2000ko abenduak 20, Asteazkena | UNInet |

Hezkuntza digitala

Iragan astean Bilbon gai honi buruzko I. Kongresua izan zen

Hezkuntza digitala, orohar, ordenagailuak erabiliz egiten dena dugu. Bi atal nagusi ditu honek: Informatika eta telematika dira. Alde batetik, hezkuntzarako balia daitezkeen aplikazio informatikoak eta bestetik informazio iturri erraldoia den sareen sarea. Adituek diotenez, ohiko klase magistralak ez ei dira desagertuko, baina gero eta gehiago osatuko dira —eta neurri batean ordezkatu ere— hezkuntza digitalaren bidez eta eskola ez presentzialekin.

Arlo honetako bilakaera aztertzeko eta abian diren esperientzien berri emateko, iragan astelehenean eta asteartean Bilboko Euskalduna jauregian Hezkuntza Digitalaren Nazioarteko I. Biltzarra antolatu zuen Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Unibertsitateak eta Ikerketa Sailak.

Gehienbat irakasleek osatutako entzulegoak hainbat adituren iritziak eta iragarpenak entzun zituen. Gainera, beste toki zenbaitetan martxan diren hezkuntza esperientzien berri eman zuten proiektu bakoitzeko arduradunek eta kaferako atsedenaldiak aukera ona izan ziren kontaktuak egiteko eta elkarren asmoak zein lan moldeak ezagutzeko.

Teleformazioa gai garrantzitsua izan zen Euskaldunako kongresuan. Universitat Oberta de Catalunya-k hasitako bidea beste ikastegi askok jarraitu dute eta egun, kongresuan izan zen Peter O Looms adituaren arabera unibertsitate birtualen "hirugarren belaunaldian" gaude. Dinamarkako eta Hong Kong-eko unibertsitateetan gai hau aztertzeaz gain, Dinamarkako telebista publikoaren atari erraldoian lan egiten duen irakasle honek dioenez, unibertsitate birtualen ugaltzeak "bidegurutzera eraman ditu eta aurki baliteke haietako asko ixtea, lehiaren ondorioz". Horregatik, unibertsitate birtualek erronka kalitatean dute eta enpresarekiko koordinazioan. Izan ere, bere iritziz, Europan 100.000 profesional falta dira komunikazio teknologien alorrean.

Javier Etxebarria ere Euskaldunan izan zen. Espainiako CSICeko ikerlea eta gizarte telematikoari buruzko guru ezaguna da nazioartean Telepolis liburuaren egilea. Bere esanetan, sozializaziorako espazio berria da ingurune telematikoa, "ez da espazio hotza, ezta komertziala ere. Aldiz, gizakiak bere nortasuna gara dezakeen ingurune berria da. Ez da informazioa igortzeko bidea soilik, ikasleentzat topaleku interesgarria da". Arriskuetan, berriz, hiru aitatzen ditu: informatikaren eta telekomunikazioen transnazionalek kontrolatutako espazioa dela, ingurune berri honek eskatzen duen gaitasun kultural eta mental handia eta, azkenik, edukien egokitzea (matematika, historia, geografia etabar) ingurune berri honetan egokiro aurkezteko.

Baina adituen iritziez gain, Euskaldunan gure inguruotan egiten ari diren zenbait proiekturen berri izan genuen. Carlos Puertak lehen eta bigarren hezkuntzako ikasleei zuzendutako Lamia proiektua azaldu zuen. Proiektu honen xedea ikasleek euren inguru hurbila ikertu eta informazioa sarean jartzea da. Konrado Mugertza Getxoko Aixerrota institutuko irakasleak natur zientzei buruzko proiektu bat aurkezu zuen. Lehen aipatutakoa bezala, honek informazioa biltzea eta sarean jartzea du helburu, baina ura gai nagusitzat hartuta. Europa mailako Socrates proiektuaren baitan dago getxotarrek euren kostalde, ibai eta padurei buruz bildutako informazioa.

RealVideo zuzenean
Mintzaldiak egin ziren aretotik at, hainbat eskola liburu eta bestelako materialak egon ziren, Interneti eta hezkuntza digitalari buruzko materialak gehienbat. Bestalde, hezkuntza jorratzen duen ETB1eko Ikusgela saioak bere plato-a ezarri zuen Euskaldunan eta bertan grabatu zuen gaur goizean eskainiko duen saioa. Euskaltel enpresa ere present izan zen kongresuan, izan ere, Hezkuntza Sailarekin batera sartuta dago EAEko ikastegi guztiak kable bidez lotuko dituen banda zabaleko sarea ezartzeko lanean eta, gainera, edukien alorrean banda zabalak ahalbidetuko dituen telebista zerbitzu interaktiboak aipatu zituen zerbitzu interaktiboetako arduradun Javier Herrerok. Halaber, Euskaltelek zuzenean RealVideo formatoan igorri zituen kongresuan gertatzen zenaren irudiak.


Kongresua
http://www.bilbao.net/hezkuntza/ciedigital/
Lamia Proiektua
www.hezkuntza.net/programa/lamia/


LABURREAN


Gabonetako postalak
Iragan astean aipatu genituen posta elektronikoaren bidez hedatzen diren birusak eta, hain zuzen, EuskaraZ zerrendako kide batzuek Navidad birusa jaso zuten egun horietan. Oraingoan, beste aholku bat eman behar dugu. Nahiz eta honek birusik ez digun bidaliko, mesedez, ez erabili sarean topa ditzakegun postalak bidaltzeko zerbitzuak. Lagun bati e-posta bidez irudi polita bidaltzeko aukera doan ematen duten webgune komertzial horietariko askok gure lagunaren helbide elektronikoa euren datu-basean sartu eta aurrerantzean bere postontzia eskatu gabeko spam mezuekin beteko dute. Ondorioz, gure laguntasuna adierazi nahi genion hark nekez eskertuko digu tamainako alukeria.


Ikusgela online
Larunbat eta asteazkenetan ETB1ek eskaintzen duen Ikusgela saioa Interneten ere aurki dezakegu. Asteko saioaren edukiak aipatzeaz gain, bakoitzaren gaineko lotura interesgarriak eskaintzen dizkigu Ikusgela-k, gaiotan sakontzeko.

www.eitb.com/ikusgela
www.hezkuntza.net/programa/ikusgela

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner