2002ko azaroak 28, Osteguna | Irristatzen |

Ez erosteko eguna

Buy nothing day izango da bihar

Interneteko ekintzaileen urteroko hitzordua bihurtu da kontsumismoaren aurkako egun hau. Aurtengo Buy nothing day bihar izango da: egun batez ezer ez erostea kontsumismoaren aurkako protesta ekintza bihurtu da.

Gabonak ate joka ditugun honetan, gaur Thanksgiving Day edo Eskerrak Emateko Eguna dute AEBetan. Bada, kontsumismoaren uholdea gorian dagoela antolatu dute antierosketa egun bitxi hau Adbusters antipublizitate agentziakoek. Publizitatearen iruzurrak salatzeko kanpainiak egitea gustoko duten publizista-ekintzaile hauek 1995tik bultzatzen dute urtero egun hau beste hainbat talderekin batera: kontsumitzaile elkarteak, ekologistak, globalizazioaren aurkakoak eta beste.

Aurtengoa inoizko handiena izango dela dirudi, 65 herrialdetako milioi bat lagunek deialdia jarraituko dutela espero baitute antolatzaileek. Manifestazioak, propaganda banaketa eta kale antzerkia ezezik, izango da kreditu txartelak jendaurrean suntsitzeko ekimenik. Erosketa poliziaz mozorrotutakoek isunak jarriko dizkiete erosketez kargatuegi doazenei. Erosleei kontsumismoan jausteagatik agirika egingo diete horrela: «Jendeak atsegin du erostean ekonomia bultzatzen dela pentsatzea, baina batzuek ez dute pentsatu planeta hiltzen ari garela jokabide horrekin», dio Adbusters-eko Kalle Lasn-ek.

Duela 11 urte egiten da protesta egun hau, gero eta oihartzun handiagoarekin. Batez ere 1995etik, urte hartan Adbusters-ek hartu baizuen berau bultzatzeko ardura. Euren webgunetik pegatinak, kartelak, irrati iragarkiak, eskupaperak eta beste elementu batzuk jaitsi gaitezke edonon kopiatzeko eta banatzeko. Baina hartzailego arruntarengana heltzeko sarea ez ei da nahikoa eta telebistan agertu nahi dute: CNNn 30 segunduko iragarkia egiteko 10.000 dolar bildu dituzte baina orain arte ez diete iragartzen utzi «korporazio handien aurka goazela diotelako», Lasn-ek adierazi duenez. Iragarkia adbusters.org webgunean dago jaisteko eta ikusteko moduan.

Seattleko protesten karietara egin zen ezagunagoa ekimen hau mundu mailako mugimendu honekin lotuta geratu da orduz geroztik. Hala ere, ezberdintasunak nabarmentzen dituzte AEB eta Europaren artean. Hemen harrera hobea dute ekintzaileek urtero, baina Lasnek aurten jarrera aldaketa igarri du amerikarren artean. «Irailaren 11ren ostean jende askok bere bizi estiloa zalantzan jartzen» hasi delako, Lasnen iritziz. «Eraso haren oinarrizko arrazoietako bat aberatsen eta pobreen artean dagoen ezberdintasun itzela da. Munduko biztanleen %20k baliabideen %86 kontsumitzen baitu», zehazten du berak. Izan ere, Adbusters-ekoek euren iragarkietan nabarmentzen dute ezberdintasun hau kontsumismoaren maltzurkeriaz ohartarazteko.

www.adbusters.org/campaigns/bnd


Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner