2002ko uztailak 11, Osteguna | Irristatzen |

Ziberkazetaritza berria

Bestelako kazetaritza egin daiteke sarean

Internetek eta komunikazioen aurrerapenak bestelako kazetaritza moldeak sortzea ahalbidetzen dute. Horixe frogatu du Quim Gil ziberkazetari kataluniarrak. Net Media 2002, European Online Journalism Awards izeneko sarietako bat jaso du, Best News Story atalekoa. Sareko kazetaritza ekimenak nabarmentzeko dauden saririk ospetsuenak dira hauek eta saririk garrantzitsuena da Gilek jaso duena.

Baliabide horiek edukita eta imaginazio apur bat jarrita proiektu original eta erakargarria egin daiteke. Bere kasuan, Desde America con Amor webgune saritu berria, Gil berak egin duen bidaia kronikatuaren erakusleihoa izan da. Kaliforniako San Jose hiritik Costa Ricako San Joseraino, 300 eguneko bidaia kontatzen du Gilek 23 elkarrizketaturen bidez, «bihotzarekin eginiko bidaia prestatu gabea» marraztuz, ibiliaren porazuz. Bidaide birtual bihurtu diren internauten diru ekarpenak hartu ditu online, ibilbidea bete ahal izateko, webgunean ikusgai dauden kontuek erakusten dutenez.

Lagun baten etxetik beste lagun baten etxera, etxerik etxe, lagunik lagun eginiko ibilbidea 9.000 kilometrokoa izan dela dio Gilek. Lagun edo pertsonaia interesgarri askoren soslaiak, esanak eta elkarrizketak jarri ditu bidaide birtualen egarria apurka-apurka asetzeko. Hala, El Salvador-eko emakume gerrilari ohi batekin izandako afari bateko berriketaren moldaketa irakur dezakegu edo askapenaren teologia sortu zutenetako txiletar exiliatu baten hausnarketak. Costa Ricako San Jose deskribatzen duen azken kronika irakurri aurretik, weblog itxuran ageri zaigun ibilbidearen edozein etapa aukera dezakegu, iazko irailaren 9an AEBetan hasi zen odisean.

Aurki.com-eko eibartarren lagun eta, nolabait lankide izan da Gil, berak egin baizuen Dmoz bilatzailearen katalanerako moldaketa eta beste lagun internauta batzuk ere baditu hemendik. Berak sortutako Espiral komunitate birtualeko kideen laguntza material zein teknikoa ere izan du bidaian. Espiral komunitate birtuala da, «bat-bateko politika egiten duen komunitatea». Webgunean diotenez, kapitalismoaren erridikulizazioa bilatzen dute mozorrotuz, hauteskundeetara aurkeztuz eta publizitate faltsua eginez.

Aipatu sariotan beste 16 kategoria izan dira eta hauetako zortzi BBC News Online-k eraman ditu eta hiru Espainiako El Mundo egunkariaren edizio digitalak. Lehenengoarenak gehienbat istorio arrunten bertsio digitalak izan dira eta bestearenak atal batzuren diseinuagatik saritu dituzte. Hala ere, beste ekimen interesgarri batzuk saritu dituzte. Esaterako, IWPR institutua, gerra kazetaritzari buruzko kazetarien elkarteak zentsurari buruz eginiko erreportaia. Espainiako pressnetweb.com webguneak ikerketa kazetaritza saria eraman du eta Guatemalako indigenen gaineko para-nunca-olvidar.org webguneak eraman du online kazetaritzan berrikuntzak hobekien egokitu dituen webgunearen saria. Azkenik, holdthefrontpage.co.uk webguneak kazetarientzako lanpostuak lortzen eta eskaintzen laguntzen duen webgunea saritu dute bere lanagatik.

Desde America con Amor
www.desdeamericaconamor.org
Espiral
www.lawebespiral.org
Net Media sariak
www.net-media.co.uk

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner