1997ko abuztuak 17, Igandea | bestelakoak |

Gates-en haginkada Jobs-en sagarrari

Appleren salbazioa ala Microsoften monopolioa. Zer dago azken tratuaren atzean?

Abuztuaren 6an izan zen, Boston hirian Macworld Expo azoka egiten ari zen, Macintosh ordenagailuen erakuslehioa. Steve Jobsek Apple konputagailuen enpresa aurrera ateratzeko planen berri eman behar zuen eskenatokian eta publikoaren artean irrika itzela zegoen sagarraren enpresa kinka larritik ateratzeko Jobsen planak zeintzuk ziren jakiteko. "Steve Jobs mitikoa berriro gure artean da, berak sortu gintuen eta berak salbatuko gaitu" pentsatuko zuen askok.

Igandeko KZn argitaratua.

Steve Jobsek sortu zuen Apple enpresa duela 21 urte, eta bertatik orain 12 urte egotzi zutenetik aldatz behera joan da, etengabe, kudeaketa ekonomiko txar baten ondorioz. Iaz Gilbert Ameliok enpresaren lehendakaritza hartu zuen, Appleren diru egoera makala osatzeko xedearekin. Enpresen salbatzaile moduan fama ona zuen Ameliok aldaketa gogorrak egin zituen –langileen %30 kaleratuz– baina ezin izan zuen egoera arteztu eta duela hilabete dimisioa aurkeztu zuen, uztailaren 9an. Egun horietan etorkizuna inoiz baino ilunago ikusten ari ziren Apple-en. Orduan, Jobs-i deitzea erabaki zuten.

Bere etxeko garajean Apple sortu zuen Jobsek, Stephen Wozniakekin batera. Urtebete geroago, munduko lehendabiziko konputagailu pertsonala aurkeztu zuten, Apple II izenekoa. Izugarri aberastu ziren horrekin, baita 1984an lehenengo Macintosh sistemako konputagailua aurkeztu ondoren. Lehenengo kudeaketa krisiarekin batera alde egin zuen Jobsek Appletik 1985ean, Next enpresa sortzeko. Macintosh konputagailuen erabiltzaileentzat Jobs Apple ezerezetik sortu zuen mitoa izan da geroztik eta askok berarengan azken esperantza ikusi zuten. Jobsen izendapena jakin bezain laster izugarri igo ziren Apple-ren akzioak burtsan uztailaren 31an. Aldaketak barik apurketa erradikala espero zen Jobsengandik eta berak ez zuen huts egin. Gutxik espero zuten maniobra eginez hasi da ordea Jobsen iraultza.

Etsaia menperatu ezin baduzu...
Jende aurrean Microsoft arerioarekin sinatutako hitzarmenaren berri eman zuenean Maczale askok ezin zuen sinetsi. Galiarreen azken herrixka erromatarren esku jartzea zen hura. Inperioaren aurka borrokatzeko berreskuratutako Luke Skywalker heroiak Darth Wader berari eskua luzatzen zion. "Saldu egin gaitu! Kanpora!" izan ziren hasierako oihuak. Pantailatzarran munduko gizonik aberatsenaren aurpegia zuzenean ikustean ordea txaloak agertu ziren. Oso erreakzio esanguratsua izan zen hura. Alde batetik Macintosh zaleak Microsoften etsai amorratuak dira. Mac OS sistema Windows baino askoz hobeagoa dela pentsatzen dutelako eta Gates-en jarrerari monopolista deritzotelako. Izan ere, Microsoftekin elkartuz, lagun zituen beste software enpresak bakarrik utzi ditu Applek barrikadaren beste aldean. Bizirik irauteko azken aukera zuen ordea aurkariarekin bat egitea eta badirudi onik aterako dela oraingoan.

Akordioaren ondorioz 150 miloi dolar inbertitu ditu Microsoftek Appleren akzioak erosiz. Gainera, Macintosh sistemaren hurrengo bertsioekin Microsoften programak etorriko dira, software egile independienteen (Netscape, Sun) kalterako.

Negoziazio hauek inoiz egin diren azkarrenetarikoak izan dira, egunetako kontua izan baita Jobs kontratatu zutenetik Gatesekin akordioa itxi den arte. Horren adibide izan da Jobsek aste honetan eginiko aitormena, zalantzak bultzatuta 1,5 milioi saldu zuela ekaina amaieran Apple-ren akziotan. "Konfidantza erabat galduta neukan, zuzendaritzak enpresa hondamendira baitzeraman" esan zuen Jobsek Time aldizkarian. Microsoftekiko akordioa bestalde Jobsek Bostonen agerraldia egin baino ordu batzuk lehenago itxi zen.

Birmoldaketa plana
Baina Microsoftekin elkartzea Jobsen planaren zati bat besterik ez da. Are garrantzitsuagoa izan daiteke Apple-ko zuzendaritzan egindako "garbiketa". Lehengo zuzendaritza karguetatik bi bakarrik geratuko dira talde berrian. Goi kargu berri guztiek sekulako ospea dute informatika enpresa handien eta gestioaren arloan. Langileekiko zenbait neurri ere iragarri ditu Jobsek. Aro sabatikoen planak kendu ditu, langileentzako sariak dirutan eman beharrean enpresaren akziotan emango ditu. Langileentzat eskaintza bereziak egingo ditu, akzioak eros ditzaten. Appleren lan arlorik tradizionalenetan ahalegin berezia egingo du enpresa tinkotzeko, edizioan, multimedian eta hezkuntzan.

Bestalde, Macintosh sistema eragilearekin jarraituko du Applek, Rhapsody izeneko sistema berri baterako proiektua alboratuz. "Appleren ezaugarria da Macintosh sistema, gure estrategia Mac OS zabaltzean eta babestean oinarritu behar da", esan zuen Jobsek Newsweek-en. Hardware Erreferentzia Komuneko Plataforma (CHRP) berririk ez momentuz. Beste berri kezkagarri bat lizentziak gelditzea izan daiteke. Apple-k hainbat enpresari bere sistema eragilearen lizentzia emanda, badira Apple ez diren Macintosh "Klonikoak". Power Computing, Motorola, UMAX eta APS izango dira kaltetuak Applek lizentziak gelditzen baditu. Microsoft-i ordea interesatzen zaio Windowsen alternatiba den Macintosh standard-a beste enpresetara ez zabaltzea, ez haztea eta ez merketzea.

Txikien kalterako
Software enpresa txikiek Microsoften aurkako fronte bat osatzen dute, Sun eta Netscape dira garrantzitsuenak. Java izeneko programazio lengoaia dute borrokarako tresna, edozein plataformarako balio duen lengoaia, baina ezer gutxi egingo dute Microsoftek bere Java berezia garatzen badu. Gatesek ongi esan zuenez, "Apple + Microsoft = PCen merkatuaren %100". Beraz, egiten duten edozein gauza standard bihurtuko da automatikoki, enpresa txikien kalterako.

Microsoften interesa da Apple bizirik -baina ez indartsu- irautea. Apple desagertuz gero, Microsoft bakarrik geratuko litzateke konputagailu pertsonalen merkatuan eta EEBBetan monopolioak debekatuta daude. Bestalde, Applek Microsoften kontrako hainbat salaketa zituen, Windows 95-en eduki batzuek Apple-ren patenteak bortxatzen zituztelako. Akordio honen bidez kontu horiek ahaztu eta batak bestearen patenteak erabili ahal izango ditu. Gainera, Apple-ren akzioen igoerarekin Microsoft-ek jada 70 milioi dolar irabazi ditu inbertitutako 150 miloietatik. Ez dago gaizki astebete duen inbertsioa izateko. Azken finean Apple mantentzea ez da horrenbesteko kostua, batez ere iaz 9.100 miloi dolar irabazi zituen Microsoft erraldoiarentzat.


Gates Vs. Jobs

Bien arteko antzekotasunak handiak badira ere, nortasun ezberdinak dituzte PCen bi guru hauek. Biak dira euren enpresen pertsonifikazioa, eta euren biografia nortasunaren ispilu izan dute.

Biak 1955ean jaio ziren, biak mundu osoaren pentsatzeko eta lan egiteko modua aldarazi duten informatikaren genioak dira. Biek Californiako kostaldeko estiloa dute, janzkera informala eta itxura gaztea.

Baina Gates Seattleko familia oneko mutikoa da, ume zintzoaren aurpegia betaurrekoen atzean. Jobs aldiz mekaniko batek hartutako umezurtza da, aitaren garajean bere inperioa abiarazi eta Indiara joan zen erromes hippy-a. Hala ere, 80ko urteen hasiera aldean elkarrekin ibiltzen ziren informatikaren gaineko hainbat azoka eta topaketatan.

Izan ere, hain ideia ona iruditu zitzaion Gates-i Macintoshen sistema operatiboa ezen IBM egiturako ordenagailuentzat egokitzea bururatu zitzaion. Kopia nahiko txarra zen arren, arrakasta komertzial izugarria izan zuen Gatesen Windows-ak, Apple atzean gelditzen zen bitartean. Gatesek soilik programak ekoiztea aukeratu zuen, jada esistitzen ziren PCetarako, Jobsen sisteman programak ezezik konputagailuak ere saldu behar ziren bitartean. Tentsioen garaia etorri zen orduan, Jobsek Gates plagioagatik salatu zuenean. "Ez dauka ez gusturik ez ideia originalik, bere produktuek ez dute kulturarik", esan zuen Jobsek iaz telebistan. Abuztuaren 6an ordea "bere softwarea gustoko dut" adierazi zuen.


Mac-en garrantzia

Orotara konputagailuen %6 besterik ez diren arren, izugarrizko garrantzia dute Macintosh konputagailuek. Hainbat arrazoi daude horretarako.

Garestiagoak izan arren, potenteagoak dira Mac-ak. Azken belaunaldiko PCen Pentiumak baino bi bider azkarragoa da Power Macintosh berri bat. Edizio eta diseinu grafikoan konputagailu gehienak Macintosh dira. Prentsaren %97 Macintoshak erabiliz egiten da –irakurtzen ari zaren hau esaterako–. Interneterako webguneen %60 Mac-ak erabiliz egiten da. EEBBetan hezkuntzan erabiltzen diren ordenagailuen %66 Apple-k eginikoak dira.

Adituen iritziz oraindik Windows sistema baino askoz hobeagoa da Mac-a. Intuitiboa da, erabiltzeko erreza eta arazo gutxiago izaten du softwarearekin. Mac-en betiko arazoa prezio altuak eta konpatibilitate falta izan dira, baina horrek elite bateko gutxiengoa sentitu arazi ditu maczaleak, euren arteko konplizitate bat sortuz. Informatikaz ezer gutxi jakinda ordenagailuari atarramendua ateratzen dio Mac-ari erabiltzaileak, erosoago lan egiten du berari ulertzen dion eta berak ulertzen duen lan tresnarekin.

Ezaugarri guzti hauek erabiltzaile fidelak sortu dituzte. Windows-ekin ibili ostean Mac bat probatzen duena betirako maczale (edo mac-eroa) bihurtzen dela esan ohi da. Batzuentzat bizitza estiloa, besteentzat militantzia amorratua bihurtu da Maczaleak izatea, bereziki Microsoft inperioaren aurrean azken partisanoak bezala sentitzen zirelako. Aurrerantzean sentimendu hori ere aldatuko da.

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner