2000ko abenduak 13, Asteazkena | UNInet |

Christmas ustelak

Kontuz ibili beharra dago postal birtualetako birusekin

Gabonetako postalak bidaltzea ohitura errotua eta hedatua da urte sasoi honetan. Baina azken urteotan, Internet agertuz geroztik, postal birtualak ere bidaltzen eta jasotzen ohitu gara. Baina kontuz ibili behar dugu, itxura maitagarriko Santa Claus-en irudien, gorostien, aingeruen eta jaiotzaren imaginarium kitch horren guztiaren atzean helburu maltzurrak izkuta baitaitezke. Sareko i-worm edo zizare-birusak dira, posta elektronikoaren bidez zabaltzen direnak.

Gure ordenagailua kutsa ez dadin profilaxia komeni da HIESAren kasuan kondoia gomendatuko genukeen arren, kasu honetan hori ez dago soberan baina erremediorik onena abstinentzia dela esango genuke: fidatzekoak ez diren artxiboak ez zabaltzea. Zorionez, birusak soilik transmititu daitezke programa exekutagarrien bidez. Beraz, lasai asko zabal ditzakegu edonork bidalitako testuak edo irudiak, ez baitira programak, artxiboak baizik.

Birusak kutsatzen dituzten artxiboak exekutagarriak dira, hau da, berez programa bat direnak. Programa exekutatzean, akaso Santa Clausen soinu eta irudi bitxiak ikusiko ditugu, baina benetako txantxa astuna ikusteke dugu. Baliteke gabon gauean edo eguberritan aktibatzea eta disko gogorra izorratzea, edo Outlook Express programaren baitan sartzea eta haren bidez gure lagunengana hedatu mezu elektroniko baten forman, gu ezertaz ohartu gabean.

Gabonen aurretik askatu eta berehala hasten dira zabaltzen birus hauek. Aurtengo birus berriak agertu dira jada hainbat ordenagailutan eta Hybris (Edurne Zuri), BleBla (Romeo eta Julieta), Music edo Navidad izenak dituzte, besteak beste. Azken hau Espainian eginikoa da, beste askotxo bezala. Izan ere, GriYo ospetsua bezalako birus egile barrabasak espainiarrak dira. Gainera, birus batzuk mutanteak dira: esaterako, Love Bug edo maitasunaren birusak gutxienez 60 bertsio ezberdin hartu ditu urtebetean. Horregatik zailak dira antzematen eta horregatik da guztiz gomendagarria birusen kontrako programa eguneratua edukitzea.

Gomendio batzuk
Christmas ustel hauek kutsatuta ez gertatzeko gomendioak aipatuz, denboraldiko goraintzi hauek ez irekitzea da lehengoa. Atxekitako artxiboak exekutagarriak diren jakiteko, haien atzizkiari kasu egin behar diogu: .exe, .vbs, .shs edo .pif izaten dira exekutagarrien amaiera ohikoenak. Hala ere, birus egileek .txt edo .jpg bezalako atzizkiekin mozorrotzen dituzte batzuetan. Gainera, Windows-ek atzizkiak izkutatu ohi ditu izenak guri erakustean. Horregatik, Windows 2000ko erabiltzaileek Explorer programari atzizkiok erakusteko agindu behar diote programari. Bestalde, ez da komeni IRC berriketan edo antzeko berehalako mezularitza sistemetan (AOL, ICQ, UOL) inork bidalitako artxiborik onartzea. Oso susmagarriak dira, bestalde, sexuarekin zerikusia duten izenak: PAMELA_NUDE.VBS edo PORNO.EXE bezalako artxiboak zabalduz gero, baliteke gure makinak sexu bidezko gaitz bat harrapatzea.

Kriptopolis
www.kriptopolis.com
Nextvision
www.nextvision.com


AMARAUNA: EROSKETAK


Gabonetako erosketak sarean egitea

Kontsumismoaren erokeriaren paradigma dira gabonak. Saltoki handiak jendez gainezka daudenean aukera ona izan daiteke sarearen bidez, etxetik gauzak erostea. Jendetza ez jasateko, kaleko hotza ez pasatzeko eta ordutegi jakinik ez edukitzeko merkataritza elektroniko alternatiba ona da zenbait produktu erosteko: uneoro zabalik dago eta batzuetan artikuluak merkeago erosiko ditugu sarean. Normalean, aldez aurretik ezagutzen diren artikuluak erosten dira: liburuak, diskak, informatika eta lurrinak. Ez horrenbeste jakiak edo jantziak, haiek ondo ikusi ikutu eta dastatu behar baitira erosi aurretik. Hirian baino, herrixka baztertuetan bizi diren askorentzat alternatiba ona izan daiteke, behintzat informatika produktuak erosi aurretik haien ezaugarriak ezagutzeko.


LABURREAN

Ziber Tribiala
Trivial Pursuit mahai jokoaren euskarazko bertsioan joka dezakegu online gure etxetik mugitu barik. SAREKO ARGIA egunkari digitalak prestatu duen joko hau joan den urtean ARGIAk aurkeztutako mahai jokoaren bertsio telematikoa da. Euskal kulturari buruzko joko honetan esku hartzeko mahaia osatu behar da, beste jokalariekin hitzordua jarrita. Argibide guztiak sarean bertan dituzu.

Argiaren Mendean
www.argia.com/tribiala.htm

EGUNKARIA online
Iragan asteazkenean, eguneroko honen hamargarren urteurrenarekin batera, EUSKALDUNON EGUNKARIAren webgune berria sareratu zen. Duela ia bi urte sareratu zenez geroztik aldaketarik apenas izan ez duen webgunea benetako edizio elektronikoa bihurtu da honenbestez eta albisteen aukera murritz batetik paperezko edizioaren eduki guztiak jartzera igaro da EGUNKARIA. Azpimarragarria da UniNET orrialde honetako albisteak, informatikari buruzkoekin batera Internet izeneko atalean aurkituko ditugula aurrerantzean.

Egunkaria sarean
www.egunkaria.com

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner