2002ko abenduak 5, Osteguna | Irristatzen |

Euskararen egunean

Asteartean irakurri nuen albistea sustatu.com albistegian. Euskararen Nazioarteko Eguna zela eta, Vilaweb atari katalanak egindako erreportaia aipatzen zuen Aitor Lopez de Aberasturik. Horrela izan nuen ospakizun horren berri.

Badakizue, egutegiak ez dituela nahikoa egun eta euskararena beste nazioarteko egun batekin egokitu zaigu, ezinduen egunarekin. Pentsatu nahi dut kasualitatea izan dela egun biak egutegian elkartzea baina tira, txantxak aparte, bada gure hizkuntza ezinduekin parekatzeko nahikoa motibo.

Egun horretan Vilaweb-ek hizkuntza aldatu eta euskarazko albisteak sartu zituen hasierako orrialdean. Albiste nagusien sarrerak euskaraz jartzea izan zen katalanezko atariaren omenaldia euskarari.

Bertan, beste albiste bat, hau katalanez: Nafarroako Gobernuak informazioaren gizartearen behatokia sortuko duela. Bere webgune erdaldunean informazio gehiago aurkituko dugu behatoki horren gainean. Estatistika adierazleak bilduko dituzte gizartean, enpresetan, etxeetan, osasungintzan, hezkuntzan, administrazio publikoan eta beste arlo batzuetan Interneten egoera Nafarroan zein den jakiteko. Egoera hobetzeko ekimenen jarraipena ere egingo du behatoki horrek.

Nafarroa eremu digitalean atzean gelditzea ekiditzeko ardurak bultzatu du gobernua behatoki hau antolatzera. Euskararen egoeragatik, ordea, ez dirudi batere arduratuta dagoenik, ez behatokirik, ezta euskarazko informaziorik ere. Berriki diseinua aldatu du eta atal berriak zabaldu ditu Nafarroako Gobernuak. Diseinu aldaketaz gain, hainbat administrazio izapide egiteko aukera gehitu du, lingua navarrorum-en arrastorik ez, hala ere.

Vilaweb aipatu ostean Vieiros galiziarra aipatu behar. Atari galiziarra Prestige petroliuntziak eragindako hondamendiaren gaineko informaziogune nagusia bihurtu zaigu sarean, galizieraz, noski. Atalka sailkatuta daude informazioak: istripua, untzia, ekologian eragindako kaltea, erantzuna, marea beltzak, ondorio politikoak, ekonomikoak, legedia... Informazio erabilgarriak, irudiak eta eztabaida foroa ere aurkituko ditugu bertan.

Gurera bueltatuta, Durangoko azoka dela eta, espero dezagun aurtengoan benetan azokak Interneti eta teknologia berriei behar bezalako arreta eskaintzea, sarera konektatutako ordenagailu batzuk ipintzeaz harago. Sarean duen webgunean, diseinu zaharra gora behera, albisteak eta aurtengo azokari buruzko informazio dexente dago.

Eta gurean jarraituz, Buber Sariak banatuko diren eguna gero eta hurbilago dago. Hilaren 11n banatuko dira urteko euskal webgunerik onenak nabarmentzen dituzten sariak, @Euskadi buletinak antolatuta. Bilboko Euskalduna jauregian izango da hori, Bizkaiko Foru Aldundiak antolatu duen Datorrena 03 ekitaldian.

www.cfnavarra.es/ObservatorioSi
www.vilaweb.com
www.vieiros.com
www.durangokoazoka.com
www.cybereuskadi.com
www.datorrena.net

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner