1999ko apirilak 8, Osteguna | Irristatzen |

Webzineak

Sarea publikatzeko primerako lekua da.

Fanzineroen ametsa Interneten ari da gauzatzen. Esateko, idazteko edo marrazteko zerbait duen edonork jar dezake online e-zine edo webzine bat, horrela deitzen baitira sarean jartzen diren fanzineak. Inprimaketa eta banaketa gastuak kenduta, izugarri erraza da gehiegi mugitu gabe nork bere webzinea sarean eskegitzea.

Fanzinea lagun talde txiki batek eginiko aldizkaria da. Normalean baliabide gutxirekin eginak dira eta bakoitzak gai zehatz bat jorratzen du. Badira musikaren, artearen, gizarte gaien eta umorearen gainekoak. Bada, horietako askok badute beraien web bertsioa eta beste asko soilik Interneten dira.

Paperean, batzuk fotokopietan eginak dira, besteak koloretako couche-an eta CDak dakartzate opari. Sarekoak ere, batzuk landuagoak dira besteak ez horrenbeste. Batzuek diseinuari eta besteek mezuari ematen diote lehentasuna, euren gaiaren arabera.

Fanzine elegantearen web bertsioa da Zona de Obras. Diseinu erakargarria du eta sareari esker aldi berean egiten dute Madrildik eta Argentinatik. Artearen kontra dauden artistek egiten dute P.O. box, Global Drome webzineak ziberkulturaren gainean hausnarketa egiten du eta kontrakultura jorratzen du Contraweb-ek. Soilik Interneten aurkituko dugu Euskal Herriko hainbat marrazkilari ezagunek eginiko Gente Pez webzinea. Doako helbide bat lortuta edozeinek jar dezake bere webzinea nahi duena esateko, Bilbo aldetik Encarnegin ezarri dutenak kasu.

Helbide interesgarriak:

Zona de Obras
http://www.zonadeobras.com
P.O. Box
http://www.abaforum.es/merzmail
Globaldrome
http://www.globaldrome.org
Contraweb
http://diana.cps.unizar.es/coaxial/contraweb
Gente pez
www.gentepez.com
Encarnegin
http://surf.to/encarnegin

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner