1999ko irailak 22, Asteazkena | UNInet |

Alferren txokoa

Apunteak eta lanak lor daitezke Salamancako bi ikaslek jarri duten webgunean

Ez, ez da Leioan dagoen tocabolas txokoaren beste bertsio bat. Leku hau ziberespazioan dago eta ez da nagiak are nagiago bihur daitezen, larrialdian dagoen alferrari oso premiazkoa duen laguntza emateko baizik. Ezkondu baino, Salamankan benetako estudiante tunante izatea erabaki dutenek badute non eta nola libertitu hiri horretan. Baina azterketak heldu orduko, zer egin?

Benetako alfer berantiarra beluegi ohartuko da ez duela apunteak eskatzeko denborarik, ez aukerarik. Salbabidea sarean bilatuko du orduan eta aurkitu ere egingo du El rincon del Vago webgunean. Erabateko arduragabekeriaren ondoren larrialdia dator, biak baitira alferraren ohiko egoera naturalak. Horregatik txoko honek ekaina eta iraila aldean jasotzen ditu bisita gehienak. Bertako arduradun Javier Castellanos dioenez, "futbol ligarekin batera doazen gora-beherak izaten ditu webguneak bisitari kopuruari dagokionez". Egunean egunean, normalean 3.000 inguru bisitari jasotzen dituztela diote, txoko honen erabilgarritasunaren erakusle.

Miguel Angel Roderorekin ideia hau sortu, mamurtu eta praktikara eraman zuen Castellanosek iazko otsailean. Biak Enpresa ari ziren ikasten eta, egun, hori amaituta Informatikan daude matrikulatuta. Beraz, antza denez, ez dira oso alferrak edo handik eta hemendik apunteak lortzen trebeak dira. Agian bigarren aukera izango da zuzenena, koordinazio lana eta beste ikasleen laguntza inportanteena baita alferraren txoko hau edukiz betetzeko. Horretarako laguntza eskatzen dute hasierako orrialdean bertan: "Bidali zure apunteak, eskaneatutako dirupaperak, iradokizunak... Baina, batez ere, zoaz noizean behin klasera honelako leku batera etorri behar ez izateko".

Apunteak bidaltzeko eskatu arren, jabegoa errespetatu nahian Copyright duten apunteak ez bidaltzeko eskatzen dute. "Konturatu behar gara badirela lan eskerga egin eta dirua inbertitzen duten zenbait pertsona badirela eta ez diegu euren lana zapaldu behar", diote. Norberak egindako apunteak edo egileak banatzea espreski baimendutako apunteak soilik onartzen dituzte. Hala ere, Super-Empollon izeneko atal bat dago webgunean, inoiz bere apunteak uzten ez dizkizun izaki maltzurrari egundokoak esanez tentsioa eta gorrotoa askatzeko pentsatua.

Apunteak baino gehiago
Webgunean sartuta, modu errazean aurkituko dugu gure ikasketei buruz dagoen materiala, bertan dauden 2.000 pasatxo dokumentuen artean. Zientzia eta letren araberakoa da lehen banaketa eta, ondoren, karrera ezberdinak ageri dira. Bakoitzaren gaineko lanak, apunteak, testu lagungarriak eta ariketa praktikoak aurkituko ditugu, baldin eta norbaitek utzi baditu, betiere.

Baina atal nagusi horiez gain, badira beste batzuk: Hileko alferra atala, e-posta bidezko buletina, doako e-posta zerbitzua, loturak, laguntza ematen duen atala eta alferrentzako chat gunea besteak beste. Webgunea gaztelaniaz da eta horregatik Espainiako eta Hego Ameriketako jende askok erabiltzen du, baina badu katalanez dauden materialentzako ataltxo bat. Euskaraz, berriz, ez dago ezer oraindik.

Baina atalik bisitatuena La salvacion del vago izenekoa da. Bertan, ikasleek larrialdi deiak eskegitzen dituzte. Esaterako, Bilbotik Ander Caballerok makroekonomiari buruzko lan bat eskatzen du, bere helbidea jarrita. Ondoan, Acapulcotik edo Buenos Airesetik jarritako abisuak aurkituko ditugu.

Txokoaren arduradunek lau ordu ematen dituzte egunero webgunea eguneratzen, apunte iritsi berriak ikuskatzen eta sartzen. Ez dute publizitatea baino beste diru sarrerarik eta ez dute inolako dirulaguntza ofizialik jaso. "Hala ere, onartuko genuke Hezkuntza Ministeriotik zerbait jasoko bagenu", diote. Ez dakigu ordea seriotan ala txantxetan dioten. Etxetik lan egiten dute, baina egunen batean bulego bat irekitzea dute helburuetako bat. Bertatik, webgune hau eta abiatu nahi dituzten beste batzuk kudeatu nahi lituzkete. Esaterako, urria aldean astekari digital bat sareratuko dute Roderok eta Castellanosek.

Akatsak aipatzen hasita, nabigazioa moteltzen duen frame sistema kaskarra azpimarra daiteke. Ekimena, hala ere, txalotzekoa da eta eskertzekoa, baliagarri gertatu zaien ikasleen aldetik. El rincon del vago-n eta bere loturetan aurkituko dugu bila gabiltzana. Baina gogoratu: jaso nahi badugu, zerbait ematea ere komeni da.

Rincon del Vago
http://www.rincondelvago.com
Ingelesez
http://freetutorials.com
Web de Economicas y Empresariales
http://www.economicas.2www-d.com/
Zuzenbideari buruz
http://www.derecho.2www-d.com/
http://members.xoom.com/el_derecho/
http://Luis.Bonilla.com

Laburrak:

Explorer-en akatsak

Explorer 5 programak duen beste akats bat onartu du Microsoft enpresak. Akats hau zuzentzeko laster aterako den programa bat kargatu behar dute erabiltzaileek. Bitartean ActiveX komandoak exekutatzeko aukera desaktibatzea gomendatzen du Bill Gatesen enpresak. Funtsean, akats honen ondorioz, bookmark edo faboritoak inportatzeko eta esportatzeko aukerak erabiltzean norbaitek gure makinan kode batzuk sartu eta haren kontrola har dezake kanpotik. Georgi Guniski bulgariarrak aurkitu zuen bug hau eta segituan jakinarazi zion enpresari.

Mondragon Unibertsitatea

Arrasateko unibertsitateak badu bere webgunea sarean. Bertako kooperatiben ingurutik sortutako unibertsitate honen ikastegien gaineko informazioa ematen dute bertan. Besteak beste, Administrazioa eta programak zeintzuk diren eta informazio akademikoa jaso daiteke bertatik. Titulazio akademikoak eta ikasketa planak zeintzuk diren informazio zehatza dago, euskaraz. Enpresa Zientzietako Fakultatea, bi ikerketa zentro, Eskola Politeknikoa, Humanitate eta hezkuntza zientzietako Fakultateak osatzen dute unibertsitate hau.

Mondragon Unibertsitatea
http://www.muni.es/mu_eus.htm

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner