1997ko abuztuak 24, Igandea | Nabigatzen |

Elkarrizketa: Unai Gerra, Anaia Handia guri begira

Eztabaida: Internet librea ala kontrolatua?

Askatasunaren paradigmatzat aurkezten zaigu internet. Inork kontrolatzen ez duen sare honetan bakoitzak nahi duena jar dezake eta era berean besteek jarritakoa ikusi. Utopia anarkistaren errealizazioa dirudien sare horizontala dirudi, inork ezin digu nahi dugun gunera jotzea oztopatu. Inork ez du kontrolatzen internet. Inork ez? Botereak ez ditu atsegin bere kontroletik at egon daitezkeen guneak; legeen bidez internet arautzeko agertu diren asmoek argi adierazten dutenez. Baina ez ote da ariko jada, izkutuan, internauton ibilbideak jagoten? Kezka horrek bultzatu du Unai Guerra Donostiarra arlo hori ikertzera eta lan horren emaitza da "Internet como medio de control social" izeneko txostena.

-Nola sortu zitzaizun gai honekiko kezka?
Bada, Deustuko Unibertsitatean kontrakulturari buruzko jardunaldiak zirela eta, Javier Etxeberria Telepolis liburuaren egileak eman zuen hitzaldi batera joan nintzen. Telematikaren ondorioen gainean berak esandakoak kezkatuta hasi nintzen han hemenka datuak biltzen.

-Telematika askotan askatasunaren utopia demokratiko moduan aurkezten zaigu, besteetan botereak kontrolaturiko tranpa bezala. Bietarik zein da zure iritziz?
Nire ustez gauza biak ditu. Alde batetik egundoko aurrerapena da komunikatzeko eta informazioa trukatzeko. Baina bestetik aukera ematen dio botereari herritarrak kontrolatzeko, eta boterea aukera horretaz baliatuko da, dudarik gabe. Ez da ahaztu behar internet militarren asmakizuna dela.

-Nola egin daiteke?
Nabigatzen ari garela, gure mugimendu guztien datuak bildu daitezke eta horren ondorioz gure profil psikologiko perfektua egin dezake ordenagailu batek. EEBBetan badira hori egiten duten enpresak, ondoren, helburu komertzialekin datuok beste enpresei saltzeko. Gizartea kontrolatzeko helburuarekin ere erabili daitezke datu horiek. Bestalde, zentsura dago, kalean bezala.

-Ez al da jarrera paranoiko samarra?
Paranoian jausteko arriskua badago. Horregatik segurtasun faltaz ohartuta baina beldur gehiegirik gabe erabili behar ditugu sare telematikoak. Zaila da jakitea benetan kontrol hori nola eta zein neurritan dagoen. Kalean kontrol soziala igarri daiteke, teknologiaren bidezko kontrola aldiz ez. Arlo honetan adibideak badaude eta ez dira internetera mugatzen. Poliziaren konputagailu handiak, Bankuenak, Osakidetzarenak, Ogasunarenak eta beste konputagailu eta sare asko daude.

Nolakoa da zuk egindako txostena?
Unibertsitatean, klasean aurkezteko lan moduan egin nuen hasieran eta ez da oso luzea. Argitaratzeko aukera planteatu zidaten baina oraingoz nahiago dut gerorako uztea eta gaian sakontzea. Hala ere, txostenaren laburpen bat badaukat lagun baten gunean. Erderaz dago baina euskaratzeko asmoa badut.

Txostenaren laburpena
http://www.arrakis.es/~sumendi/koldo/homepage.htm


LABURRAK


Datu pertsonalen babesa
Interneten ezezik, bestelako sare telematikoetan eta konputagailu handietan dauden datu pertsonalak nork eta zertarako erabil ditzakeen ez dago jakiterik askotan. Legearen arabera, ordea, herritarrak datu horiek zeintzuk diren eta non dauden jakiteko eskubidea du. Espainiako Datuen Babeserako Agentzia jendea informatikaren gehiegikeriengandik babesteko sortutako erakunde publikoa da. Bere helbide elektronikoan herritarrok arlo horretan ditugun eskubideen berri ematen du.

Datuen Babeserako Agentzia
http://www2.rediris.es/apd/

EHJrekin elkartasuna
IGC zerbitzariak Euskal Herria Journal ixtera behartu zuten erasoen aurkako agiri eta adierazpen gehiago sortu dira egunotan. Institute for Global Communicationsen alde azaldu da GILC, Global Internet Liberty Campaign. Adierazpen askatasunaren aldeko ekimen honek hainbat erakunde biltzen ditu nazioarte mailan. GILCen agiriak hainbat zerbitzari eta komunikabide salatzen ditu, tartean "gutxienez Espainiako egunkari bat", erasoen berri emateaz gain irakurleei IGCren aurkako sabotai mezuak bidaltzeko dei egiteagatik. Bestalde, IPANEX erakundeak bere salaketa agiria zabaldu ezezik Euskal Herrian bakea lortzeko forum elektroniko bat sortzea proposatu du.

Global Internet Liberty Campaign
http://www.gilc.org/gilc/index.html

IPANEXen agiria gaztelaniaz
http://www.apc.org/spanish/ipanexsp.html

EGIren webgunea
Eusko Gaztedi erakundeak bere webgunea zabaldu du. Bertan, EGIren historia, oinarri ideologikoak eta hainbat gairen aurrekiko jarrerak azaltzen dute EAJko gazteek. Hasierako orrialdeak hainbat aukera eskaintzen ditu: EGIren Udako Unibertsitatearen egitaraua, erakundearen azken agiriak eta Herrien Askapenaren Asteari buruzko informazioa. Hala ere, badira oraingoz ez dabiltzan beste atal bi, Margarita Uria parlamentariari galderak egiteko aukera eta chat egitekoa esaterako.

Eusko Gaztedi
http://www.egi.es/

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner