1999ko irailak 30, Osteguna | Irristatzen |

Lagun telematikoak

Jendea ezagutzeko aukera ere ematen du sareak

Askotan aipatutako gezur bat apurtzen hasiko gara. Lagun telematikoak egitea ez da zertan izan behar komunikazio arazo baten ondorioa. Hurbileko inorekin harremanik izateko gai izan ez, baina sarean, chat-etan, Interneten bidezko telefono zerbitzuen bidez edo eta e-posta erabiliz jende askorekin harremanetan jartzen den pertsona irudi estereotipatua da. Internauta-gaixo mentalaren irudia ez baitator bat, inondik inora, horrelako harreman telematikoak egiten dituen jendearekin. Egon badira, hala ere, muturreko kasuak, leku guztietan bezala.

Gauzak argi utzita, nahiz eta batzuri lotsa pixkat ematen digun horrelako harremanak egiteak, arlo honetan sarean zer aurki daitekeen begiratzen jarri gara. Harremanak ezartzeko modu asko eskaintzen ditu sareak, modu asko eta harreman mota asko. Izan ere, arloka egoten dira banatuta harreman motaren arabera. Esaterako, Madnetro.com webgunean norbaitekin ezkontzea bilatzen duten internautak aurkituko ditugu. Madnetron jada lau ezkontza ekarri ditu hango jardunak. Onerako edo txarrerako? Auskalo, denborak esango baitu ezkontza guztietan bezala. Harremanen aldekoa baina ezkontzen aurkakoa dugu berriz solteralia.com webgunea.

Baina ezkontzak baino harreman informalagoak egiteko aukera baliatzen da gehienetan. Chat egiteko milaka gune badira ere, euskaldunok badugu gure #euskara kanala. Independentziaren aldeko kanalak sortzea debekatuta daukan IRC hispanon dago kokatuta #euskara. Eskerrak hori ere debekatu ez duten.

Beste adibide bat internauta euskaldunen koadrila batek jarritako webgunea dugu, Sekulako toki lerdoa izenekoa. Ziurrenik lehendik ere ezagutzen ziren baina sarearen bidez lagun gehiago biltzeko aukera dute, urruneko lagunak gainera.

#euskara kanala
http://www.geocities.com/Pipeline/4485/
Sekulako toki lerdoa
http://wowsites.com/breiko/
Chatmania
http://www.ciudadfutura.com/chatmania/
Busco Amigos
http://www.mundolatino.org/bamigos/

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner