1999ko uztailak 8, Osteguna | Irristatzen |

EuskaraZ zerrenda

e-postaren bidezko foro telematiko euskalduna

Berpiztuta ageri zaigu egunotan EuskaraZ izeneko posta zerrenda elektronikoa. Euskaraz eta euskararen gainean jarduteko sortu zen zerrenda hau 1996an eta erabateko aldaketa izan berri du esku hartze kopuruari eta mezuen kopuruari dagokionez.

Posta zerrendak gai jakin baten gaineko jakinmina duten internauten helbideak biltzen dituen sistema bat da, datu basea normalki. Mezu bat zerrendara bidalita, bertan izena eman dutenengana iritsiko da mezua, zerrenda kudeatzen duen zerbitzariko ordenagailuak automatikoki berbidalketa egiten baitu. Ziberespazioan badira milaka e-posta zerrenda, milioika agian, baina bakan batzuk baino ez dira euskaraz. Besteak beste Eibartarrak zerrenda eta EIZIE erakundearen ItzuL zerrenda. Baina EuskaraZ 240 harpidedun baino gehiago izan arren, ez da hori oraintsu arte mezuen trafikoan nabaritu.

Zerrendaren eskualdatzearekin badirudi momentuz berpizkundea izan duela zerrendak. Lehen EKBk kudeatzen zuen eta orain, erakunde hura desagertzean Udako Euskal Unibertsitatearen eskuetara igaro da EuskaraZ. Lehen Iruņeko Eusnet zerbitzariaren esku zegoen alderdi teknikoa, mezuak berbidaltzea, eGroups izeneko doako zerbitzu komertzialaren ardura izango da aurrerantzean.

Berpizkunde honen arrazoia zerrendaren eskualdatzean egon liteke, bai eta zerrendan luzatu diren proposamen batzuetan, besteak beste, nork bere burua aurkeztearena alegia. Euskararen gainean baino, gaien eremua zabalduta euskaraz aritzeko zerrenda bihurtzea proposatu dute hainbat zerrendakidek eta ekainaren 17tik uztailaren 6ra, 60 mezu baino gehiago zabaldu dira EuskaraZ-en bidez.

Helbide interesgarriak:
Hemen dituzu egun diren euskal zerrendak, nahi izanez gero bertan izena emateko.

Eibartarrak
http://surf.to/eibar
EuskaraZ zerrenda
http://www.ueu.org/euskaraz.htm
ItzuL zerrenda
http://www.eizie.org/euskara/tresnak/itzul.htm

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner