1999ko apirilak 29, Osteguna | Irristatzen |

Mamorro eta Gaztemaniak

e-zineak ulertzeko bi modu

Mamorro fanzineak aro berri bati ekingo dio maiatzan, ohiko erara –paperean– 12 urtez publikatu ostean, atomoak utzi eta bit-etara pasatuko baita aurrerantzean. Honela, Bilboko fanzineetan ezagunenetarikoa den honek bere izateari utzi eta e-zine edo webzine bihurtuko da. Aldaketa hori aurkezteko jai bat antolatuko dute mamorrotarrek larunbatean Mina Espazion zortzietatik aurrera.

Medio digitalera trantsizioa samurragoa egin dadin, oraingo honetan paperezko zenbaki bat ere publikatuko du Txema Agirianok zuzentzen duen fanzineak, digitala publikatzearekin batera. Atal eta edukiei dagokienez, badirudi lehengoaren berdinak izango direla. Oraindik probatan dabiltza baina jada bisita daiteke Mamorroren webgunea.

Duela gutxi webzineen gainean hitz egin bagenuen ere, sarean publikazioak hartu duen neurria ikusita ezinbestekoa dugu, aurkezpen honen aitzakiarekin ezberdintzapen bat egitea. Webzine etiketarekin dator Gaztemaniak-en edizio digitala, baina Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gazteria sailak bultzatutako argitalpen honek ez ditu ohiko fanzinearen ezaugarriak. Mamorroren edukiekin konparatzeak emango digu horren pista. Gaztemaniak-ek, bestalde, diseinu aldetik oso itxura ona du, baina ez fanzineroa. Profesionalen lana da baina gazteei zuzenduta. Eguneratu gabe dagoen kontzertuen agenda badu ere, oso baliagarria dirudien musika gida dakar, Gipuzkoako musika taldeen kontaktuak, disketxeak, irratiak eta erlazionatutako hainbat informazio.

Mamorro
www.euskalnet.net/agiriano/mamorro/mamorro.htm

Gaztemaniak
http://www.gipuzkoa.net/gaztemaniak/

Musika gida
http://www.gipuzkoa.net/musikagida

Jabi Zabala.

Euskalbanner
Euskalbanner