2002ko ekainak 15, Larunbata | Kulturnet (Begia) |

Literatura entzungai

Sarean amerikar idazleen ahotsak entzun daitezke

Internetek hainbat idazleren testuak doan irakurtzeko bidea ematen digu. Testuak inoren esku daude, batik bat egile klasikoenak. Baina sarearen garapenak aspaldi ekarri zuen soinua trinkotuta garraiatzeko aukera. Testuak baino gutxiago badira, milaka grabaketa daude Interneten entzungai, egile anglofonoenak gehienbat.

Harper Audio izeneko webgunean olerkari eta eleberrigile famatu askoren irakurketak entzun ditzakegu, T.S. Eliot, Emily Dickinson, Arthur Miller edo Robert Frost-enak kasu. Batzuk, aspaldi hildako egileenak, aktore ezagunen ahotsetan entzun ditzakegu, Charles Dickens edo William Shakespeare esaterako. Beste batzuk egilearen beraren ahotsetik entzungo ditugu, Ernest Hemingway edo William Faulkner kasu, idazleon benetako. Harper Collins izan da irakurketa hauek biltzearen arduraduna eta sarean entzun daitekeen baina kalitate eskasa duen segunduko 8 Kilobit-eko konpresioan jarri ditu emanaldiok, hainbat formatutan. Kalitate hobearekin entzun nahi duenak grabazioa eros diezaioke Harperri.

New York Times-en webgunean, esaterako, liburuen atalean Life and Times atalean hainbat egileren gaineko informazio zabala aurkituko dugu. Esaterako, John Updikeren gaineko datu guztiak eskaintzeaz gain, audio grabaketak entzun ditzakegu, elkarrizketak eta liburuetako pasarteak idazlearen ahotsean. Hori bai, ez dugu sartzerik izango egunkari horretako erabiltzaile gisa erregistratuta egon ezik. Aste honetan sartzen bagara, Mark Costello entzun ahal izango dugu bertan Big If bere nobelaren pasarte bat irakurtzen. Andrew Miller, Martha Serpas, John Irving eta beste ehunka batzuk ere aukera ditzakegu entzuteko.

Salon.com aldizkari ezagunak badu entzunezko edukientzako atal berezia. Bertan, musikaren presentzia handia gora-behera, literaturak atal bereziak ditu: olerkiak, biografiak, fikzioa... Haietako bakoitzean ehunka egileren irakurketak entzungai direla. Audio Poetry Archives webgunean, berriz, poesia entzungai dagoen webguneen lotura sorta ederra dago. Bertan aurkitu dugu, esaterako, Cortland Review aldizkariaren helbidea, RealAudio-n argitaratzen den literatura aldizkaria. Gurean gehienetan ezezagunak diren egile sorta dakar zenbaki bakoitzak eta, egile bakoitzaren azalpen labur baten ondoan haren pasarte txikia irakurri ahal izango dugu, berau entzuten dugun bitartean.

Lannan fundazioaren webgunean artxibo handia dago, bertatik igaro diren egileen hitzaldiak eta liburuen pasarteak biltzen dituena. Kultura aniztasunerako fundazio honen webgunean ez daude bakarrik amerikar egileen esanak. Esaterako, Mahmoud Darwish palestinar olerkari famatuaren irakurketak arabieraz entzungai ditugu, baita Lois-Ann Yamanaka hawaiarrarenak, Uruguayko Eduardo Galeanorenak edo Adam Zagajewski poloniarrarenak, hauetako gehienak ingelesez dauden arren.

Gurean ere, kopuruz ekimen xumeagoa izan arren, badugu euskarazko olerki batzuk euren egileen ahotik entzuteko aukera Susa argitaletxearen webgunean, baina horiek arteragoko testuetan aitatu ditugu jada.


Harper Audio
town.hall.org/radio/HarperAudio
New York Times
nytimes.com/pages/books
Salon.com
www.salon.com/audio
Audio Poetry Archives
poetry.about.com/cs/audiopoetry/
Cortland Review
www.cortlandreview.com
Lannan Foundation
www.lannan.org/audio
Susa
www.susa-literatura.com

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner