1999ko uztailak 4, Igandea | Nabigatzen |

Itzulpenen negozio arrakastatsua

Cybertranslations, itzulpenak sarean

Interneti esker mundu osoa hartzen duen merkatuan dago Cybertranslations Bilboko enpresa. Egoitza berton izan arren, bezeroak nondinahitik sortzen zaizkio Eugenio Garcia-Salmonesen enpresa birtualari, sarerako aproposa den antolaketa baitu Cybertranslations itzulpen zerbitzuak.

Lehendik ere itzultzailea zen Eugenio, errusiera eta gaztelania menperatzen ditu eta, tarteka, lan batzuk egiten zituen. Baina benetako negozioa webgunea ipinitakoan abian jarri zuen. Berak dioenez, 1995-96 aldean Internet ezagutu eta «momentuan liluratuta» gelditu zen. «Beste askori bezala, orduan zabaldu zitzaidan aukera handiaz jabetu nintzen».

Hala, sarearen bidezko itzulpen zerbitzu bat antolatzea otu zitzaion Eugeniori. Interneten bidez mundu osoko bezeroak hartzeaz gain, berak ere barne antolaketa telematikoa izango zuen itzulpen zerbitzua diseinatu zuen. Hasiera batean webgune bat ipini zuen errusieraren eta gaztelaniaren arteko itzulpenak eskainiz, «baina beste hizkuntza batzuk eskatzen hasi zitzaidan jendea», gogoratzen du Eugeniok. Ideiaren arrakasta ikusita, aukera zabaltzera bideratu zuen bere ahalegina. Egun, Cybertranslations enpresak kolaboratzaileak ditu, telelangileak, eta 17 hizkuntza aukeratzeko.

Eugeniok azpimarratu nahi du langile gehienak Euskal Herrikoak direla: «Hizkuntza nagusi edo ohikoen itzultzaileak denak dira hemengoak, baina hizkuntza asko eskaintzen ditugunez, turkiera, greziera edo suomiera itzultzeko kanpoko jendeari agintzen diegu. Hoba ez, dena e-postaz egiten dugu: eurek itzulpenak bidaltzen dizkigute eta hemendik lana koordinatzen dugu». Itzultzaileak free lance-ak dira, euren etxeetatik lana bidaltzen dute eta horrela enpresak diru asko aurrezten du azpiegituran.

Telelangileak ordaintzea eta bezeroei lanengatik kobratzea dira Eugeniok Bilbon dituen eginkizunetariko bi. Interneten bidezko ordainketa sistemetan aditua da Eugenio eta bezeroek kreditu txartelen bidez ordaintzeko sistema ezarri du webgunean. Horrela eurek ere etxetik mugitu gabe lanak agindu, jaso eta ordaintzen dituzte, telematikoki.

Cybertranslations-en webgunean zerbitzuengatiko tarifak, hizkuntzaren eta testu motaren araberak, aurki daitezke. Webguneen itzulpenak gero eta gehiago egiten dituzte, baina baita agiri ofizialak, kontratuak, aparailuen instrukzioak eta bestelakoak. «Esaterako, berriki, Donostiako Turismo Ekintzetxearen webgunea euskaratu genuen eta oso handia zen, 90 orrialde baino gehiagokoa», dio Eugeniok. Negozioaren bolumenari dagokionez, Garcia-Salmonesen arabera emendatuz doa fakturazioa: «Lehendabiziko urtean gastuak estali eta 1.000 dolar irabazi genituen. Iaz, zortzi aldiz gehiago fakturatu genuen eta aurten ez horrenbeste baina hazkundeak segitzen du».

Interneterako zerbitzuen eta merkataritza elektronikoaren etorkizunaz galdetuta, gurean instituzioen, unibertsitateen, enpresarien eta bankuen bultzakada falta dela iritzi dio Eugeniok: «EEBBen atzetik gabiltza, oso atzeratuta, baina merkataritza elektronikoaren etorrera geldiezina da hemen ere». Honetara bidera daitezkeen arloengatik galdetuta berriz, arlo asko egoki daitezkeela uste du berak, «abokatuetatik pizzerietara, edozein zerbitzu edo produktu sal daiteke sarean. Duela gutxi loreak bidaltzeko zerbitzu errusiar bat erabili nuen, Interneten bidez, Kaukasoko herri baterako. Oso merke eta primeran bete zuten agindua».

LABURRAK


Zibernegozioak Sanferminetan
Emaitza onak dituen beste zibernegozio bat Kukuxumusu enpresak sarean ipinitako San Fermin webgunea da. Egunotan Iruñera joateko ustea badugu, badakigu nora jo aholku bila. Webgunean, bertara joateko, handik mugitzeko, lo egiteko eta beste hainbat gauza egiteko argibideak emango dizkigute. Kukuxumusuk euskaraz idatzitako kamiseta bitxiak, diseinu eta kolore askotakoak, saltzen ditu online eta offline ere, bere dendaz gainera banatzaile sare handia baitauka. Bertako Edurne Arrizibitak adierazi digunez, oso gutxi dira Interneten bidez saldu dituzten kamisetak, «baina salmenta aunitz egiten ez bada ere, orain arte sumatu duguna, bi orri horien bitartez gure izena eta produktuak ezagutzera ematen ditugula da». Mezu askotan jendeak elkarlanerako proposamenak helarazten dizkiela eta, Kukuxumusukoek argi dute «gerora begira internet oso lagungarri eginen zaigula gure hedakuntza modu egokian bideratzeko».

Honekin lotuta, aipatu behar da sarean egunotan agertu den beste webgune bat. Pandora enpresaren eskutik Sanferminetako entzerrua ikusgai egongo da goizero bederatzietatik aurrera. Horretarako, irudi zerbitzuetan eta diseinuan aditua den Iruñeko enpresa honek goizero irudiak grabatu eta sei zatitan ipiniko ditu sarean, bakoitzan ibilbideko zati bat. Hauetako bakoitza oso handia izango da, MOV formatuan grabatuta baitaude, horregatik konexio azkarra gomendatzen da artxibook jaisteko.

http://www.sanfermin.com
http://www.encierro.com/

Ocalan eta Kurdoak sarean
PKKko agintari Apo Ocalan-i heriotza zigorra ezarriz geroz aktibatu da Kurdoen presentzia sarean. Kurdoen guneak ezezik, euren aldeko elkartasun webguneak nonahi ageri dira sarean. Kontutan hartu behar da Kurdo askorentzat Internet dela euren territorio libre bakarra, beraien lurraldean ez baitira ezagutuak. Horregatik, PKKren gunean alderdi honek informazioa hedatzen du, kurdoeraz idatzita, baina ingelesezko gune batekin lotuta. Izan ere, kanpora begira berriak eta informazioa ingelesez hedatzea onena dutela jabetuta, hori egiten dute EEBBetako kurdoek euren webgunean, kurdoen gaineko berri taldean bezalaxe. Turkiari dagokionez, badago kurdoekin elkartasuna adierazi duen oposizioko webgune turkiar bat, Ozgurluk. Bertan, Turkiaren eta Kurdistanen gaineko informazioa dago, preso politikoen gaineko informazioa eta Ankarako erregimenak itxitako Kurtulus aldizkariari buruzkoa, besteak beste.

PKK
http://www.pkk.org/
http://www.asrinhukuk.com/english
American Kurdish Information Network Homepage
http://www.kurdistan.org
Kurdish Struggle
http://www.kurdstruggle.org/
Berri taldeetan
soc.culture.kurdish
Ozgurluk
http://www.ozgurluk.org/
Estatuko Elkartasun Koordinadora
http://www.nodo50.org/labarored/Coordinadora.Kurdistan/

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner