1999ko maiatzak 2, Igandea | Nabigatzen |

Infoville, giza komunitate birtuala

Villenako hiri digitala

Iragan astean Interneten bidezko unibertsitatearen aukeraz jardun genuen eta, oraingoan, gizarte telematiko oso baten saiakera aztertuko dugu. Valentziako Villena hirian duela ia hiru urte abiatu zen Infoville proiektua izugarri hazi da eta arrakasta ukan du biztanleen artean. Berriki, hiri digital hau arlo, udalerri eta etxe gehiagotara zabaltzeko asmoa duen Infoville 2 aurkeztu da.

Mediterraneotik haize digitalak datoz aspaldion. Katalunian telematikaren aurrerapenaren erakusgarri Universitat Oberta aitzindaria badugu, Valentzian Infoville proiektua gizarte telematiko oso baten saiakera ari da egiten 1996tik.

Generalitat-ek bultzatuta, sare telematikoak izugarri hazten ari zirela ikusita, saiakera bat egin zuten 32.000 biztanleko Villena hiria hartuta. Milaka etxetan ordenagailuak jarri eta intranet bat osatu zuten. Finantziaziorako laguntza ederrak eman zituzten biztanleek ordenagailuak eros zitzaten eta 1.300 kilometroko zuntz optikoen sare bat zabaldu zuten hirian. Udaletxe birtuala zerbitzu nagusia zen orduko berritasun nagusia. Ohiko eskakizunak, ziurtagiriak eta udaletxe batean egin ohi diren papeleoak egin zitezkeen etxetik mugitu gabe. Denda batzuetan erosketak agintzea, telelana lortzea eta telebanka zerbitzuak erabiltzea izan dira orduandanik erabilienak.

Halabaina, denborarekin, esperientzia hazi da: Infoville inguruko beste herrietara zabaldu da eta bere izenari beste info batzuk gehitu zaizkio, hura osatuz. InfoCole-k ikastetxeak lotzen ditu, hauek teknologia berrietan sar daitezen. InfoMarket-ek enpresa txiki eta ertainetan merkataritza elektronikoa bultzatu du eta InfoSenior-ek, adineko jendea teknologia berrietan sartzea. InfoMed zerbitzuaren bitartez herritarrek zita eskatu edo sendagileak aukera ditzakete. Azkenik, InfoCampus-en bidez, unibertsitateak birtualki biltzen dira eta ikasketa telematikoak egiteko aukerak badira. Gainera, Infovilleko erabiltzaileek Interneterako sarbide azkar bat badute.

Lehengo Infovillen udaletxe birtuala garrantzitsuena zen. Orain, biztanleen hezkuntzari, udal gehiagoren biltzeari eta Valentziako komunitate osoa bilduko duen sarea sortzeari ematen zaio lehentasuna, Infoville ondo atera den seinale. Bitartean, Internet eta telebista biltzen dituen Infoville TV sortzen ari da, baita La Ciudad de las Artes y las Ciencias-en bertsio digital bat. Baina Infoville ez da bakarra eta hiri digital gehiago, Amsterdam kasu, badira Europan zehar. Horregatik esperientzia horiek biltzeko Euroinfoville sortu dute zenbait estaturen artean. Informazioaren gizartea gero eta hurbilago dago.

Infoville
http://www.ovsi.com/infoville


Eztabaida: Euskal ISOC baten beharraz

Euskal ISOC bat?

Duela egun batzuk «Hemen zaudete azkenean euskaldunak ere» esan zion euskal domeinuaren aldeko kanpaina bultzatzen dabilen Igor Aiestaran euskaldunari Katalan batek. Domini .ct per a Catalunya-ko Ricard Vaque hainbeste poztu zen azkenik falta ziren euskaldunak heldu zirelako. «Berandu baina seguru» ezin erantzun, ez baita segurua hainbat arlotan inoiz helduko garenik. Nazio bezala Interneten agertzea horietarik bat da. Azken hilabeteotan euskal internautok hurbil ditugun Katalan eta Galiziarren ondoan ditugun gabeziak aipatu ditugu: Vilaweb edo Vieiros bezalako Euskal portal baten falta; Explorer ez den nabigatzaile euskaldun baten falta, Navegador edo Xis bezala; Sistema eragile libre euskaldunen falta... Gabezia horietan euskal domeinuaren aldeko eskakizuna konpontze bidean da, baina horrekin oso lotuta dagoen beste baten falta somatu dugu: ISOC baten falta.

Internet Society (ISOC) herrialde guztietan ordezkaritzak edo, hobeto esan, tokian tokiko ISOC taldetxoak dituen nazioarteko erakundea da. Estatu ez diren Katalunian eta Galizian baina baita Andaluzian, Aragoen eta Valentzian badira ISOCen ordezkari taldeak. Nazioarte mailan, oso rol garrantzitsua du ISOCek sarearen norabidearen gaineko erabakietan eragiten baitu; baina eremu lokalan ere erabiltzaileen elkarte bezala aritzen dira. Estatuetan diren erabiltzaile elkarteetan bat bera ere Euskal Herrikoa ez dela kontutan izanik, ez al litzateke komenigarria izango halako elkarte bat sortzea? Galdera hor uzten dugu. Galiziarren gunean dioenez, euskal ISOC bat eratze bidean da baina guk ez dugu inon aurkitu horren gaineko informaziorik.

ISOC
http://info.isoc.org/
ISOC Catalunya
http://cat.isoc.org
ISOC Galiza
http://www.empresas-galicia.com/isoc-gali/Welcome.html


Laburrak:

Susa online

Interneteko leihoa ireki berri du Susa argitaletxeak bere argitarapenen berri emateko. Zerbaiten bila bagabiltza, egilea edo liburua aurkitzeko hiru aukera ditugu: egileak, liburu guztien zerrenda eta bildumak. Liburu zehatza aurkitu eta bertan klik egin ostean, hor agertuko zaigu liburuaren irudia eta pasarte bat edo beste. Opari moduan, badira aspaldi ateratako edo argitaratu bako zenbait libururen edizio osoak. Euskara ez den beste hizkuntza zenbaitetan badira poema zatiak eta liburuen pasarte zenbait erakusgarri moduan. Aipatzekoa da RealAudio sistema baliatuz hainbat gauza entzuteko ematen diguten aukera. Bertan aipatzen diren liburuen pasarteak eta olerki zatiak dira, egileen ahotsetan. Halabaina, hauek entzuteko ez da RealPlayer programa erabiltzen, nabigatzaileen bertsio berrietan erabiltzen den Real plugin-a baizik.

Susa Literatura
www.susa-literatura.com/


Consumer aldizkaria online

Eroski taldeak argitaratzen duen Consumer aldizkariaren edizio elektronikoa duela hilabete batzuk zabaldu zen. Orain, diseinua eraberriturik dator eta hiru hizkuntzatan: Gaztelania, Valentziera eta euskara. Hasierako orrialdean hizkuntza bat aukeratuz gero, hizkuntza horretan agertuko zaigu zenbaki horren edizioa oso-osorik. Halabaina, webguneak duen bilaketa tresnan zerbait bilatuz gero, makinaren erantzunak erdaraz jasoko ditugu. Euskarazko aldean, berri batzuek jatorrizko erdal izenburua dakarte nabigatzaileraren goikaldean, erdaratiko itzulpenak diren seinale.

Consumer
http://www.consumer-revista.com

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner