1999ko abenduak 23, Osteguna | Irristatzen |

Ordenagailu birtuala

Gure Idaztoki pertsonalizatua sarean

Inoiz disko gogorra izorratzea edo ordenagailua eskura ez izatea egokitu zaionak jakin badaki honelako asmakizunak eskertzen. Interneten garatzen ari diren aplikazio zenbaitek ahalbidetzen digute gure dokumentuak edozein ordenagailutik jasotzea eta aldatzea gure neurrira egindako idaztokian.

Windows edo Macintosh ordenagailuetan izaten diren tresnak ageriko dira gure idaztoki birtualean ere: notak hartzeko kaiera, kalkulagailua, bilaketa tresna eta abar. Gainera, makina bat tresna erabil ditzakegu, e-posta eta berri taldeak esaterako. Disko gogor bat izango dugu, 10 edo 20 Megabytekoa, baina dena birtuala izango da. Dena aplikazio bisual batean integratzen da, Interneterako konexioaz baliatzen den idaztoki birtuala sortzeko, eta disko gogor hori sarean dago, zerbitzari batean sartuta munduko auskalo zein txokotan.

Idaztoki birtualak sortu berri dira baina azkar garatuko dira 2000. urtean, agian portalari aurten izan duen nagusitasuna kenduko dion kontzeptua izango da, zerbitzu asko integratzen dituelako. Munduko edozein bazterretik gure ordenagailu pertsonal modukora sartzea oso estimatua da ibiltarientzat eta ordenagailu bat baino gehiago dutenenetzat.

Lehendik sarean bazeuden disko gogor birtualen ondorengoak dira idaztokiak. Sarean gure datuak gordetzeko Mega batzuk eskaintzen dizkiguten hainbat webgune badira ere, aplikazio grafiko hauek oraintxe garatzen ari dira. Funtsean, nabigatzaileekin konbinatzen diren programak dira. Horietako bat Desktop.com da, aitzindarietako bat, baina oraindik beta edo probarako bertsioa baino ez dute kaleratu. Gainera, Windows plataformarako balio du bakarrik. Besteak MyWebOs du izena, probetan dago oraindik ere eta 20 Mega eskaintzen ditu. Azkena, Cyrus Internet, Java teknologian oinarrituta dago eta ez du plataforma jakin baten beharrik ibiltzeko.

Kontrako iritziak ere badira idaztoki birtual hauen inguruan. Argudio nagusia segurtasun falta izaten da. Izan ere, norberarenak diren datuak beste erabiltzaile askorekin elkarbanatuko ditugun diskoetan gorderik, nork ziurtatuko digu ez dituela beste inork ikuskatuko?

http://www.desktop.com
http://www.cyrusintersoft.com
http://www.mywebos.com

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner