2002ko uztailak 4, Osteguna | Irristatzen |

Mundura adi

Duela bi asteko grebarekin batera iragarri zen Indymediaren euskal adarraren zabalkundea. Mundu mailako Indymedia sarean Basque edo euskal atala indarrean sartu zen ofizialki. Aurretik hilabete batzuk lanean eman dituen taldearen emaitza da, posta elektronikoaren bidez koordinatzen eta alderdi teknikoak, teorikoak, estetikoak eta beste guztiak eztabaidatzen eta adosten ibili den lagun multzoaren lana.

Gizartea aldatzeko tresna garrantzitsua dela pentsatzen dute euskal Indymedia hau prestatzen ibili direnek. Aldeko faktore garrantzitsu bat badu bestela beste weblog bat baizik izango ez litzatekeen honek. Izenak berak ematen dio garrantzia eta izaera baten zilegitasuna: irekia, aurrerakoia, partehartzailea eta mundu mailako globalizazioaren eragin txarren aurkako informazio erreferentzia nagusia den Indymedia sarearen parte izateak damaion bermea. Aurrerantzean jendearen ekarpenak izango dira, euskaraz eta Interneti buruz Sustatu albistegiarekin gertatzen den bezala, tresna hori elikatuko dutenak. Bizirik mantentzearen ardura, euskaraz zein frantsesez edo gaztelaniaz informazio interesgarriak bidaliz, internauton esku egongo da aurrerantzean.

Euskal Indymedia honen sustatzaileek hasieratik argi izan dute gatazka eremu batean planteatzen dutela komunikabide alternatibo hau. Berriki Indymediari indarkeria mota jakin baten aurrean internauta batek jarrera politikoa zein duen galdetu dionean argi eta garbi Indymedia tresna dela argi utzi dute berauek. Tresna batek ez du jarrera politikorik hartzen, kazetaritza independientea egin nahi duen batek are gutxiago. Eztabaida teknikoetan eta eduki editorialaren ingurukoetan esku hartzeko nahikoa da lists.indymedia.org helbidean izena ematea. Informazioak, testuak, irudiak, soinuak, bideoak edo bestelako dokumentuak gehitzeko nahikoa da basque.indymedia.org helbidera jotzea.

Euskal sorkuntza munduari begira jarrita, baina beste gai batera pasatuta, Goio Telletxeak eginiko lan bat aipatu beharra dago. Telletxea diseinatzailea da, Flash programarekin multimedia animazio interaktiboak egiten berezitu da azken aldi honetan eta bere lanaren erakusgarri bat ipini digu sarean. Iragan martxoan Bartzelonan izan zen OFFF jaialdia, hemen noiz edo noiz aipatu dugu Flash formatoan eginiko animazio eta film laburrek gero eta garapen handiagoa dutela, teknikoki korapilotsuagoak eta ikusgarriagoak dira urterik urtera eta gero eta hedatuagoa dago teknologia hau. Bada, OFFF horretan aurkeztu zuen Telletxeak B.E.D. #2 Basque Electronic Diaspora :: Audio Player izeneko ikus-entzunezko animazioa, Bixente Iriart zenak koordinatu eta Metak argitaratu zuen izen bereko diska gaitzat hartuta. Bere baitan 14 abestiren musika streaming edo jario moduan entzuteko aukera ematen du, entzuteko kontrolak eta guzti. Horretaz gain, musikarien gaineko informazioa, irudiak mugimenduan ikusten den leihotxoa... Dena Flash artxibo batean integratuta. Webgunea ingelesez dago, izan ere, nazioarteko jaialdi horretan aurkezteko ezin zuen Telletxeak gai aproposago bat aurkitu munduan sakabanatuta dauden euskal migrari teknofiloen bilduma hori baino.

euskalherria.indymedia.org
www.lanbroute.com/bed

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner