.

Maputxeen gatazka ez da berria eta Bio-Bioko presarena kate luze baten azken begia da denboran. Baina oraingoan Interneten izan dute euren aldarrikapenak zentsurarik gabe islatzeko parada. Derechos.org izeneko zerbitzaria darabilten Espainiako eta Txileko lagun batzuri esker, auzi honen gaineko informazioa bildu dute webgune batean.

Lehen, Bio-Bioko proiektua beste enpresa batzuren esku zegoen, baina Espainiatik zuzenduta dagoen Endesa Chile enpresak lanen ardura hartu eta aurrera egitea erabaki zuenetik azpijokoak eta biolentzia erabiltzea leporatu diote indigenek. Gatazka larriagotu dute haren atzean dauden interes ekonomikoek eta desadostasun politikoek. Duela gutxi Santiagoko epaile batek lanak geldiaraztea agindu zuen eta askok Pinochet auziaren ondoriotzat jo dute Espainiako enpresa kaltetzen duen erabakia. Mapucheentzat ordea, Endesaren jarreraren zergatia argiago dago Endesako presidente Rodolfo Martin Villaren iragana ezagutu zutenetik.

Txileko gobernuaren eskutik maputxeek pairatu behar izan duten errepresioa handia izan da aspalditik. Arauco Malleco koordinakundean bildurik, izaera indigenaren eta lurren aldarrikapena egiten dute eta batzuetan sabotaiak egitea leporatu diete txileko agintariek. Gatazka honen ondorioz hainbat indigena preso dira.

Maputxeen alde
http://www.derechos.org/nizkor/espana/doc/endesa

Laburrean:

Iparraldeko ataria
Batbi.com du izena Lapurdin sortu berri den atari edo portalak. Erabat erdaraz dagoen informazio aurkitegi honetan irakur ditzakegu BAM inguruan eta Frantzian Interneten inguruan gertatzen diren zenbait berri. Esaterako, bertan jakingo dugu Diane Tell abeslariak Bidarraiko elizan disko bat grabatu duela edo Miarritzeko surflarien azken ekintza zein izan den. Eguraldia, berriak eta agenda dira atari honen beste atal batzuk. Bertatik, Miarritzeko aireportuko hegaldien ordutegiak kontsulta daitezke. Bidarteko Izarbel teknogunean egiten dute Batbi.com hau.

Batbi
http://www.batbi.com

Kable bidez Nafarroan
Nafarroako Retena telefono konpainiak Interneterako sarbidea eskaintzen hasiko da aurki. Kable bidez eskainiko dituen zerbitzuak telefono, telebista eta Internet izango dira baina hedapena ez da egun batetik besterako kontua izanen. Iruņeako Azpilagaina auzoan hasiko du Retenak konexioetan abiadura azkarra ahalbidetzen duen kablearen ezarpena.

Retena
http://www.retena.es

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner