2002ko ekainak 20, Osteguna | Irristatzen |

Documenta

Sonar jaialdi arrakastatsua izan da iragan asteburukoa. Hiru egunez 80.000 lagun baino gehiago bildu ziren Bartzelonan. Astebete lehenago, baina egun gehiago zabalik egoteko zabaldu zen egungo sorkuntzaren beste hitzordu bat, Documenta izenekoa. Urtero Alemaniako Kassel hirian egiten den arte garaikidearen erakusketa erraldoi honetako 11. edizioa da aurtengoa eta ehun egunez egongo da zabalik, irailaren 15a arte.

Arte kritikari zenbaiten iritziz erakusketa soziologikoegia da Documenta, munduan dagoen ordenuari buruzko gogoetaz josia. Dena dela, Europako erreferentzia nagusia da eta firmarik onenak ikusiko ditugu bertan. Duela bost urte izan nintzen bertan eta pentsatzekoa da denbora honetan teknologia berriek eta telematikak aurkitu dutela adierazpide gehiago bertako instalazioetan. Webguneak dioenez, multimediak presentzia handia du eta bertan erakustaldiko programazioaz gain, bertan izango diren artista guztien gaineko informazioa aurkituko dugu.

Iragan astean ere albiste izan zen filmak doan eskaintzen zituen webgune baten itzulera, baita berehalako desagerpena ere, sustatu.com-en irakurri ahal izan dugunez. Dolar baten truke edozein film jaisteko bidea ematen zuen, 1.500 bat filmeko aukera zabal baten artean. Erabili dutenek diotenez, aukera zabal hori makina bat DVD pirateatu eta konprimituta lortu zuten. Iranen zuten egoitza fisikoa eta horrek zaildu egingo zuen jokabide horren balizko errepresioa, denok baitakigu AEB eta Iran ez direla oso lagunak. Hala ere, webgunea itxi behar izan ei dute. Azalpen moduan utzi duten testuan diotenez, Hollywood-i irabazien %30 eramatea proposatu zioten baina ez dute erantzunik jaso. Iranen egoteagatik hainbat kazetarik politikan nahastu dituztela diote eta horrek ere eragina izan du negozioa ixteko. Hala ere, ixteko arrazoi nagusia arazo teknikoa izan dela diote film88.com-eko arduradunek.

Eta egile eskubideak aipatuta, ezin komentatu gabe utzi iragan ekainaren 11n disketxe batzuek eta SGAE elkarteak deitu zuten musikarik gabeko eguna. Euren etsaitzat hartu duten Internet sarean, emisora analogikoetan bezala, nahiko oharkabean igaro zen deialdia.

Deialdi horri aurre egiteko, musika independientearen eguna deituko dute musicaindependiente.org atari berrikoek. Webgune hau Isla Tortuga zerbitzari pirata famatuan dago kokatuta eta bere egileak putasgae.com eta laganzua.net dira. Lehenengoak aipatu ditugu inoiz, SGAE elkartearen kontrako atarikoak dira. Bigarrena aurkikuntza atsegina izan da: Musika e-zine galiziar independientea da La Ganzua. Diseinu modernoa eta erakargarria, maketak zein kantak jaisteko moduan eta elkarrizketa zein erreportaia interesgarriak, Portugaleko muskari buruzkoa kasu.

www.documenta.de
www.film88.com
www.musicaindependiente.org
www.laganzua.net

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner