2000ko abenduak 14, Osteguna | Irristatzen |

Laburren sukarra

Laburmetraiek bidea aurkitu dute sarean

Izugarrizko arrakasta izaten ari da Hispavista atariak antolatu duen minutu eta erdiko film laburren lehiaketa. Donostiako atariak antolatu lehiaketan 90 segundu inguruko 50 film baino gehiago aurkeztu dituzte jada eta gehiago heltzen ari zaizkie. Hilaren 29a arteko epea dago lanak bidaltzeko, berauek dauzkagun formatoa edozein izanda ere. Izan ere, Hispavistakoak arduratuko dira guk bidalitako materiala Windows Media eta Quicktime formatoetara pasatzeaz.

Denak irabazle ateratzen dira filmak sarearen bidez hedatzeko modu berri honen bidez: atariak bisitariak irabazten ditu, egileek euren lanerako hedapena lortzen dute eta internauta-laburzaleek euren zine gosea asetzea lortzen dute. Bisitariek filmak ikusi eta onenak zeintzuk diren aukeratuko dute bozketa bidez. Irudien kalitatea ez da oso ona, baina egilearen fantasia eta trebezia neurtzeko aukera izango dugu gutxienez. Denetarik ikusiko dugu bertan, kalitate eskasekoak batzuk, oso onak besteak.

Baina badira film laburrei buruzko beste helbide batzuk Interneten. Esaterako, Freak Cinema webgunean laburrak eska ditzakegu etxean ikusteko, edo norbaiti oparitu. «Izan zaitez originala, oparitu itzazu laburrak gabonetan». Ideia ona da baina tamalez filmak ezin dira sarean bertan ikusi eta jendea ez dago ohituta laburren truke ezer ordaintzen. Bestalde, zinema laburraren gaineko ataria bezala aurkezten zaigu cinecorto.com webgunea.

Jaialdiei dagokienez, Vendomeko film jaialdian Europa mailako 4. laburmetraien lehiaketa eta Frantzia mailako 9. aldia antolatu zuten iragan astean. Hurbilago, asteon Gasteizen izan zen Cortada jaialdiak badu bere webgunea, baita Bilboko Cinebi jaialdiak ere.

www.minutoymedio.com
www.freakcinema.com
www.cinecorto.com
www.vendome-filmfest.com
www.cortadafestival.com
www.cinebi.com

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner