2002ko ekainak 27, Osteguna | Irristatzen |

Berriz musikarik gabe

Iragan astean, dudarik gabe, albiste nagusia Audiogalaxy-ren ixtea izan da, internauten artean ziztuan zabaldu dena. Internauten artean diot, ezen Audiogalaxyko arduradunek ez dute inolako adierazpenik egin, ez webgunean bertan, ezta prentsan ere. Kontua da AEBko musikaren industriak, disketxe nagusiak biltzen dituen RIAA izenekoak Audiogalaxy salatu zuela, iragan urtean Napster famatuak hartu zuen erabiltzaile kopuru bera apurka-apurka hartzen ari zelako.

Kontrako epai baten beldurrez, azkenik Audiogalaxykoak RIAArekin akordio batera heldu ziren iragan astean. Honen arabera, Copyright-ez babestutako kantak –Bertan aurki zitekeenaren %95 direla kalkulatzen dut– blokatuko ditu Audiogalaxyk, ez dira eskuragarri izango egilearen berariazko baimena eduki ezik.

Erabiltzaile gehienak haserre agertu dira aldaketarekin, izan ere, praktikan Audiogalaxy bertan behera geratu dela esan daiteke, iaz Napsterrekin gertatu zen moduan. Alternatibak bilatzen hasita, Kazaa, WinMX, eDonkey 2000 edo Filetopia aipa daitezke, oraindik euren bilaketa tresnetan baherik ipini ez dituzten truke sistemen artean.

Doako softwarearen gainean eraikia den eDonkey oso ona ei da baina WinMX eta Kazaa programek ere milaka erabiltzaile dituzte. Bila gabiltzan musika programa batekin aurkitu ezik agian beste batekin zorte gehiago izango dugu. Bitmap izeneko Bilboko enpresa txiki batek sortua eta garatua da Filetopia. Edozein motatako artxiboak lagunekin trukatzea ahalbidetzeaz gain, datu guztiak enkriptatzen ditu eta chat sistema bat dauka beste erabiltzaileekin solastatzeko.

Baina Euskal Herrira bueltatuta eta musika mintzagai dugula, aipatu behar dugu asteburu honetan Arrosan izango den festibalak behingoz webgune txukuna egin duela. Xabi Errotabeherek diseinatu du Flash eta HTML konbinatuz, festibalaren inguruko jakingarri guztiak dituen webgunea.

Eta musikarekin lotutako beste albiste bat dugu Roberto Mosok Flores en la basura izeneko eleberria argitaratu duela sarean, doan, MCD punk taldearen imbecil.com webgunean. Badakigu Niko Vazquez eta bere lagunak ez daudela ados egile eskubideen izenean beste batzuek aberastearekin eta euren azken diskoa osorik doan jarri zutela mp3 formatoan, azalak, barruko liburuxka eta guzti.

Oraingo honetan Zaramako abeslari izan zen Roberto Moso santurtziarrak berak idatzitako testuak aurki ditzakegu. Weblog formatoan argitaratua Movable type izeneko softwarea erabiliz, testuok, 80 urteen punk musikaren kronika entretenigarria osatzen dute: Eskorbutoren sorrera, gaztetxeak, rock radikala, pasadizo barregarriak eta orduko hainbat joera eta jokaera aztertzean kritika sozial eta politikoa duen umore garratza dira nagusi kontakizunean.

www.audiogalaxy.com
www.edonkey2000.com
www.kazaa.com
www.winmx.com
www.filetopia.org
www.festival-ehz.com
zaramatimes.imbecil.com

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner