1999ko apirilak 10, Larunbata | bestelakoak |

Merkataritza elektronikoa (I)

Azoka birtualeko dendariak

Erakusleihoa gure ordenagailuko pantaila dute, kokatuta dauden herria herrixka global eta birtuala da. Mundu osoa estaltzen duen merkatuan dira baina fisikoki inon ere ez. Denda hauen helbideak mapetan agertzen ez diren www.herrialdea.com/herria/kalea/zenbakia.htm gisakoak dira gutxi gora behera. Denda birtualak dira, Interneti esker agertu edo esparrua zabaldu duten merkatariak.

Interneten agerpenak izugarrizko aldaketa ekarri du merkataritza ulertzeko moduan. Ez da denbora asko erosketak etxetik pantaila baten bidez egitea filmetako fantasia bat besterik ez zela. Egun, jada edozein gauza eros daiteke sarearen bidez: erlojuetatik tipuletaraino. Momentuz gauza batzuk besteak baino hobeto edo egokiago saltzen dira Interneten baina gaia edozein dela ere, sekretua salmenta sarera egokitzeko moduan datza.

Mundu zabaleko sareak informazioa hedatzeko duen baliagarritasuna laster ulertu dute merkatari eta enpresari ausartek. Hobeto esan, sarearen ahalmenez jabetu diren internauta gazte eta ekimentsuak merkatari eta enpresari aberatsak bihurtu dira. Ohiko enpresarien etorrera beranduago izan da. Horren adibide da EEBBetako Amazon (www.amazon.com) eta Barnes and Nobleren (www.barnesandnoble) arteko gatazka. Liburu saltzaile erraldoiak etsai handia aurkitu du sarean, ezerezetik sortutako Amazon lehiakidea.

Sarean musika saltzen da CD Now (www.cdnow) gunean. Agian kale kantoiko dendan merkeago aurkituko dugu Gozategiren azken diskoa, dolaretan ordaindu eta EEBBetatik ekartzea garestiago aterako zaigu ziurrenik. Baina bila gabiltzan talde arraro hori errezago aurkituko dugu 2 milioi tituludun online katalogoan.

Enkanteak online aurkituko ditugu Ubid-en (www.ubid.com). Esaterako, zazpi dolarretik hasita, irabiagailu bategatik lehiatu beharko dugu konektaturik dauden beste erosleekin. Enkantera denetarik ateratzen da: ordenagailuak, autoak, elektratresnak... Edozein gauza enkantean eta merkatu birtualaren salerosketan, bidaiak kasu. Antzeko prezioak topa ditzakegu aire tarifetan sarean eta bidaia agentzia batean, azken finean datu base berdinak erabiltzen dituzte. Baina eskuragarriago daude publikoarentzat sarearen bidez. Gainera, webgune batzuetan bete gabeko hegaldien enkanteak egoten dira astero. Baina enkanteetan Ebay etxea (www.ebay.com) da famatuena. Bere estatistikek diotenez, 1.778.676 gauza ezberdin dituzte salgai, 1.096 kategoriatan banaturik. Haren bidez, nork bere artikuluak sal ditzake, besteenak erosi edo eta enkantean aritu.

Bitartekariak kendu

Internet kultura berri bat ari da sortzen, erosotasunaren eta azkartasunaren ekonomia. Zer erosi behar duen argi duenak zuzenean egileari erostea du artezena. Ordenagailuak milioika saltzen dira jada sarearen bidez. Dell (www.dell.com) konputagailu etxeak bere salmenta gehienak sarearen bidez egiten ditu eta margen handiagoa du eskaintzak egiteko. Enpresen arteko tratu zuzena ere errazten du sareak, esaterako Boeing-ek zuzeneak Dell-i erosten dizkio ordenagailu sorta handiak. Noski, programa informatikoak, software-a, egiten duten enpresa guztiak ere sarearen bidez asko saltzen dute.

Sarearen doaiak berandu xamar aurkitu zituen Bill Gatesek aurkitu berri du fenomeno honi dagokion definizioa: frictionless capitalism, frikziorik gabeko kapitalismoa. Horren erakusgarri dira sarera igaro diren bankuak, tartean euskal banku eta aurrezki kutxa gehienak. Bulegoen eta langileen kostuak kenduta, erabileragatiko komisioak murriztu ditzakete, bezeroak zuzenean bankuko ordenagailuarekin izaten baitu harremana. Honela Openbank (www.openbank.es) bezalako erakundeak sortu dira, bulegorik ez duten bankuak.

Salmentei dagokienez, ingelesez disintermediation hitza erabiltzen da fenomeno hau deskribatzeko. Bitartekariak diren etxez etxeko saltzaileak, dendari txiki zein handiak eta banatzaileak kenduta, kostuak murrizten dira bi muturren onerako: produktugile eta erosleen onerako. Horren aurrean merkatariak alternatiba bakarra du bera ere zuzeneko saltzaile bihurtzea, baina agian bestea alboratu gabe, zeren eta, nork nahi du aditu baten aholkurik gabe, hegaldi baterako txartelak zuzenean erosi?

Testuinguru berri honetan biziraungo dute euren negozioa egoera berrira egokitzen jakingo dutenek. Arlo bietan, kalean eta sarean, bakoitzari moldatuko den eskaintza egokitzen dutenek aurrera egingo dute. Berriki Informatica Vasca (www.ivasca.com) aldizkariari gaian aditua den Angel Casadok adierazi dionez, gai honetan “arlo egokia aurkitzen dutenek aurrera egingo dute”. Espezializazioa eta gaia kontrolatzea dira beraz, arrakastaren gakoak: “Badira Espainian adibide batzuk, artesania, kutunak edo mendirako materiala saltzen ari diren merkatariak. Garrantzitsuena Interneten salgai den balio erantsia topatzea da eta gero sarean sartzen lagunduko dizun lankide teknologiko egokia aurkitzea”. ez da beharrezkoa negozio handia izatea, merkatari txikiak ere egoki daitezke merkataritza elektronikora. Mentalitate apurtzailea eta aitzindaria izatean dago gakoa.

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner